Gorputz eta buru azkartasuna
Pala ere historia luzeko gure beste kiroletako bat da. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik modalitate ikusgarri honen abantailen berri emango dugu; larruzko pala (erakargarria eta ikusgarria, abiaduraren ondorioz), pala motza (espezialitate fisikoagoa) edo gomazko paleta (gero eta neska gehiago ari dira hemen) modalitateak ditu. Euskal elkarte askok hartzen dute parte txapelketetan urte osoan zehar; joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan zabaldu zen pilota modalitate hau, eta gaur egun bere erakarmena berreskuratu du espezialista handiekin eta zaletu ugarirekin; izan ere, astero aritzen dira tradizioa duen betiko kirol honetan. Frontoia da palaz aritzeko santutegia, eszenatoki bikaina, eta laburra edo luzea izan daiteke. Gure lurraldeetako ia udalerri guztietan dago kirol honetan aritzeko instalazioaren bat, eta pisua galtzeko kirol bikaina da, palan arituz gero gantz ugari erretzen baita. Ordubetez arituta 200 kaloria baino gehiago galdu daitezke, eta, intentsitatearen arabera, gehiago ere bai, espezialitate honetan askotan binaka aritzen baita, atzelari eta aurrelari batekin bikote bakoitzean. Gainera, gurean hainbesteko tradizioa duen kirol hau ona da zirkulazioa, erresistentzia eta malgutasuna hobetzeko. Eta hanketako muskuluak indartzeko ere bai. Eta honi guztiari jarduera fisiko ona gehituz gero, onurak are handiagoak izango dira. Palan aritzea intentsitate handiko kirola da, pilotari bakoitzak egindako esfortzuaren eta partidu bakoitzaren arabera; pilotariek mugimendu batzuk egin behar izaten dituzte, eta besoak berotu behar izaten dituzte partidua hasi aurretik, lesioak saihesteko. Palak beheko trena indartzen du, gluteoak eta abdominalak ere bai, eta pilota jotzeko prestatzen den bakoitzean tentsioan jarri behar izaten da, frontisetik eman ahal izateko. Kirol osoa da, eta adin guztietako kirolarientzat egokia, gorputz osoa erabiltzen baita. Ezin ahaztu egiten diren lasterketa-saioak, joan-etorrietako abiadura, kokapena, erreflexuak, jotzeko indarra edo teknika eta pilota jasotzerakoan eta pilotaren ibilbidea irakurtzerakoan behar diren oreka eta koordinazioa. Hori dela eta, jokaldi bakoitza eta tanto bakoitza gauzatzeko gorputz eta buru bizkorra izatea lagungarria da, eta frontoiaren ikuspegi espaziala izatea ere bai.
Erresistentzia fisikoa ere garatzen da partiduaren iraupenaren arabera; beraz, esfortzua dosifikatzen ikasten da. Trebezia ere kontuan izan behar da frontoian palan jokatzerakoan, kirol osoa denez, gaitasun bat baino gehiago sustatzen baititu. Lehen aipatu dugun malgutasuna ere hobetu egiten da, pilota batetik bestera aldea baitago botea egiteko orduan, bai altuerari bai abiadurari dagokionez, eta, horren ondorioz, posturaz aldatu behar izaten da kolpe bakoitzean. Indarra ere funtsezkoa da tantoak lortzeko. Azken finean, palan jokatzea ariketa kardiobaskular bikaina da, eta aldiro jokatzea osasuntsua da bihotzarentzat, abantaila fisikoak eta psikologikoak ditu, odoleko presioa eta nerbioetako tentsioa jaisteaz gain. Frontoia eta dibertsioa zain dituzue. Pilota joko unibertsala da, eta jokoa bere ezaugarrietara egokitzeko meritua izan du, aldaketak ekarri ditu, pilotan jokatzeko mota berriak sortu dira, bai eta instalazio eta jokorako material berriak ere.
