2015/10/27
Espainiako Ekografia Sozietatearekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldi hauek, ekografiak lokomozio-aparatuko lesioen diagnostikoan eta tratamenduan egin duen ekarpena aztertzeko, batez ere laneko patologian. Donostia-San Sebastián arlo honetako mediku espezialisten bilgune bilakatu da.
Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzen den sozietateak, Espainiako Ekografia Sozietatearekin elkarlanean, ekografia muskulu-eskeletikoari buruzko nazioarteko biltzarra egin du, eta 300 espezialistatik gora bildu ditu hiru egunez, lan-medikuntza, kirol-medikuntza, traumatologia, erradiologia, lehen arreta, eta lesio muskulu-eskeletiko, eta giltzadurako eta tendoietako lesioei lotutako beste espezialitate batzuetakoak.
Mutualiaren Pakea klinikako mediku laguntzaile Valentín Guerrerok eta klinika bereko zuzendari mediko Javier de la Fuentek zuzendu dute ikastaro teoriko-praktikoa. Bertan, lokomozio-aparatuko lesioen tratamenduan eta diagnostikoan ekografiak egin duen ekarpena, eta muskulu eta tendoietako lesioen diagnostikoan ekografiaren erabileran izan diren azken berrikuntzak landu dira.
Jardunaldien gai nagusia goiko gorputz-adarreko lesioen diagnostikoan eta tratamenduan ekografia nola aplikatu den izan da. Ikastaroarekin batera, hainbat mintegi berezi egin dira aldi berean, goiko zein beheko gorputz-adarreko lesio ugarien tratamendu eko-gidatuan ekografiaren aplikazio interbentzionista lantzeko.
Biltzarrean bi ikastaro desberdin egin dira aldi berean. Bata, teknikan hasi berri diren medikuei zuzendu zaie bereziki; bestea, aurreratuagoa, teknika ondo dakiten fakultatiboei zuzenduta egon da, eta gaurkotasun diagnostiko eta terapeutiko gehiago duten gaiak landu ditu.
Ikastaroaren helburuei dagokienez, honako hauek sustatu nahi izan dira, besteak beste: ekografiaren erabilera, lesio muskulu-eskeletikoen diagnostikoaren arloan; ultrasoinuen teknikaren ezagutza eta ezarpen praktikoa, osasuntsu baina lesio akutu eta kronikoak jota dagoen ehun muskulu-eskeletikoaren azterketan;, eta, orobat, ultrasoinuen teknikaren ezagutza aurreratua, artikulazio handien anatomia ekografikoaren ikasketan, eta infiltrazio, puntzio eta kirurgiako ekografiaren aplikazio terapeutiko eta inbaditzaileetan.