Itzuli

MUTUALIA «ZIRGARI SARIAK» banatzeko ekitaldian izan da

Matilde, Estefanía, Toñi, Blanca Esther, Virginia, Cristina, Carmen, Laura, Ana Belén, Margaret, M. José, Leidy Yuliana, Gloria, Dolores, Erika… Eta horrelaxe irakurri ziren ozen, banan-banan, hogei emakumeren izenak «Zirgari Sarien» II. edizioan.  Aurtengo genero-indarkeriaren biktimen izenak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k ematen dituzte sari hauek, eta lurralde historiko horretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean diharduten pertsona, erakunde eta enpresen ahaleginak omendu nahi dituzte.

MUTUALIAren izenean ezin izan zen bertan izan Cristina Mendia, gure Berdintasuneko zuzendaria, Santiago de Compostelan baitzegoen Galiziako Xuntak gonbidatuta, eta hortaz Víctor EchenagusiaJesús Ruiz Armiño eta ni neu (Gema Olea) joan ginen martxoaren 7an, emakumearen nazioarteko egunaren bezperan, BBK aretoan ospatu zen ekitaldira.

Baina, zergatik Zirgariak?  Azalpena benetan interesgarria da.

Sari hauek XIX. mende amaierako Zirgariengandik hartu dute izena.  Haien lana salgaiez beteriko gabarrak (burdina, ikatza, artilea, bakailaoa) mugitzea zen. Horretarako, beren gorputzera lotutako soka lodi batzuk (zirgak) erabiltzen zituzten.  Jarduera hori Bizkaian egiten zen, ibaiertzetan, Olabeaga eta Zorrotza artean. Esplotatutako langileak ziren, eta lan gogor eta latza egiten zuten, beren segurtasun fisikoa arriskuan ipiniz. Idiak erabiltzea baino merkeagoa zen.

Zirga metafora bat da ere, hau da, aurrera egitea eragozten dien soka, ahalegin handiagoa egitera behartzen dituena. Izan ere, hain agerikoa ez bada ere, emakumeek soka batetik tiraka jardun behar dugu oraindik ere, eta ahalegin handiagoa egin behar dugu gizonen emaitza bera lortzeko.

Bide batez, aipatu behar dugu duela aste batzuk Bilboko Udalak «Zirgarien kaia» izena eman diola Olabeagako kaiari, emakume horien memoria berreskuratuz eta daukan balioa aitortuz.

Azalpen horiek emanda, hauek izan ziren kategoria desberdinetako saridunak:

  • Ibilbide guztia omentzeko ohorezko saria: Carmen Bernabé.

Deustuko irakaslea, genero-ikuspegia duten azterlan teologikoen aitzindaria.               Gainera, eliza katolikoan eta gizartean oro har berdintasunaren alde egiten duten elkarteak eta erakundeen sorrera eta garapena sustatu ditu.

  • Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko lana: Clara Campoamor elkartea. 

Ibilbide luze eta zabaleko erakunde honek emakumearen eskubideak defendatzen ditu horiek betetzen ez direnean, hala lan-munduan, osasunean, kulturan edo familian nola sexu-delitu eta erasoen biktima diren emakumeen babesgabetasunaren aurrean.

  • Ahalduntzea eta balioak aldatzea: Pikara Magazinea.

2010ean sortua, kalitateko kazetaritza digitaleko proiektu bat da eta genero-ikuspegia eta konpromiso soziala ditu.  Feminismoa da mundua azaltzeko erabiltzen duten tresna.

  • Erantzunkidetasuna eta kontziliazioa: Ex aequo (elkarrekin) Servicios Sociales Integrados taldearentzat eta Ingeteamentzat. 

SSIk ahalduntzeko eta beren lana duintzeko aukera man die emakume langileei, pertsonen arretako zainketa-lanen aitorpenaren bidez.  Gaur egun, 450 langile ditu: lantalde horren % 98 emakumeak dira eta horietako % 34 eskubide guztiak dituzten kooperatibistak. Rol eta eskema patriarkalak saihesten dituen kudeaketa eta lidergo-eredu bat aplikatzen dute.

Ingeteam ingeniaritza elektrikoko enpresa bat da eta 3500 langile ditu batez beste. Familia-erantzukizuneko enpresaren sariak lortu ditu, Berdintasunerako eta Kontziliaziorako barne-planak ditu, bai eta Berdintasun eta Kontziliazio Sail bat ere, enpresaren egituraren barruan. Gainera, malgutasunaren aldeko neurriak hartu ditu denborari, espazioari, baimenei eta lizentziei dagokienez, beste neurri batzuen artean.

Ekitaldiari hasiera eman zion Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak. Bere hitzaldian eskerrak eman zizkien emakume aitzindariei, anonimoak izan zein ez, berdintasunaren bideko lanari ekiteagatik. Alabaina, gogora ekarri zuen BENETAKO berdintasuna, hitz larriekin, lortzeke dugula oraindik eta kristalezko teilatua gainditu behar dugula.  Hau da, soldata-arrakala deuseztatzea, lan egiten dugun erakundeetako hierarkiaren postu gorenetara iristea, familia-erantzunkidetasuna ezartzea, justizia egiteko beste neurri batzuen artean. Era berean, gizonak animatu zituen, emakumeokin bat egin dezaten berdintasun hori eraikitzeko.

 

Unai Rementería Bizkaiko ahaldun nagusiak ekitaldia itxi zuen, esanez asko dagoela egiteko, baina egin egin behar dela.

 

Nabarmentzeko da, halaber, Miren de Miguel euskal sopranoaren emanaldia: Pucciniren Toscaren pasarte bat eta Oi Pello Pello eta Freedom kantuak abestu zituen.

Zorionak sarituei!

Lotutako berriak