2016/10/28
Horixe da «BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA» mintegi teknikora joan zirenek ateratako ondorioetako bat. Mutualiak antolatu zuen, joan den urriaren 25ean egin zen eta problematika honekin lotutako guztia ondo ezagutzen duten itzal handiko hizlariek parte hartu zuten.
Mintegia Bizkaiko Gurutze Gorriaren Institutuko egoitzan egin zen eta parte-hartzearen aldetik arrakasta handia izan zuen. Gure enpresa kidetuek langile bereziki sentiberak beraientzat segurua eta osasungarria den laneko ingurune batean integratzearekiko konpromisoa eta interesa daukatela erakusten du horrek.
Jardunaldia Mutualiako Prebentzio saileko arduradun Mª Mar Crespo Millan andreak aurkeztu zuen, eta besteak beste, Bartzelonako Unibertsitateko Laneko Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle Raquel Serrano Olivares andreak parte hartu zuen. Berak gaiaren inguruko araudiaren eta doktrina judizial nagusiaren azterketan sakondu zuen. Bere hitzaldian nabarmendu zuenez, arauzko erregulazioan ezberdintasunak daude, eraginpeko kolektibo bereziki sentiberaren arabera, beharrezko prebentzio-neurrien zehaztasun-mailari dagokionez.
Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren (LSHIN) izenean, Institutuko Idazkariordetza Teknikoko goi-mailako teknikari Marta Muñoz Nieto-Sandovalek hitz egin zuen. Enpresa guztiek langile bereziki sentiberak (LBS) identifikatu behar dituztela azpimarratu zuen, eta horretarako, osasuna zaintzeko ebaluazioetako emaitzetan, mutuen gaixotasun profesionalen adierazpenetan eta langileengan oinarritu behar dutela. Nabarmendu zuenez, enpresek prebentzio inklusiboa egin behar dute, langile bereziki sentiberak laneko ingurunetik ez ateratzeko. Horrez gain, enpresek dagokion LBS kolektiboaren arabera kontuan hartu beharreko neurriak eta arauak berrikusi zituen.
Atsedenaldiaren ondoren, Bizkaiko Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaile José Antonio Carnero Fernándezek hitz egin zuen. Berak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren rola azaltzeaz gain, LBSen araudiaren interpretazioari eragiten dioten zailtasun zehatzak nabarmendu zituen eta horren inguruko zenbait epai eta kontsulta komentatu zituen.
Jardunaldia ixteko, Taller Usoa Lantegia SAUko Giza Baliabideen arduradun Mª Ángeles Chaparro Domínguez andreak hitz egin zuen. Bere enpresan pertsona bereziki sentiberak hautatu, hartu, sartu eta babesteari buruzko esperientzia praktikoaz mintzatu zen. Langileen % 90 baino gehiago desgaituak izanda lanpostuak behar bezala egokitzea lor daitekeela eta langileak seguru, osasuntsu eta lan-munduan beren tokia aurkitzeagatik pozik egon daitezkeela transmititzea lortu zuen.