
Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak 2016ko ekitaldian onartutako eta urte honetako otsailean ezarritako beste gizarte-laguntza kolektibo bat.
Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren jarduerak aintzat hartuta, eta Osakirol Proiektua –GaituzSport Fundazioak 2016ko irailaren 14an aurkeztu ziguna– balioetsi ondoren, Batzordeko kideek proiektu hau onartu egin dute, Mutualiako pentsiodunen alde. Osakirol Proiektua desgaitasun fisikoa, sentsoriala, fisiologikoa edo mentala –lan-istripuz edo -gaixotasunez sortutakoa– duten pertsonei zuzendutako osasun- eta gizarteratze-proiektu bat da, Jarduera Fisiko Egokitua baliatzen duena.
Jarduera fisikoa jarduera fisiko egokituaren berezko eskakizunetara ondo egokitutako instalazio publikoetan garatuko da, beste erabiltzaileekin batera, honako zentro hauetan:
• Bilbo: San Inazioko kiroldegia (Bilbao Kirolak)
• Donostia: Hegalak Kirol Zentroa Hegalak Zabalik Fundazioa
• Gasteiz: Almudena Cid Zentroa Zuzenak Fundazioa
Programaren helburu nagusia honako hau da: berregokitze funtzionalari eta gizarteratzeari laguntzea, osasunaren kontzeptu orokor batetik (errekuperazio fisikoa, psikikoa eta gizarte-harremanei dagokiena). Hori guztia diziplina anitzeko ikuspegiarekin.
Aisialdi atsegina eskaini nahi da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatibo arduradunek proposatzen dituzten Mutualiako pentsiodunei beren gaitasun fisiko eta mentalei eusten eta hobetzen lagunduz, autoestimua handituz eta gizarteratze-prozesua sustatuz.
Kirol-jarduera gehienez 10 pertsonaz osatutako taldeetan egingo da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatiboen kontrolarekin eta jarraipenarekin. Hasiera batean, Lurralde Zuzendaritza bakoitzean gutxienez talde bat osatuko litzateke urtean, eta gastuen hasierako aurrekontuak programan agertzen diren kontzeptu guztiak bilduko lituzke (18.000 € inguru urtean), baina gizarte-laguntzako prestazio bat denez, Mutualiara atxikitako –edo bere babespeko– desgaitu bakoitzari agindutako eta bakoitzak gauzatutako jarduera fisikoaren arabera indibidualizatuko da gastua.
Otsailean osatu dira ekainera arte Lehen Osakirol Proiektuan parte hartuko duten lehen hiru taldeak. Horrela, ezintasun iraunkorra duten sei pentsiodun parte hartzen ari dira Arabako Lurralde Zuzendaritzan, beste sei, Gipuzkoakoan eta beste zazpi, Bizkaikoan. Otsailaren 13an ekin zioten jarduera fisikoari, baina desgaitu gehiago sar daitezke taldeetan, talde bakoitzean hamar partaideko kopurua osatu arte.
Ekintza kolektibo honekin espero dugu lortzea Sir Ludwig Guttmannek duela urte asko adierazitakoa, eta guk Proiektu Termaletako desgaituengan atsegin handiz antzeman duguna:
«Errehabilitazio fisikoan eta psikikoan funtsezko elementua da kirola, desgaitasuna duen pertsonak bere buruarekiko konfiantza berreskuratzeko, adimena garatzeko eta lehiakortasun- eta adiskidetasun-espiritua sustatzeko».
(Sir Ludwing Guttmann, 1948)
