
Duela gutxi Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (Hirugarren Sala-16-12-01) epai bati buruzko iruzkin batzuk agertu dira prentsan; hain zuzen ere aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen langile bat kaleratzearen kalifikazioari buruzkoa zen epaia eta, kaleratzea deuseztzat jotzen zuen.
Arazoa Bartzelonako Lan Arloko Epaitegi batek mahaigaineratutako arazo prejudizial batek piztu zuen. Auzia iraupen jakin gabeko aldi baterako ezintasunean zegoen langile baten kaleratzeari buruzkoa zen, eta azken kalifikazio hori da benetan kasurako garrantzitsua dena.
Kaleratzea diziplinazko kalifikaziopean egin zen, ez baitzituen enpresak ezarritako itxaropenak lortzen, ezta bere lanpostuan bere zereginak betetzeko enpresak egokitzat jotzen duen errendimendua ere.
Langileak 2014ko apirilean hasi zuen enpresarekin lan-harremana, luzatuz joan ziren behin-behineko kontratuekin. 2014ko urrian laneko istripu bat izan zuen, irrist eginda, eta azaroan kaleratu egin zuten.
Langileak mahaigaineratutako arazoa Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluan ezarritako osotasun fisikorako oinarrizko bere eskubidea urratzean oinarritzen zen eta kaleratzearen benetako helburuak laneko istripuak eragindako bere aldi baterako ezintasun-egoera zuela kausa argudiatzen zuen, eta, beraz, diskriminatzailea zela eta desgaitasunaren kontzeptuarekin lotuta zegoela, Europako 2000/78 Zuzentarauaren arabera.
Langilearen ezinegonari auzialdiko magistratuarena gehitu zitzaion, kaleratzea ez diskriminatzearen printzipioaren, arrazoirik gabeko kaleratzeetan babestearen, lan-baldintza justu eta bidezkoen eskubidearen, gizarte-segurantzako prestazioak izateko eskubidearen eta osasuna babesteko eskubidearen aurkakoa ote zen zalantzan jartzean.
Alegatutako Europako Zuzentarauaren arabera, desgaitasuna bereziki min fisikoek, mentalek edo psikikoek eragindako muga bat da, epe luzekoa, hainbat oztoporen aurrean, dagokion pertsonak bizitza profesionalean osotasunez eta eraginkortasunez parte hartzea eragotz dezakeena gainerako langileen baldintza beretan. Beraz, aldi baterako ezintasunaren kontzeptua definizio horretan sartzen den ikusi behar da.
Interpretazioa «iraunkor» kontzeptuari buruzkoa izango da, arauan ez baita ezer esaten horri buruz, eta, beraz, horren interpretazio autonomo, uniforme eta faktikoa egin beharko baita, hau da, kalifikazio hori langilearen kontra ustez diskriminatzailea den ekintza hori hartzen den unean egingo da, eta une horretan baloratu beharko da bere egoera, amaitzeari edo aldi baterako ezintasuna modu esanguratsuan luzatzeari dagokionez langilea berrezarri aurretik, horretarako dituen proba objektiboetan oinarrituta (dokumentuak eta mediku-ziurtagiriak).
Epai horrekin orain arte erabiltzen zen irizpidea aldatzeko oinarriak ezartzen dira, epai-emaileari aldi baterako ezintasunaren eta aipatutako desgaitasunaren kontzeptuaren arteko baliokidetasuna ezartzeko dituen elementu objektiboen arabera egoera baloratzeko aukera zabaltzen baitio, eta, hala, horren arabera, kaleratzea deuseztzat kalifikatzeko aukera zabaltzen baitu.
Hain zuzen, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 1eko Epaiaren ondorengo egoera juridikoa onartzeari utzi gabe, kaleratzeko unean ezintasunaren iraupenari buruzko nahikoa zantzu ez emateak, duela gutxi, bidegabekotzat eta ez deuseztzat kalifikatzea ekarri du aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen langile bat arrazoi objektiboengatik kaleratzea, Kordobako Lan Arloko Epaitegiak 2017ko otsailaren 15ean emandako epai batean (AS/2017/107).
María Urizar, Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua
