Tabakorik Gabeko Mundu Eguna ospatzen da maiatzaren 31n, herritarrei tabako-kontsumoaren arriskuak ezagutarazteko eta kontsumoa murrizteko politika eraginkorrak sustatzeko. Data horretan, hainbat antolakundek, esaterako, OMEk, sentsibilizazio-kanpainak bultzatzen dituzte, erretzeari uztearen, ohitura hori utzi nahi dutenei laguntzearen eta hurrengo belaunaldiak tabakoaren eragin kaltegarrietatik babestearen garrantzia nabarmentzeko.
Hori horrela, OMEk 2026rako leloa aurkeztu du berriki: «Ken diezaiogun mozorro erakargarria: nikotina eta tabakoarekiko adikzioari kontra egitea». Helburua da ikusgarri egitea industriak zer-nola berrasmatu eta azalberritzen dituen bere produktuak, belaunaldi berriak erakartzeko, batik bat gazteak. Kanpainak marketineko estrategiei erreparatzen die; produktu berritzaile gisa aurkezten dituzte zigarreta elektronikoak, nikotina-poltsak edo nikotina sintetikoko gailuak, baina, egiatan, adikzioari eusten laguntzen dute.
Erretzeari utzi nahi dioten pertsonei laguntzeko, Osakidetzak eraginkortasun frogatuko metodoak erabiltzen ditu, eta aholkularitza, ikasmaterial eta tratamendu-programa zenbait eskaintzen ditu, hala presentzialak nola urrunekoak edo mistoak. Baliabide horiei esker, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako laguntza ematen da, eta tabakismoaren prebentzioa indartzen, osasun publikoa hobetzeko neurri giltzarria da eta.
