nerea garmendia banner
Itzuli

Nerea Garmendia, Mutualiako presidente berria 

  • Mutuaren Zuzendaritza Batzordeak orain arte lehen presidenteordea zena hautatu du, eta lekukoa hartu dio Urtsa Erraztiri entitatearen buru 25 urte egon ondotik. 
  • Mutualia historiako 126 urteetan zuzentzen duen lehen emakumea izango da Nerea Garmendia. 
  • Mutualiaren Zuzendaritza Batzordeko kidea da Plastigaur Gipuzkoako familia-enpresaren ordezkari gisa. 

Bilbo, 2026ko irailaren 14a  

 

Mutualiaren Zuzendaritza Batzordeak Nerea Garmendia hautatu du mutuaren presidente berri. Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak berretsi egin du jada izendapena, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutuentzat ezarritako prozeduraren arabera. 

Garmendia Mutualiaren Zuzendaritza Batzordeko kidea zen 2020ko urtarrilaz geroztik. Urte hartan lehen presidenteordetza ere hartu zuen bere gain, eta kargu horretatik partaidetza aktiboa izan du, batzorde betearazlearen bitartez, entitatearen kudeaketan nahiz gobernuan. 

Presidente berriak Urtsa Erraztiren lekukoa hartu du. Erraztu Mutualiaren presidente izan da azken 25 urteotan eta haren agintaldian mutuak finkatu egin du Euskadiko langileak eta enpresak babesteko erreferentziazko entitate gisako posizioa. 

Nerea Garmendia Mutualiaren Zuzendaritza Batzordeko kidea da Plastigaur enpresaren ordezkari gisa. Gipuzkoako familia-enpresa bat da, eta haren finantza-zuzendaria da orain. Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bere prestakuntzaren osagarri zenbait master-programa egin ditu nazioarteko merkataritzan, laneko arriskuen prebentzioan eta finantza-zuzendaritzan. 

Izendapenak Mutualia historiako 126 urteetan zuzentzen duen lehen emakumea bihurtu du Nerea Garmendia. Gainera, lehendakariorde berria izendatu gabe badago ere, emakumeek bakarrik osatutako batzorde betearazlearen buru izango da. Entitatearen bilakaera erakusten du horrek, eta gobernu-organoetako aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa. 

 

Garmendia presidentetzara iristearekin batera Mutualiaren 2026-2030 aldirako Plan Estrategiko berria ere hasiko da. Heldu diren bost urteetan mutuak zer lehentasun izango dituen zehaztuko du planak. Presidente berriak funtsezko une batean hartuko du bere gain entitatearen lidergoa. Sektoreak, izan ere, arazo konplexuak ere baditu, hala nola kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren gorakada eta profesional sanitarioen falta. 

Lotutako berriak