2016/07/15
Erakundeak “bikaintasunaren” aldeko apustua egin du etorkizunari begira
Mutualia Euskadiko lehen mutualitatea da gaur egun. Halaxe adierazten du Batzar Nagusiak gaur Donostian onartu duen 2015eko jarduera balantzeak. Urtsa Errazti presidentea harro agertu da erakundeak oztopoak gainditu dituelako eta gai delako etorkizunari begira “osasun arretaren bikaintasunaren” aldeko apustu irmoa egiteko.
Mutualiaren 2015eko balantzean ikusten da erakundeak 264,4 milioi euroko diru-sarrerak lortu dituela kuoten bidez (Gizarte Segurantzaren kudeaketari dagozkionak) eta 1,7 milioi eurokoak Ondarearen kudeaketaren bitartez. Zifra horien arabera, Gizarte Segurantzaren kudeaketako kontuek 21,4 milioiko emaitza bateratu positiboa izan dute, eta Ondarearen kudeaketakoek 0,7 milioikoa.
Iazko urtea ixtean, Mutualiak merkatu kuotaren %42,1 zeukan, eta Kontingentzia Profesionalean dauden 324.608 laguneko batez besteko afiliazio babestua. Jarduera kontuan hartuta, 142 milioi euro bideratu zituen prestazio ekonomikoen onuradunentzat.
“Asistentziaren kalitateari, bezeroarekiko orientazioari, pertsonekiko konpromisoari eta eraginkortasunaren aldeko apustuari esker posible izan dugu etorkizuna duen proiektu bat aurkeztea” esan du Ignacio Lekunberrik, zuzendari kudeatzaileak, Batzar Nagusiko kideen aurrean.
Horrez gain, aipatu kalitatearen hainbat froga eman ditu: bezero batek batez beste zortzi minutu baino ez ditu itxaron behar arreta jasotzeko, gainera, Mutualiaren 19 zentroak teknologikoki ongi hornituta daude, elkarri konektatuta baitaude historia kliniko digitalaren bidez. Bestalde, Mutualiak Gasteizen izango duen egoitza berriaren lehen harria jarri zen 2015ean, eta erresonantzia magnetikoak egiteko ekipo baterako inbertsioa egin zen Gipuzkoan.
Arreta sistema atseginagoa bultzatzeko asmoz, Gizatiartze Plan bat egin zen, eta 178.000 eurotik gora bideratu ziren prestakuntzara. “Jakina, ezingo litzateke horrelakorik egin Mutualian lan egiten duten pertsonengatik ez balitz” azpimarratu du Lekumberrik; eta iazko kudeaketagatik jasotako aipamenak ere nabarmendu ditu.
Errazti presidenteak garrantzi handia eman dio helburuak bete izanari, nahiz eta ekitaldian nabarmena izan den “funtsezko mugarri” batek, hots, Mutualitateen Lege berriak izan duen eragina. Presidenteak esan du araudia oraindik garatu gabe dagoela eta horrek “ziurgabetasun juridikoa” sortu duela. Dena den, etorkizuna are ilunago ikusten du, “batez ere ezbehar-tasaren bilakaeragatik eta osasun arloko profesionalen eskasiagatik”. Behin eta berriro esan du bikaintasunaren aldeko apustua egin behar dela, eta “agindutakoa bete behar dela”.
Erraztik eskerrak eman dizkie Mutualia osatzen duten 576 langileei beren inplikazioagatik, beti baitaude adi osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko behar diren baloreak zaintzeko eta “ Gizarte Segurantzako Sistemaren sostengarritasuna” bultzatzeko.
Batzarra amaitzeko, QH (Quality Healthcare) sari garrantzitsua erakusten duen xafla desestali da Pakea klinikako sarreran. Sari hori 2015ean jaso zuen Mutualia Clínica Pakea zentroak Instituto para el Desarrollo e Integración de la Sanidad (IDIS) Institutuaren eskutik, eta Jon Darpón Osasun sailburuak bat egin du aitortzarekin.
Mutualistei zuzendu dizkien hitzetan nabarmendu du ekarpen handia egiten diotela Mutualiaren euskal prebentzio eta osasun sistemari eta Euskadin daukan bere klinika sareari, zeina Europa mailako erreferente bat baita, bere iritziz.
Bere hizketaldian gogora ekarri du Pakea klinikak eta Osakidetzak denboran zehar mantendu duten lankidetza, eta esan du modu bakarra dagoela kalitatezko arreta emateko: denon arteko lankidetza lortzea, hau da, erakundeena, enpresena, langileena, eta, bereziki, osasun arloko profesionalena. Aitortza horrekin desestali du ekitaldiko oroigarri-xafla.