-
2017/07/19

Norbere Babeserako Ekipoak –lan-arriskuen prebentzioaren azken baliabidea– presente egoten dira hainbat egoeratan. Funtsezkoa da ekipo horiek era egokian aukeratzea eta erabiltzea, eta, horretarako, CE markaren atzean zer dagoen jakin behar da (CE markak ekipo bakoitzak dagokion araudia betetzen dela bermatzen du).
89/686/EEE Zuzentaraua, norberaren babeserako ekipoen (NBE) merkaturatzeari buruzkoa, ikuspegi berriko lehenetako zuzentaraua izan zen, 1407/1992 Errege Dekretuak transposizio bidez Espainiako ordenamendu juridikoan jasoa. Zuzentarau horretan, erabiltzaileen babesa bermatu ahal izateko, ekipoak merkaturatzeko bete beharreko segurtasun- eta osasun-baldintzak ezartzen dira, hala nola segurtasun-oinetakoenak, babes-jantzienak, kaskoenak, betaurrekoenak, eskularruenak eta abarrenak.
2008an, Europar Batasuneko merkatuan produktu seguruen zirkulazio askea arautzen duen lege-esparru berria (NLF) argitaratu zen, eta, horren ondorioz, 89/686/EEE Zuzentaraua ordeztuko duen 2016/425 (EB) Erregelamendua aldarrikatu da. Erregelamendu horretan egin diren aldaketa asko azken 20 urteetan bi zuzentarauak aplikatzean metatutako eskarmentuaren ondorio dira, eta aldaketa horien helburu nagusia norbere babeserako ekipoen erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzea da.
Hauek dira erregelamenduak dakartzan aldaketa nagusiak:
- Lege-tresna: erregelamendu bat zuzenean aplika daiteke; zuzentarauak, berriz, transposizio bidez jaso behar dira araudi nazionalean.
- Aplikazio-esparrua: berotik babesteko diseinatutako eta fabrikatutako erabilera pribatuko norberaren babeserako ekipoak sartzen dira.
- Funtsezko osasun- eta segurtasun-baldintzak: aldaketa txikiago batzuk planteatzeaz gain, norberaren babeserako ekipoek diseinatu ziren helburuaren esparruan eskaini behar dute babesa, eta ez arrisku guztien kontrako babesa.
- Arriskuen kategoriak: sinplifikatu egiten dira, eta, horretarako, norberaren babeserako ekipoek ekiditen dituzten arriskuetan eta arriskuen zerrenda esklusiboetan soilik oinarritzen dira definizioak.
- Adostasuna ebaluatzeko prozedura: NLFren moduluetara egokitzen dira.
- Definizioak: NLFn jatorria duten izaera horizontaleko sarrera berriak.
- Operadore ekonomikoak (fabrikatzaileak, baimendutako ordezkariak, inportatzaileak, banatzaileak) eta haien betebeharrak: NFLn jatorria duten deskribapen xeheagoak.
- Arau bateratuak eta onespen-presuntzioa: normalizazio europarrari buruzko 1025/2012 (EB) ERREGELAMENDUAREN aipamena egiten da.
- CE marka: 765/2008 (EE) ERREGELAMENDUAREN aipamena egiten da.
- Jakinarazpena egin zaien erakundeak: baldintza xeheagoak eta NLFtik eratorritako prozedurak eransten dira.
- Merkatuaren zaintza eta babes-prozedura: jarduerak indartu eta prozedurak sinplifikatzen ditu.
- NBE batzordea eta gauzatze-ekintzak: 182/2011 (EB) ERREGELAMENDUARI buruzko aipamena; bateratutako arauen aurkako eragozpen formalei buruz, produktuen aurkako babes-klausulei buruz eta jakinarazpena egin zaien erakundeen eskumena zalantzan jartzeari buruz batzordeak hartzen dituen erabakiekin lotutakoa.
- EBren onespen-adierazpena: NFLn jatorria duten eredua eta eduki xeheagoa eransten dira.
- Motari buruzko EB azterketaren ziurtagiria: 5 urteko iraungitze-data eta baliotasun-baldintzak ezartzen dira, NLFrekin bat etorriz.
Norberaren babeserako ekipoei buruzko erregelamendu berria aplikagarria izango da 2018ko apirilaren 21etik aurrera, jakinarazpena egin zaien erakundeei jakinarazpena egiteari buruzko artikuluak (20. artikulutik 36. artikulura), NBE batzordeari buruzkoa (44. artikulua) eta zigorrei buruzkoa (45. artikulua) izan ezik. Lehen bi kasuetan, 2016ko urriaren 21ean izango dira aplikagarriak, eta zigorrei buruzko artikulua, berriz, 2018ko martxoaren 21etik aurrera.