Itzuli

Tarifa laua eta enpresa-subrogazioa

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren Epaia, 2017ko azaroaren 14koa, 78/2017 kasazio-errekurtsoari dagokiona, zeinaren bidez xedatzen baita 3/2014 Errege Lege Dekretuan enpresen Gizarte Segurantzako kotizazioetarako finkatutako «tarifa laua» ez dela aplikagarria kontratu mugagabeetan, enpresa subrogratuetan dagoeneko mugagabeak baldin baziren.

Auzitegi Gorenak, jarraian aipatuko dugun epaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2016ko irailaren 28an emandako epaia aztertu eta berretsi du. Hala, besteak beste garbiketa-zerbitzua ematen duen enpresa batek aurkeztutako kasazio-errekurtsoa ezetsi du.

Kasazioan planteatutako auziak honako hauek ziren:

1.- Enpresek Gizarte Segurantzan kontingentzia arruntengatik egiten duten kotizazioan murrizketarik aplikatu behar den mugagabeko kontratazioagatik («tarifa laua» deitzen zaio, eta enplegua eta kontratazio mugagabea sustatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 28ko 3/2014 Errege Lege Dekretuan jasota dago), baldin eta kontratu mugagabea egindako langileek –aztertutako kasuan, 85– kontratu berdina bazuten (mugagabea) enpresa interesdunaren aurreko konpainietan.

Enpresa errekurtsogileak argudiatzen zuenez, Errege Dekretuak ez zuen exijitzen lehen Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean existitzen ez ziren lanpostuak izatea. Haren arabera, Errege Dekretuaren helburua enpleguan egonkortasun handiagoa lortzea zen eta arauan aurreikusitako salbuespenen interpretazio mugatua egin behar zen.

2.- Edo, alderantziz, enpresa-subrogazioen kasuan –enpresa lagatzailea eta enpresa lagapen-hartzailea erabat autonomoak eta independenteak dira–, otsailaren 28ko 3/2014 Errege Lege Dekretuko artikulu bakarreko 3. zenbakiko f) letran adierazitako salbuespenak eragiten dien, baldin eta, aztertutako kasuan bezala, oinordeko enpresak kontratatutako langileek aurreko enpresarekin mugagabeko lotura bazuten eta subrogazioaren aurretik murrizketarik egin ez bazitzaien.

Adierazitako Errege Dekretua aztertuta, baita horren hitzaurrean egiten den interpretazioa eta Kode Zibileko atarikoan, 3.1 artikulua, jasotako arau hermeneutikoak ere, Auzitegi Gorenak xedatu duenez, 3/2014 Errege Dekretuko artikulu bakarreko 2. zenbakiko c) letraren arabera, Gizarte Segurantzan hobariak eskuratzeko exijitutako baldintza honako hau da: «Enpresan bai enplegu mugagabeen maila bai enpleguen maila osoa handitzea dakarten kontratu mugagabeak egitea».

Horregatik, Auzitegi Gorenak erantsi duenez, «egindako kontratu mugagabeak enpresa lagatzaileetan kontratu mugagabea zuten langileekin lotuta baldin badaude eta enpresa interesdun edo lagapen-hartzaileak kontratu horiek sektoreko hitzarmen kolektiboaren aginduz hartu baditu bere gain, garbi dago enplegu mugagabearen maila ez dela handitu, beraz, ezin da ulertu tarifa lauaren hobaria aplikagarria denik».

Auzitegi Gorenaren epaiaren muina da aipatutako Errege Dekretuan jasotako hobariak enplegu-sorkuntza garbia gertatzen denean bakarrik direla aplikagarriak, horixe baita arauaren azken helburua.

 

Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK