
(Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren 2018ko urtarrilaren 16ko Epaia. 370/2017 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)
Epaiak besteren konturako zerbitzuak, lanaldi partzialean eman zituen emakume langile baten kasua aztertzen du (lanaldi osoaren % 50agatik zehazki), non lan-harremana kausa objektiboengatik amaitu zen.
Langabeziagatiko prestazioaren eskaera aurkeztuta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak horretarako eskubidea aitortu zion, 720 eguneko aldi baterako, baita, hasieran, eguneko 18,12 euroko prestaziorako eskubidea ere. Zenbateko hori ateratzen zen % 50eko partzialtasun-ehunekoa aplikatuz ardurapeko seme-alabarik gabeko onuradunentzat ezarritako hileko gehieneko zenbatekoari. Orduan, izan ere, 1.087,20 eurokoa zen (errenten adierazle anizkunak –IPREM adierazleak– orduan indarrean zuen zenbatekoaren % 175a, seiren bat handiagotuta).
Langile horrek ebazpen horren aurkako demanda aurkeztu zuen, eta partzialtasunagatiko ehunekoa ezabatzeko eskatu. Lan-arloko epaitegiak ezetsi zuen, eta erabaki hori Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak berretsi zuen 2016ko azaroaren 30ean emandako epaian (1636/2016 errek.).
Langileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zuen, errekurritutako epaiaren eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2014ko apirilaren 21ean (1555/2013 errek.) emandakoaren artean dagoen kontraesana alegatuta. Errekurritutako epaiaren iritziz GSLOren 211.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (testu bateginaren oraingo 270.3 artikulua) langabeziagatiko prestazioaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko dagokion partzialtasun-ehunekoa aplikatu behar da, eta alegatutako epaiak, berriz, ulertzen du arau hori bakarrik jartzen dela indarrean erabateko langabeziarik ez dakarren lanaldi partzialeko enplegua galtzen denean, baina ez lanaldi partzialeko lana galduta langabezia erabatekoa denean.
Auzitegi Gorenak, 2018ko urtarrilaren 16ko epaiaren bidez, berretsi egiten du Salak 2016ko abenduaren 27ko epaian (3132/2015 errek.) jada bateratutako gai horretako doktrina. Epai hark ezarri zuenez, lanaldi partzialeko lan bat galtzekotan partzialtasun-ehunekoa ez da oinarri arautzailearen gainera proiektatu behar, prestazioaren gehieneko eta gutxieneko mugen gainera baizik. Ehuneko hori, bestalde, oinarri arautzailearen zenbatekoa zehazten duen azken 180 eguneko aldian lan egindako orduen batezbestekoaren arabera zehazten da. Horrenbestez, partzialtasun-ehunekoa langabeziagatiko prestazioaren gehieneko eta gutxieneko mugen gainean proiektatu behar da lanaldi partzialeko enplegua galduz gero, hau da, prestazioaren gehieneko zenbatekoa zehazteko orduan IPREM adierazlea hartu behar da kontuan lan egindako orduen arabera.
Epaiak adierazten du, halaber, lege-aurreikuspenak ez diola kontra egiten 97/81 Zuzentarauaren 4. klausulari (LCEur 1998, 124), lanaldi partzialeko lanari buruzko esparru-erabakiari buruzkoari, eta ez dela diskriminatzailea legezko mugak jartzea prestazioak jardueraren araberako modu proportzionalean jasotzeko. Horrez gain, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak lanaldi partzial bertikaleko lana prestazioaren iraupena erabakitzeko zenbatzeari dagokionez emandako erabakien aurkakoa ere ez da Auzitegi Gorenaren iritziz, hemen planteatutako auziak ez baitu loturarik zenbaketa horrekin prestazioaren iraupena erabakitzeko, haren gehieneko zenbatekoarekin baizik, erreferentziako aldian lan egindako orduen kopurua kontuan hartuta.
Kepa Bilbao
Aholkularitza Juridikoa
