57E2013.jpg
Itzuli

«Prebentzio-baliabidearen» figura, eskumenak, eginkizunak eta erantzukizunak (administratiboa, zibila eta penala)

– Gure araudian ez da prebentzio-baliabidearen figuraren definiziorik ematen, baina azaltzen da prebentzio-baliabidetzat hartzen direla enpresak izendatutako eta prestakuntza- eta gaitasun-maila egokia duten eta beharrezko bitartekoak eta ezagutzak dituzten pertsonak. Horrez gain, pertsona horiek arrisku bereziko lanakgauzatzen dituzten eta lan-baldintzak aldatzen diren enpresetan prebentzio-baliabidea izatea eskatzen duten prebentzio-jarduerak betetzen direla zaintzeko bezainbeste dira (Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren definizioa), eta, oro harenpresako langile bat izaten da, nahiz eta bertako edo kanpoko Prebentzio Zerbitzuko teknikari bat ere izenda daitekeen prebentzio-baliabide (Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 32bis artikulua). Honako hau azaltzen du Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 22bis artikuluaren 4. zenbakiak:

«4. Presentzia prebentzio-neurri gehigarri bat da eta prebentzio-jarduerak behar bezala betetzen direla zaintzea du helburu, horien premia zehazten duen egoeratik eratorritako arriskuekin lotuta eta arrisku horien kontrol egokia lortu ahal izateko.

Zaintza horren barnean, plangintzan aurreikusitako prebentzio-jardueren eraginkortasuna egiaztatuko da, baita jarduera horiek aurreikusi nahi diren arriskuekin bat datozela edo aurreikusi gabeko arriskuen agerpenarekin bat datozela ere, horiek prebentzio-baliabideak behar izatea zehazten duen egoeratik eragiten direnean».

– Bere eskumen eta eginkizunei dagokienez, honako hau adierazten dute Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 22bis artikuluaren 5. eta 6. zenbakiek:

«5. Zaintzaren emaitza gisa prebentzio-jarduerak behar bezala betetzen ez direla ikusten bada, presentzia esleitzen zaien pertsonek:

a) Prebentzio-jarduerak modu egokian eta berehala betetzeko argibideak emango dituzte.

b) Egoera horiek enpresaburuari jakinarazi beharko dizkiote, hark hautemandako gabezia horiek zuzentzeko beharrezko neurriak har ditzan, horiek oraindik konpondu ez badira.

6. Zaintzaren emaitza gisa prebentzio-neurrien gabezia, gutxiegitasuna edo egokitzapenik eza hautematen bada, presentzia esleitzen zaien pertsonek enpresaburuari jakinarazi beharko dizkiote egoera horiek. Izan ere, hark gabezia horiek zuzentzeko beharrezko neurriak hartu eta prebentzio-jardueraren plangintza aldatu beharko du berehala, eta hala badagokio, baita lan-arriskuen ebaluazioari dagokionez ere».

Beraz, prebentzio-baliabideak ez du ez ahalmen ez eskumenik segurtasun-neurriak ezartzeko, segurtasun-neurriak aplika daitezen agintzeko, erabakiak hartzeko ezta ekintzak gelditu edo gauzatzeko ere. Aldiz, bere eginkizunen, eta, ondorioz, bere betebeharren artean, egoeraren arriskuekin lotutako prebentzio-jarduerak behar bezala betetzen direla zaindu behar du, bai eta aurreikusitako prebentzio-jardueren efikazia eta

 

 

 

jarduera horiek aurreikusi nahi diren arriskuekin edo aurreikusi gabeko arriskuen agerpenarekin bat datozela egiaztatu ere.

Eta, prebentzio-jarduerak behar bezala betetzen ez direla ikusi edo prebentzio-neurrien gabezia, gutxiegitasuna edo egokitzapenik eza hautematen badute, beharrezko argibideak eman eta enpresaburuari jakinaraziko dizkiote egoera horiek, hark hautemandako gabezia horiek zuzentzeko beharrezko neurriak har ditzan.

– «Prebentzio-baliabide» batek izan dezakeen erantzukizunari dagokionez, azaldutako betebeharretatik abiatuta eta oinarrizko printzipio gisa, prebentzio-baliabideak ez du erantzukizunik izango soilik prebentzio-baliabide izateagatik, betebeharrak ez betetzeagatik bakarrik izan ahalko du.

Horren inguruan, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak, «Prebentzio-baliabideen erantzukizun juridikoak» izeneko lanean, azaltzen du prebentzio-baliabide izendatutako pertsonek ez dutela inolako erantzukizun administratiborik. Dena dela, prebentzio-baliabide izendatutako pertsona fisikoek ekintzengatik edo ez-egiteagatik sor daitezkeen erantzukizun penal edo zibilak izan ditzakete, horiek prebentzioaren arloko beste edozein egileri dagozkion berberak izanik.

OSALANEK antzekoa adierazten du bere «Prebentzio-baliabidearen eskuliburuan»: «Ez da prebentzio-baliabideentzat administrazio-erantzukizunik aurreikusi; izan ere, horiek izendatzen dituzten enpresek eta pertsonek bere gain hartzen dituzte arlo honetako arau-hausteen inguruko administrazio-erantzukizunak. Hori guztia, gainera, ekintzengatik edo ez-egiteagatik sor daitezkeen bestelako erantzukizunak (penal edo zibilak) baztertu gabe, horiek prebentzioaren arloko beste edozein egileri dagozkion berberak izanik.

Ikusten dugunez, ez da administrazio-erantzukizunik aurreikusi; hala badagokio, prebentzio-baliabideak izendatzen dituzten enpresek edo pertsonek hartu beharko dute ardura hori.

Erantzukizun zibilari dagokionez, aseguru apropos batek estali beharko du, prebentzio-baliabidea eta enpresa eta erantzukizun hori izan dezaketen gainerako pertsonak babesten dituena.

Erantzukizun penalari dagokionez, kontuan izan behar da, segurtasunaren arloan, beheko mailaren aurrean gaudela eta, prebentzio-baliabideak ez duenez ez ahalmen ez eskumenik segurtasun-neurriak ezartzeko, segurtasun-neurriak aplika daitezen agintzeko, erabakiak hartzeko ezta ekintzak gelditu edo gauzatzeko ere, arlo honetan izan dezakeen erantzukizuna soilik bere eginkizun edo betebeharrak (prebentzio-jarduerak behar bezala betetzen direla zaindu eta hautemandako gabezia horiek enpresaburuari jakinaraztea) zuhurtziarik gabe (zuhurtziarik gabeko ekintza edo ez-egitea) edo doloz (berariazkoa) ez betetzeagatik izan daitekeela.

 

 

 

 

Ikusten dugunez, prebentzio-baliabideari sor dakiokeen erantzukizunaren eremua oso murriztua geratzen da, eta, berariaz iruzurrez egindako ekintzetan izan ezik, zaila izango da erantzukizunik izatea, ez baitute segurtasun-neurrien inguruan erabakitzeko botererik. Horrez gain, prebentzioan, ez dute zuzendaritzako eginkizunik ez eginkizun teknikorik, ezta antolakuntza edo planifikazio prebentiboko eginkizunik ere, eta, prebentzioaren arloan, ezin dute ez erabakirik hartu ez agindurik eman.

Gainera, erabakitzeko ahalmenik ez duenez eta soilik hauteman eta jakinarazi egin behar duenez, bere parte-hartzea eta erantzukizuna erantzukizun-katearen bukaeran egongo dira beti, alegia, erabakitzeko, agintzeko eta xedatzeko ahalmena dutenen atzetik.

Hori dela eta, auzitegiek «enpresan zuzendu edo agintzeko eginkizunak gauzatzen dituztenek» eta «langileei derrigorrez eta agindua emanez xedatutako prebentzio eta kautelak zentzuz eta zuzen bete ditzaten eskatzen dietenek» «arduradun» edo «obrako buru» gisa duten erantzukizuna azpimarratzen dute (Valentziako Probintzia Auzitegiaren epaia, 2009-03-26koa).

Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, prebentzio-baliabidea penalki erantzule da bidegabe penalaren tipo subjektiboa betetzen denean, hau da, arriskuaz jakitun denean, eta egileak, hori jakinda ere, arriskua ekiditeko neurri egokiak eta beharrezkoak jartzen ez dituenean.

Kasu zehatzei helduta, eta erantzukizun hori hautemandako kasuak direla adierazita, baina ez-betetze nabarmen eta larri batengatik eta ekintzaren barruan salbuespen izateagatik, Cáceresko Probintzia Auzitegiak, 2013-12-26ko epaian (1182/2013 zenbakiko aplikazio-errekurtsoa) adierazi zuen zuhurtziagabekeria astunaren ondoriozko arau-hauste penala dagoela kasu honetan: azpikontratatutako enpresako kudeatzaile batek eta izendatutako prebentzio-baliabide batek beren langileek altueran segurtasun-baldintza eskasekin lan egitea onartu zuten; ondorioz, langile bat erori zen, eta erantzukizuna prebentzio-baliabideena zen, ez baitzieten kasurik egin laneko ikuskaritzak alturako lanetarako segurtasun-neurrien inguruko eskakizunei (aipatu beharra dago, kasu horretan, pertsona bera zela kudeatzaile eta prebentzio-baliabide, eta erantzukizun hori prebentzio-baliabidearena zela adierazi zen arren, uko egin zitzaion bere erantzukizuna eskatzeari, eta errugabetzat jo zuten).

Erantzukizun hori, halaber, prebentzio-baliabide bati zegokiola adierazi zen, istripu batean, langileak segurtasun-kaskorik eta oinetako aproposik gabe ari ziren lanean, nahiz eta erraz hauteman zitekeen eta prebentzio-baliabideak horren berri eman behar zuen (Madrilgo Probintzia Auzitegiaren epaia, 2014-04-24koa, 440/2013 zenbakiko apelazio-errekurtsoa).

Beste kasu batean, Valentziako Probintzia Auzitegiak obrako prebentzio-baliabidea kondenatu zuen, bi langileri agindu baitzien instalatutako plataforma desmunta zezaten, altuerako lanetako segurtasun-neurri kolektiboak hartu gabe –plataformaren azpian sare bat jartzea– eta, gainera, segurtasun-neurri indibidualik edo pertsonalik jarri gabe –segurtasun-soka bat jartzea, langilea, arnes edo gerriko baten bidez ainguratu ahal zedin–.

Prebentzio-baliabide baten erantzukizuna hauteman zen, baita ere, langile bat teilatu-hegal batetik erori zen kasuan. Teilatuak 4,20 metroko altuera zuen, eta % 20ko malda; «ez zuen segurtasun-baranda, ez sare, ez babes-neurri indibidual edo kolektiborik», eta oinarrizko segurtasun-neurri horiek ez zeudela ez hautemateagatik jarri zen zigorra(Madrilgo Probintzia Auzitegiaren epaia, 2007-01-26koa, 2007/62022 EDJ).

Erantzukizun berdina ebatzi zuen Jaengo Probintzia Auzitegiak, 2006-12-20ko epaian (2006/435255 EDJ). Istripu bat izan zuen langile batek: eskua moztu zuen eskuak zerra erradial batekin egiten ari zen ebakerara ihes egin zionean. Zerrak ez zuen babesik, nahiz eta astebete lehenago jakinarazi zen eta erabili ohi den makina bat denIstripu bat izateko arrisku handia zegoen arren oinarrizko segurtasun-neurri baten berri ez emateagatik jarri zen zigorra.

 Prebentzio-baliabidearen erantzukizuna hauteman zen beste kasu batean, langile bat soldadura-lanak egiten hasi zen pintura eta material sukoiak zeuden kabina batean, eta ondorioz, deflagrazioa eragin eta bi langile zauritu ziren. Kasu horretan, prebentzio-baliabideari jarritako zigorra soldadura-lanak zuen arriskuari buruzko informaziorik ez emateagatik eta inguruan material sukoia zegoela ez jakinarazteagatik izan zen (Zaragozako Probintzia Auzitegiaren epaia, 2009-07-15koa, 2009/170576 EDJ).

Adibide gisa ematen diren kasu horiek salbuespenak dira jardueran; prebentzio-baliabideak ez zuen bere eginkizuna beteez baitzien kasurik egin laneko ikuskaritzaren aholkuei edo ez baitzuten eman prebentzio-baliabideak jakinarazi behar dituen segurtasun-neurri nabarmen eta larrien berri.

Beraz, erantzukizuna ez zen hauteman soilik prebentzio-baliabide izate hutsagatik, baizik eta prebentzio-baliabideak dituen eginkizun eta betebeharren ez-betetze nabarmen eta larriagatik.

Are gehiago, kasu askotan, prebentzio-baliabide den pertsona baten erantzukizuna hautematen denean, aldi berean arduradun edo obrako buru delako izaten da, eta horrek erantzukizun penala bidezkoa dela hautemateko balio du.

Hori dela eta, ondoriozta daiteke, ez-betetze nabarmen, larri eta oinarrizkoen kasuetan izan ezik, ez dela egokia izango erantzukizun penala hautematea, batez ere, kontuan izanik, zigor-arloanarau-hauste nabarmen eta egiaztatu bat egon behar dela erantzukizuna agertzeko; izan ere, zalantzarik egotekotan, inputatuaren alde agertuko da.

 

 

Ondorioak:

– Ez dago jasota prebentzio-baliabideen administrazio-erantzukizunik.

Erantzukizun zibilari dagokionez, aseguru apropos batek estali beharko du, prebentzio-baliabidea eta enpresa eta erantzukizun hori izan dezaketen gainerako pertsonak babesten dituena.

– Erantzukizun penalari dagokionez, ez-betetze nabarmen, larri eta oinarrizkoen kasuetan izan ezik, ez da egokia izango erantzukizun penala hautematea, batez ere, kontuan izanik, zigor-arloanarau-hauste nabarmen eta guztiz egiaztatu bat egon behar dela erantzukizuna agertzeko; izan ere, zalantzarik egotekotan, inputatuaren alde agertuko da.

 

Pedro Fraile

Mutualiako lege-aholkularitzako legelaria

Lotutako berriak