
Sarean EAEko 62 udalerri daude eta Euskadiko biztanleriaren % 77 dago ordezkatuta; 2018an erreferente izan nahi du Europan
Abenduaren 20an, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) Berdinsarearen hamargarren urteurrena ospatu zuten Bilbon. Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako euskal udalerrien sarearen helburu nagusiak bi dira: «berdintasunaren aldeko sareak ehuntzea» eta tokiko politikak trukatu eta koordinatzea.
Cristina Mendia izan zen jardunaldian MUTUALIAren ordezkari.
Eudelek eta Emakundek 2006an sortu zuten Berdinsarea, udalerrietatik berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak sustatzeko. Sarearen printzipioak hauek dira: «tokiko erantzunaren eraginkortasuna hobetzea, tokiko gobernuen arteko lotura baita, eta, halaber, maila anitzeko sare gisa hobetzea, instituzioen artean».
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak esan zuen garrantzitsua dela erakunde publikoak koordinatuta egotea eta eraginkorrak izatea. Besteak beste, adierazpen hauek egin zituen: «Berdinsarea lankidetza instituzionalak duen garrantziaren adibide garbi bat da» eta «Udalak herritarrengandik gertuen erakundeak dira, eta, beraz, haien berdintasun-politikek ondo koordinatuta eta aholkatuta egon behar dute».
Eudeleko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribek nabarmendu zuenez, «udal-politikak ahalmen eraldatzailea du, berdintasunezkoagoa den gizarte bat eraikitzeko»; horrez gain, eskaera hauxe egin zuen: «udalek etengabe ikas dezatela elkarrengandik». Bestalde, azpimarratu zuen sarea «teknikariena izatetik politikariena izatera» igarotzea gustatuko litzaiokeela. Sareak udaletako teknikari eta politikarien partaidetzarekin funtzionatzen du, hainbat batzorde tematikoren bidez. Alderdi horri dagokionez,
Uribek zera adierazi zuen jardunaldira bertaratutakoak ikusitakoan (alkateak, zinegotziak, berdintasuneko teknikariak, etab.): «gizonezko politikari gutxi ikusten ari naiz, emakumezko politikari asko, eta emakumezko berdintasuneko teknikari asko».
Uribek nabarmendu zuenez, «Euskadi, gaur egun, erreferente bat da Europan berdintasuneko tokiko politiken alorrean». Eta erantsi zuen Berdinsarea «tokiko arloan eredu arrakastatsua eta jardunbide egokia» dela Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren esanetan.
