Negua datorrenean, funtsezkoa da datozen kondizio klimatiko gogorretarako prest edukitzea gure ibilgailua. Prestaketa egokia erabakigarria izan daiteke segurtasunari eta errendimenduari dagokienez.
Artikulu honetan, neguan zure ibilgailua doi-doi jartzeko aholku batzuk emango dizkizugu.
Hotza eta lehenengo elurteak iritsi aurretik, ezinbestekoa da azterketa orokor bat egitea gure ibilgailuari Egiaztatu balaztak, argiak, haizetako-garbigailuak eta likidoen maila (olioa, hozgarria, balazta-likidoa, etab.), eta, batez ere, pneumatikoen egoera, zeina sarritan ez baita kontuan hartzen, harrigarria bada ere. Elementu horiek guztiak ezinbestekoak dira ibilgailuak funtzionamendu egokia izan dezan neguko kondizioetan.
PNEUMATIKOAK: Autoa negurako prestatzeko azterketa batean, funtsezkoa da pneumatikoen kontrol osoa egitea: marrazkia, higaduraren uniformetasuna eta presioa. Continental pneumatiko-fabrikatzailearen arabera, gidarien heren batek baino ez daki bere ibilgailuko pneumatikoen marrazkiak gutxienez 1,6 milimetroko sakonera izan behar duela.
Pneumatikoen egoerak eragiten ditu neguko istripuen % 30. Testuinguru horretan, RACEren ikerketa batean ondorioztatu zen, Espainian zeharreko ibilgailuen milioi bat azterketa tekniko baino gehiago aztertu ondoren, milioi-erdi ibilgailu baino gehiago izan litezkeela zirkulazioan akats larriekin; hau da, milioi-erdi autok baino gehiagok izango lukete aquaplaning egiteko, bidetik ateratzeko edo elkarren segidako talkak eragiteko arriskua, pneumatikoetako marrazkiaren sakonera egokia ez izateagatik (gutxienez 1,6 mm).
BALAZTAK: Balazten egoera txarra da Espainiako auto-gidarien artean arrazoi mekanikoen ondoriozko istripuen bigarren kausa. Hala, balazta-disko eta -pastillen egoera eta balazta-likidoaren egoera, lotura malgua eta balaztatze-banagailua aztertu beharko lirateke.
ARGIZTAPENA ere alderdi garrantzitsua da. Ibilgailu berriak eguneko argiekin (DRL) datoz fabrikatik; baina ibilgailu gehienek ez dute halakorik, antzinatasuna dela eta. Kasu horietan, oso gomendagarria da argi laburra egunez ere piztea neguan. Izan ere, istripuz hildakoen kopurua % 10 murriztu ahal izango litzateke modu horretan. Adibide bat jartzen aldera, argi laburrak piztuta dauzkan kolore argiko auto bat 240 metrora ikus daiteke, eta argiak itzalita dauzkan auto ilun bat ez da ikusten 70 metrora izan arte. Arratsaldez, argiak piztuta dauzkan auto zuri bat 240 metrora ikusten da, baina argirik gabeko auto ilun bat ez da ikusten ikuslearengandik 30 metrora izan arte.
ARGIAK: Neguan argi-ordu gutxiago daudenez, gauez gidatzea arriskutsua izan daiteke autoaren alderdi teknikoak zaintzen ez badira, hala nola argiak. Funtsezkoa da ongi doitzea beste erabiltzaileei trabarik ez egiteko, eta gogoan izan beharrekoa da faro bat erreta badaramagu isuna jar diezaguketela.
AIRE GIROTUA: Elementu hau ezinbestekoa da autoko kristaletako lurruna berehala kentzeko. Horregatik, aztertzea komeni da, eta, ez badu ongi hozten edo berotzen, gasa kargatu behar zaio, ziurrenik ihesen bat izango baitu sisteman.
IZOTZ-KONTRAKOA: Auto berrietan, ez dago alderdi hori kontrolatu beharrik, zero azpitik gradu askoko eremuetan ibili behar badugu edo autoa halako toki batean utzi behar badugu izan ezik. Auto zaharretan, ordea, komeni da likido hori erabiltzea, ez dadin hozte-sistema hondatu, autoaren parte oso garestiak kaltetuko bailirateke.
BATERIA: Funtsezko elementua da automobiletan, bateria ez badabil autoa ez baita mugituko. Autoak egun asko ematen baditu mugitu gabe, hamar urte baino gehiago baditu eta aurretiaz bateriak narriadura-sintomaren bat izan badu eta martxan jartzeko arazoak izan baditu, bada nahiko arrazoi elementu hori aztertzeko. Abioko pintza tradizionalez gainera, gaur egun bada abiarazle txiki eta merke bat ere; ezinbestekoa izan daiteke kasu batzuetan. MOTORRA PRESTATZEA: Neguan sufritzen dute gehien automobil baten parte mekaniko guztiek. Horregatik da erabat gomendagarria motorra doitzea; batez ere, hamar urte baino gehiago baditu. Bujiak, injektoreak, iragazkiak eta bestelako piezak aztertu behar dira, mailak zaindu behar dira, eta olioa eta likidoak aldatu.
ESKUILAK: Inguruan gertatzen dena ezin hobeto ikustea funtsezkoa da segurtasunez gidatzeko. Hala, haizetako-garbigailuak pieza garrantzitsuak dira, eta egoera onenean izan behar dira beti. Merkeak izanik, haien eraginkortasuna murrizten denean berriak jartzera animatu beharko genuke.
Eta, amaitu aurretik, ZUHAITZEN ORRIEI buruzko ohar txiki bat: Autoa hosto erorkorreko arbola batzuen azpian uzteak haren girotze-sistema honda dezake, haizetakoaren ondoko aireztatze-saretan geratzen diren orriak garaiz kentzen ez badira. Gainera, gogorarazi beharrekoa da itsaspen falta eragin dezaketela galtzadan geratzen direnean.
Ez hartu arriskurik; prestatu zure ibilgailua, eta gozatu neguak errepidera ekar dezakeen edozein zailtasuni aurre egiteko prest izatearen lasaitasunaz.
