- Mutualiak, kudeatzen duen euro bakoitzeko, gizarteari 1,29 € itzultzen dizkio.
- 2025ean 378 000 asistentzia sanitario eman ditu, eta 350 milioi euro ordaindu ditu prestazio ekonomikoetan.
- Asistentzia sanitarioa jaso duten pertsona guztien % 94,4 pozik edo oso pozik daude.
Donostia, 2026ko uztailaren 17a
Mutualia Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuak Ohiko Batzar Nagusia egin du, eta bertan 2025eko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onetsi dira. Lourdes Gondra zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostenaren arabera, aurreko urtean zehar kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunengatiko prestazio ekonomikoen ordainketak nabarmen handitzen jarraitu dute. Prestazio hori Mutualiak ordaindutako prestazio guztien % 63,3 da. Kontingentzia horrek babestutako langileak, ordea, 453 000 afiliatu baino gehiagoren erdia baino ez dira.
Ekitaldian zehar Mutualiak 378 000 asistentzia sanitario eman zituen, eta 350 milioi euro ordaindu prestazio ekonomikoetan. Horrez gain, artatutako pertsonen % 94,4k esan dute pozik edo oso pozik geratu direla jasotako asistentziarekin.
2018az geroztik, Mutualiak urtero kalkulatzen du balio sozialaren monetizazioa, eta adierazle horrek Mutualiak gizartearekin eta han sortzen duen eraginarekin duen konpromisoa islatzen du. 2025ean entitateak 663,4 milioi euroko balio sozial integratua sortu zuen, eta sortutako euro bakoitzeko 1,29 euro itzuli zizkion gizarteari.
2025ean 2021-2025 Plan Estrategikoa amaitu zen, eta plan horretan aurreikusitako ekintza eta mugarri gehienak egitea lortu zen, nahiz eta egoera oso konplexuei aurre egin behar izan zitzaien, esate baterako, pandemiari edo kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasunaren aurrekaririk gabeko areagotzeari. Urtsa Errazti Mutualiako presidenteak 2026-2030 Plan Estrategiko berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, zeinak proiektu handiak barne hartzen dituen, hala nola Donostian eta Bilbon ospitaleak eraikitzea.
Batzar nagusiaren unerik hunkigarriena Urtsa Erraztiren agurra izan da, presidentetza uzten baitu 25 urte eta gero; aldi hori izan da, zalantza izpirik gabe, entitatearen 126 urteko historiako garrantzitsuena. Zuzendaritza Batzordeak karguan ordeztuko dioen pertsona hautatuko du, eta izendapen hori Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak berretsi beharko du.
Batzar Nagusia Mutualiak Donostian duen Pakea klinikako ekitaldi-aretoan egin da, eta ingurumen-neurriak txertatu dira haren diseinuan eta antolakuntzan, Erronka Garbia metodologiari jarraituz; izan ere, prozedura horri esker ahalik eta gehien murrizten da ekitaldiek ingurumenean duten inpaktu negatiboa





















