Itzuli

Mutualiak Eraikenen Prebentzio Astean parte hartu du

Vitoria-Gasteizen dagoen Eraiken Lanbide Heziketako Zentro Integratuak Prebentzio astea egin du, eta Mutualiak hainbat tailer praktiko eginez kolaboratu du, bai eta “Prebentziozko begiradak” argazki-erakusketarekin ere. Jardunaldien xedea izan da lan eremuko arriskuei buruz ikasleak eta irakasleak sentsibilizatzea eta arriskuen prebentzioa sustatzea, portaera egokiak hauspotuz.

Bost egunetan, hainbat gai landu dira ikuspegi praktikotik; esate baterako, Larrialdietako prestakuntza eta entrenamendu programa, suteren bat badago, larrialdiaren lehen bost minutuetan nola jokatu ikasteko, eta bihotz-biriketako bizkortzeari eta bizi euskarriko teknikei buruzko tailerra. Era berean, Mutualiak bi trebakuntza-saio egin ditu:

-Tailer bat, non parte-hartzaileek aukera izan zuten esfortzu fisikoaren eraginez sortutako gerri eta bizkar aldeko lesioak murrizten eta prebenitzen laguntzen duen exoeskeleto mekaniko bat probatzeko.

Adinaren simulatzailearen tailer bat: bakarkako hainbat osagarriz osatutako gailua; adinarekin zerikusia duten muga sentsorial eta motorrek eragiten dituzten zailtasunak simulatzen ditu.

Parte-hartzaileen iritziz, jarduera oso interesgarria eta berritzailea izan zen, eta ikusmin handia sortu zuten, batez ere, exoeskeletoek. Aurrerapen handia iruditu zitzaien eta, etorkizun ez hain urrunean, horrelakoek erraztu egingo dute lana, lesio asko saihestuko baitituzte, eta langile askoren bizi-kalitatea hobetu.

Bestalde, Prebentzio astearen barruan, antzerki-foro moduko bat egon zen. Bertan, Laneko Arriskuen Prebentzioko zikloko ikasleek dramatizazio txikiak egin eta, roleplaying bidez, arrisku psikosozialeko egoerak simulatu zituzten, horren ondoren, egoera aztertu eta zuzentzeko ekintzak eta prebentzio-neurriak proposatzeko. Halaber, esketx laburrak egin zituzten, laneko zenbait istriputan nola jokatu behar zen antzezteko; esate baterako, zer egin bero-kolpe baten aurrean edo ikastetxe bat ebakuatzerakoan. Horretarako, El Pulmón de Gaia antzerki taldearen laguntza izan zuten; umoretik abiatuta, ikuskizun handia eman zuen, prebentzioa ez dela txantxa irakasteko.

El Pulmón de Gaia antzerki taldearen hitzetan, antzerki-foro horren xedea da ikuslea antzerki-jarduerako protagonista egitea, antzezpenean aktiboki parte har dezan. Era horretan, ikusle huts izatetik aktore izatera pasatuko da. Dinamika eta teknika desberdinak erabilita, jorratu beharreko gaia identifikatzen da, eta hainbat antzerki-ekintza garatzen dira, horrelako egoeretan erabakitzeko orduan sor daitezkeen gatazkak errepresentatuz. Gatazka bakoitzaren aurrean, konponbideak bilatu eta antzerki-ekintzetan txertatuko dira.

Laburbilduz, parte-hartzaileak eurak dira antzerki-egoeren gidoilariak, eta egoera horiek berak bizi ditzakete lanean. El Pulmón de Gaiakoek adierazi zuten moduan, “antzezterakoan, bertaratuei izan dezaketen lan ingurunea perspektibatik ikusarazten diegu, hartara, errazagoa izan dadin beraientzat erabaki egokiak hartzea, etorkizunean horrelako egoerak bizitzen dituztenean”. Horri soinu-, argi- eta eszenografia-efektuak gehituz gero, interes handiko giroa sortzen da, benetan aproposa dena transmititu nahi den mezua helarazteko: laneko segurtasuna serio hartu behar da.

Lotutako berriak