2018/12/12
Aernnovak Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren Mutualia Saria jaso zuen Mutualia Sarien 8. edizioan, “Zaindu” programari esker. Andrés Páramo, Aernnovaren lan arriskuen prebentzioaren kudeatzaileak, proiektuaren gakoak hurbildu dizkigu.
Zer da Aernnova? Zein da bere jarduna?
Aernnova aeroegituren diseinuan eta fabrikazioan lider den enpresa da; hegoak, egonkorgailuak eta fuselajeak egiten ditu, hala metalez nola konpositez, hegazkin fabrikatzaile nagusientzat (OEMak). Gasteizen du egoitza nagusia, eta 20 instalazio eta ingeniaritza-bulego ditu 9 herrialdetan, fabrikazioko 200.000 m2 baino gehiagorekin eta guztira 4.700 langilerekin, horietatik 1.000 baino gehiago ingeniariak.
Prebentzioaren zer ikuspegi dauka Aernnovak?
Kalitate sisteman integratutako Prebentzioaren kudeaketa sistema bat du ezarrita Aernnovak; horrek Aernnovaren sozietateen kokapen nazional eta nazioartekoak hartzen ditu aintzat, estandar homogeneo eta exijentzia handikoak ezartzen ditu denentzat, eta, horretarako, Prebentzioko kontu-ikuskaritzako barne sistema (propio) bat garatu eta ezarri du, Aernnova estandarren betearazpen maila ebaluatzeko haren sozietate guztietan. Aernnovak lehentasuna ematen dio laneko arriskuen prebentzioari; horretarako, prebentzio sistema propioa du (erkidetua) bere sozietate guztientzat.
Azalduko al diguzu “Zaindu” proiektua?
Laneko arloan langileen osasunaz modu integralean arduratzeko asmoa duen programa da Zaindu. Pertsona bere osasunarekin konprometitzea bilatzen da (subjektu aktiboa), eta hainbat jarduera proposatzen dira adierazitako konpromiso horren arabera. Abiarazlea Osasunaren Behaketa zerbitzua da; tresna aldizkako azterketa medikoak dira. Arrisku adierazle batzuk definitu ziren, eta emaitza horietan oinarrituta galdetzen zaio pertsonari zer egin nahi duen bere osasuna hobetzeko, zer helburu planteatzen dituen eta, azkenik, zer konpromiso hartuko lukeen. Haren helburuen eta haren konpromisoaren arabera, jarduerak proposatzen dira: Aktibazio Fisikoa, Ohitura Osasungarriak edo Ongizate Emozionala.
Nola antzeman zenituzten behar horiek?
Zaindu 2007an hasitako lan baten bilakaera da; orduan, Lesio Muskulueskeletikoen (LME) arazoari bestelako modu batez egin genion aurre; une hartan horixe zen triskantza handiena Laneko Arriskuen Prebentzioan (LAP). Urte hauetan guztietan asistentzia mediko bikaina izateko lan egin dugu, pertsonek beren osasunari buruz duten pentsamoldea aldatzen saiatu gara, osasunaren aktibo nagusia norbera delako kontzientzia hartzea bultzatzen, eta, azkenik, aktibazio fisikoko talde jarduerak proposatu dira. Urte hauetan LMEak ariketa fisikoaren bidez sendatzen emaitza positiboak lortu ditugunez, aukerarik logikoena zen esku-hartzearen esparrua eta irisgarritasuna langile guztiengana zabaltzea, osasunaren kontzeptu integralago batez.
Nola erantzun dute langileek?
Lehen urte honetan, enplegatuen gehiengo zabal batek osasunaren aldeko jarduerak egiteko konpromisoa adierazi du.
Zer hobekuntza igarri dituzue ezarri zenutenetik?
Esku artean ditugun eta proiektu hau indartu duten emaitzak dira LME-ek 2007az geroztik izan dituzten murrizpenak; horiei esker, baieztatu dezakegu osasunean inbertitutako euro bakoitzak enpresari 3 eta 4 euro arteko itzulkina dakarkiola.
Beste enpresa batzuetan ezar daitekeela iruditzen zaizue?
Dudarik gabe, enpresa gehiagok ezarri duten programa da honakoa, eta beti da programa arrakastatsua, proiektuarekiko pasioa duen talde mediko eta tekniko batekin landuz gero.