Itzuli

Nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizatea: Gabon osasuntsuen zutabeak

Gutxi geratzen da Gabonetarako; gizarteko eta familiako ospakizunekin lotutako garai horretan, ohiko errutina alde batera utzi eta jan-edanari eta bizitza sedentarioari ekiten diegu. Baina, posible al da gehiegikeriak alde batera utzi eta Gabon osasungarriak izatea?

Mutualia Osasuntsua taldeko kide eta mediku Carlos Sarabiak baieztatu digu Gabonak eta osasuna bateragarriak direla. Kontua da oreka bilatzea hiru zutabe nagusi hauen artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta norberaren ongizatea.

Carlos Sarabiaren gomendioak entzun ditzakezu podcast formatuan (gaztelaniaz) edota elkarrizketa osoa irakur dezakezu hemen.

Jan-edan handirik gabeko Gabonak egin al daitezke? Nola planteatu dezakegu gehiegikeriarik gabeko menu bat?

Egin daiteke, baldin eta menu orekatu eta askotarikoa diseinatzen badugu, zeinetan sasoiko produktu freskoak erabiliko ditugun, frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak barne hartuta eta, ahal dela, plantxan, lurrunetan edo labean eginda, saltsak eta gisatuak alde batera utzita, digestio arinagoa izateko eta gure organismoko defentsak gehiagotzeko. Halaber, garrantzitsua da azukre gehiegi ez jatea. Guztioi gustatzen zaizkigu gozo-gauzak, baina hobe bakarra izatea! Gabonetako postre tradizional gehiegi ez jaten saiatu behar dugu, eta gogoratu behar da sasoiko frutarekin batera jan daitezkeela, esaterako, laranjarekin, C bitamina ematen baitigu eta efektu asegarria baitu.

Alkoholdun edariek mahai asko betetzen dituzten egun hauetan, nola kudeatu dezakegu halakoen kontsumoa?

Ez da gehiegi edan behar. Alkohola neurriz edaten saiatu behar dugu eta, betiere, otorduetan, kaloria hutsak besterik ez baititu ematen, eta kalteak eragin baititzake digestio -eta nerbio- sistemetan, epe laburrean. Gainera, ez da ahaztu behar gehiegi edateak ajea ekarriko digula hurrengo egunean… Horregatik, garrantzitsua da ura edan eta hidratatzea. Heste-igarotzea errazten du eta janagatiko antsietatea murrizten du. Egunean 6-8 edalontzi edatea gomendatzen da edo, bestela, zukuak, infusioak edo zopa naturalak hartzea, horiekin ere hidratatuta egongo baikara.

Jarduera fisikoa ere egin behar da. Nolako jarduerak egin ditzakegu, normalean egin ohi ditugunen ordez?

Ospakizunak ditugun egunotan, jarduera fisikoaren eguneroko errutina apurtzen dugu, baina badaude bideak sedentarismoa alde batera uzteko. Oraindik ez dituzula opari guztiak erosi? Ba jantzi zure oinetako erosoenak, eta zoaz erritmo bizian hiri osoan oinez. Eta eskailerak igo eta jaisten badituzu, are hobeto. Ariketa aerobiko aparta da; kaloriak erre eta tentsioa eta kolesterola jaisteaz gain, hesteak erregulatzen laguntzen du. Eta kementsuenek izotz gainean patinatu edo mendiko martxa egin dezakete, urte berria hasteko.

Egun hauek emozio biziak eta antolakuntzako estresa ekar ditzakete. Zer jarduera egin ditzakegu gure ongizate emozionala orekatuta mantentzeko?

Nutrizioaz eta jarduera fisikoaz gain, ez dugu alde batera utzi behar gure ongizatea. Egun hauetan gure ongizate emozionala orekatuta mantentzeko, hoberena da ekitaldi bakoitza aurretiaz planifikatzea, gure hurbileko pertsonez inguratzea, hizketan aritzea, barre egitea eta ingurukoekin aire zabalean paseatzea. Horrek guztiak haizeberritzen eta arterietako tentsioa jaisten lagunduko digu.

Eta lotarako ohiturak?

Oso garrantzitsua da, halaber, atsedeneko ohitura onak izatea. Jaietako egun batzuetan, ordutegiak aldatzen ditugu eta lotara joateko ordua atzeratzen dugu. Osasunaren Munduko Erakundeak egunean gutxienez 6 ordu lo egitea gomendatzen du, eta egokiena 8 ordu egitea da. Eta, ezin bagara lokartu, ariketak, meditazioa edo arnasketa-teknikak egin edo bainu lasaigarri bat har dezakegu.

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK