
MUTUALIA MUJERES AVENIR 2017 SARIAren banaketa-ekitaldian izan da, RENAULTek gonbidatuta, Berdintasuneko Bereizgarria duten Enpresen Sarearen bidez elkarlanean dihardu eta.
Emakumeen nazioarteko egunaren harira, martxoaren 8an, MUJERES AVENIR Espainiaren eta Frantziaren arteko Adiskidetasunerako Elkarteak, Frantziako Enbaxadarekin elkarlanean, Frantzia eta Espainia Tribuna antolatu zuen. María Luisa de Contes RENAULT Espainiako ordezkari eta Mujeres Avenir elkarte espainiar-frantseseko presidentea aritu zen moderatzaile-lanetan.
2017Ko MUJERES AVENIR SARIAren irabazlea:
Alejandra Miller Restrepo Kolonbiako Emakumeen Bake-bideko liderra
Emakumeen Bake-bideko liderra da Caucan, indarkeria soziopolitikoak gogorren jotako eskualdeetako batean, oinarriko militante gisa hasi bazen ere. Ekonomialaria da, Azterlan Politikoetako maisutzarekin, eta Bake eta Gatazka-kudeaketako doktoregaia Granadako Unibertsitatean (Kolonbia). Gaur egun «bakerako pedagogia» izeneko agenda gidatzen du Caucan, eskualde horretako gobernu-idazkaritzan jardunez.
Irakaslea izan da 15 urtez Caucako Unibertsitateko Ekonomia Sailean eta emakumeen parte-hartze prozesuetan eta eskubideen sustapenean parte hartzen du, baita bakearen eraikuntzan ere; 17 urtetik gora daramatza emakumeen gizarte-mugimenduan lanean.
Lucía del Carmen Cerón Hernándezek, Emakumearen eta Aukera-berdintasunerako Institutuko zuzendari nagusi berriak –urtarrilean izendatu zuten–, eman zion saria.
Sari-banaketa zela eta, MUJERES AVENIR EKITALDI bat antolatu zen, «Nola orkestratu aniztasuna?» izenburuarekin, Claire Gibault, Paris Mozart Orkestraren sortzailea, eta Silvia Sanz, Madrilgo Orkestra Metropolitanoaren zuzendaria, orkestra-zuzendariak hizlari aritu zirena.
Claire Gibault, Paris Mozart Orkestraren zuzendaria
Frantziako Lyongo Opera Nazionalean hasi zuen bere ibilbidea, eta lehen emakume zuzendaria izan zen Scalako Orkestran eta Berlingo Filarmonikoan, eta, horrek, bere garaian, emakume bat zuzendari aritzearen kontrako prentsa-artikuluak eragin zituen.
Zailtasunak zailtasun, aurrera egin zuen. Musika-zuzendari lanetan aritu zen Musica per Roma fundazioan 2000tik eta 2002ra, baita Claudio Abbadoren laguntzaile-lanetan ere, Scalan, Vienako Operan eta Londresko Royal Opera Housen. 2004an, Boloniako Mozart Orkestraren sorreran parte hartu zuen eta, 2007ra arte, zuzendari aritu zen kontzertuetan.
Gaur egun prestigiozko erakunde asko zuzentzen ditu (Londresko Covent Garden, Washingtongo Opera, Parisko Théâtre du Châtelet, Salle Pleyel eta Cité de la Musique, Marseillako Opera, Edinburgoko Jaialdia, Glyndebourneko Jaialdia, etab.).
2004tik 2009ra Europar Batasuneko parlamentaria izan zen, eta Kulturako eta Hezkuntzako Batzordeko eta Emakumeen eskubideen eta Genero-berdintasunaren aldeko Batzordeko kide. 2010az geroztik, Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Kontseiluko Kultura, Hezkuntza eta Komunikazio Saileko kidea da.
SILVIA SANZ Madrilgo Orkestra Metropolitanoaren zuzendaria
Konposizioko eta orkestra-zuzendaritzako irakasle izan zuen Enrique García Asensio maisua, eta, gerora, Helmuth Rilling eta Aldo Ceccato, besteak beste.
1996an Grupo Concertante Talía (GCT) sortu zuen; orkestra- eta abesbatza-musika sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea. Proiektu horrek, egun, hiru orkestra barne hartzen ditu, horietako bat haurrez osatua, 100 ahots baino gehiagoko abesbatza bat eta 2.000 ikasletik gora Madrilgo Sanchinarroko Kultur Zentroko eta Joaquín Turina Musika Zentroko musika-ikastaroetan.
Bereziki nabarmentzekoa da orkestra-prestakuntzan egiten duen lana, Salvadorreko edota Etiopiako orkestra-gazteekin egindako lankidetzak edo trukeak, adibidez.