Itzuli

Mutualia eta apirilak 28, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna

Lanaren Nazioarteko Erakundeak gai hau aukeratu du 2017rako: LANEKO SEGURTASUNARI ETA OSASUNARI BURUZKO DATUEN KONPILAZIOA ETA ERABILERA OPTIMIZATZEA

2003az geroztik, apirilaren 28a Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguntzat hartu du Lanaren Nazioarteko Erakundeak; egun horretan, bada, nazioarteko urteko kanpaina bat programatzen da lan segurua, osasungarria eta egokia sustatzeko; laneko istripuen eta lanbide-gaixotasunen biktimak omentzeko; eta segurtasuna eta osasuna xede dituzten politika eta estrategia nazionalak garatu eta ezartzeko lankidetza handitzeko.

Mutualiak Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Egunean parte hartzen du; hain zuzen ere, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 2017ko kanpaina hedatzen eta zabaltzen laguntzen du, eta hainbat ekitaldi antolatzen ditu Laneko Arriskuen Prebentzioaren balioak sustatzeko hain egun berezian.

Hori horrela, apirilaren 28an, «Prebentziozko Begiradak» erakusketa irekiko zaio publiko orokorrari, Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga 6, Bilbo). Inaugurazio-ekitaldia hilaren 27an izango da, eta bertan izango dira Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui andrea, Osalaneko zuzendari nagusi Alberto Alonso jauna eta Mutualiako zuzendari gerente Ignacio Lekunberri jauna. Maiatzaren 25era arte bisitatu ahal izango da erakusketa.

Bestalde, maiatzaren 5ean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko XIV. Argazki Lehiaketaren sariak eta Zero Bidean sariak –laneko ezbeharren tasan emaitza positiboak izan dituztelako nabarmentzen diren enpresei ematen zaizkie– banatzeko ekitaldia antolatu du Mutualiak. Laura Rosillo Cascante andrea izango da ekitaldian, eta «Age Management: Zahartze sortzailearen artea lan-munduan» hitzaldi interesgarria eskainiko du.

Gainera, hain egun berezia ospatzeko jarduerak egiten dituzten enpresa kideekin lankidetzan arituko gara.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren alde egiteko 365 egun kanpaina abiaraziko dugu; hartara, ospakizuna 2018ko apirilaren 28ra arte luzatu nahi dugu.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak urte honetarako aukeratu duen gaiari lotuta (hain zuzen ere, LANEKO SEGURTASUNARI ETA OSASUNARI BURUZKO DATUEN KONPILAZIOA ETA ERABILERA OPTIMIZATZEA), Tubos Reunidos SAren Prebentzioko arduradunari egindako elkarrizketa sartu dugu. Enpresa horrek jaso zuen Mutualiak antolatzen duen Laneko Arriskuen Prebentzioko Ikerketa, Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko azken saria «Industria siderurgikoan ezbehar-tasa murrizteko azterlan estatistikoa eta eredu matematikoa» proiektuarekin.Mutualiak antolatzen duen Laneko Arriskuen Prebentzioko Ikerketa, Berrikuntza eta Garapen Teknologikoko Sariaren VII. edizioko entrega-ekitaldia.  Elkarrizketa: Tubos Reunidos

Esteka honetan kanpainari nahiz hari atxikitako txostenari buruzko informazio gehiago aurkituko duzue.

Eta zuen erakundean, nola ospatuko duzue apirilaren 28a?

Lotutako berriak