
Regina Llopis Rivasek, matematika aplikatuetan doktoreak, irabazi du 2017ko Emakume Teknologoentzako Ada Byron saria
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Emakume Teknologoentzako Ada Byron sariaren laugarren edizioko batzorde antolatzaileak eta epaimahaiak 2017ko saria Regina Llopis Rivasi eman dio, Berkeleyn dagoen Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialari Aplikatutako Matematikan doktoreari. Sariduna AIA (Aplicaciones en Informática Avanzada) taldeko presidentea eta kontseilari delegatua da.
Matematikako doktore tituluaz gain, Regina Llopisek era askotako titulazioak ditu: enpresa lidergokoa, enpresa teknologikoen zuzendaritzakoa, goi mailako zuzendaritzako programetakoa, telekomunikazio sozietateetarako eta interneterako enpresa estrategietakoa, baita enpresa munduko emakumeen presentzia eta lidergoariburuzkoak ere. Era berean, hainbat eta hainbat artikulu argitaratu ditu eta foro espezializatuetan parte hartu du.
Ekintzailetzako proiektuetan parte hartu du eta emakumeek teknologia eta enpresa esparruetan egiten duten jardunari babes erabakigarria eskaini dio. Irakaskuntzan, ikerketa-zentroen zuzendaritzan eta enpresa eta startup-en sorreran aritu da Ada Byron sariduna.
Ada Byron sariari buruz
Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria estatu mailakoa da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eratu zuen ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruko emakumeen bokazioak sustatzeko, bizitzako esparru guztietan eta gizarte garapenean teknologiari ospea emateko, eta zeregin eta ikasketa horietan emakumeek gizateria osoari egiten dioten ekarpen eta lorpenei balioa emateko.
Saria 3.000 eurokoa da eta IK4ren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunderen babesa du, baita Basque BioCluster eta Innobasquerena ere.
Aurreko hiru edizioetako saridunak hauek izan dira: Montserrat Meya , adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez , «teknologia semantiko» izenez ezagutzen ditugunetako ikertzailea; eta Nuria Olivar , Telefónicako I + Gko zuzendaria.
Saria apirilaren 5ean eman zen ForoTech 2017 ekitaldiaren inaugurazio-jardunaldian, Deustuko Unibertsitateko paraninfoan.
96 hautagai baino gehiago
Laugarren edizioaren balantzea egitean, epaimahaiak azpimarratu zuen 96 hautagairen erreferentzia jaso eta ebaluatu dituela, 2016an izan zituztenen bikoitza baino gehiago. Hautagai guztiak lanean ari ziren profesionalak ziren, 31 eta 67 urte bitartekoak, irakaskuntza-mundukoak, ikerketa-zentroetakoak eta enpresa-arlokoak.
Aurtengo deialdian, Espainiako enpresa teknologikoetan lanean ari diren hautagai gehiago izan zirela ere adierazi zuen epaimahaiak. Gainera, teknologiaren arloan ekintzaile izan diren emakumeak aurkeztu dira lehenengoz.
Diziplinak kontuan hartuta, dibertsitatea izan da 2017ko hautagaien ezaugarria, bai ikasketei (informatika, bioteknologia, fisika, telekomunikazioak, IKTak edo matematika), bai jarduera profesionalei dagokienez (osasuna, teknologia aeroespaziala, materialak, adimen artifiziala, Big Data, energia nuklearra, garraioa, softwarea edo fabrikazio aurreratua).
Era berean, ebaluatutako 96 hautagaien artean, emakume oso gazteen talde bat zegoela kontuan hartu zuen epaimahaiak, lorpen eta merezimendu profesional handiak lortu dituzten emakumeak, generoa eta teknologia uztartzen dituzten ekimenak gauzatu dituztenak. Antolaketa batzordearen iritziz, emakume horiek aipamen berezia merezi dute, «haien hautagaitzak lagundu egiten baitu emakumezko erreferenteak sortzen eta mundu teknologikoaren inguruko pizgarri positibo izan baitaitezke neskentzat».
Ada Byron sariaren epaimahaia pertsona hauek osatu zuten:
Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa.
Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea.
Begoña Goiricelaya, Gaiker-IK4-ko zuzendari nagusia.
Carmen Vela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkaria.
Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa.
Teresa Laespada Martínez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko diputatua.
Pilar López, Microsoft Ibérica-ko presidentea.
Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria (Eusko Jaurlaritza).
Pedro Esnaola, Basque BioCluster-eko presidentea.
Idoia Maguregui, Sareb-eko bitartekoen idazkari nagusiordea.
