ekfb
Itzuli

Tenisa

Gure artean gero eta zabalduago dagoen kirol bete-betea

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, gure kirolarien arrakastak, ekitaldi garrantzitsuak eta kirol bakoitzak sortzen dituen onurak tartekatzen ditugu. Hil honetan tenisaren txanda da. Berriki, Euskadiko Tenis Txapelketa Absolutua jokatu da. Irati Urbaneja eta Diego Chávez izan dira txapeldunak, Jolaseta Erret Klubean lehiatutako finaletan Naiara Uriarteri eta Mikel Lópezi irabazi ondoren. Gizonezkoen finalean, Chávezek ez zion aukerarik eman Lópezi; 6-3 eta 6-2 garaituta, 2016ko titulua berretsi zuen eta bere palmareseko hirugarren garaipena izan zen. Getxon bizi den tenislariak ATP rankingeko jokalari gisa duen eskarmentua erabiliz irabazi zion Mikel Lópezi; azken hori junior mailako Espainiako txapelduna izan zen uztailean, bikoteka. Bestetik, Irati Urbaneja getxotarra emakumezkoen taldeko jokalari sendoena izan zen. Hala, 15 urterekin lehenengo aldiz irabazi zuen titulua, beheko kategoria guztietan txapeldunordea izan ondoren. Fadura Tenis Klubeko jokalariak 7-5 eta 6-0 irabazi zion Naiara Uriarteri. Entrenamenduan ordu asko partekatzen dituzten bi jokalariren arteko partida bat izan zen. Hain zuzen ere, horixe da tenisaren abantailetako bat, sozializatzea. Gainera, kirol hori bizitza osoan egin daiteke. Hemen dagoeneko gogorarazi dugu tenisean astean hiru orduz jokatuz gero heriotza-arriskua erdira murrizten dela. Zoriontasunean ere eragiten du, tenislariek indar, autoestimu eta baikortasun maila handiagoa izaten dutelako eta horrek psikologikoki hobeto egotea eta tentsioa murriztea dakarrelako.

Tenisa kirol bete-betea eta onuragarria da; erne egotea eta egoera bakoitza taktikoki aztertzea eskatzen duenez, garuneko nerbio-terminalen arteko konexio berriak sortzen ditu. Tenisean jokatuz energia asko gastatzen da, hainbat faktore direla medio: indarra, ematen diren kolpeengatik; abiadura, esprint laburrak egiten direlako; eta erresistentzia, partiden iraupenagatik. Orduko 400-600 kilokaloria erre daitezke.

Jokoan erabat kontzentratu behar denez, pertsona fisikoki eta mentalki asko liberatzen duen kirol ludiko bat da. Giharrak, hankak, besoak eta enborra (bularra eta abdominalak) indartzen ditu, muskulu-masaren potentzia garatzen du eta koordinazioa areagotzen du. Tenisean jokatuz desplazamenduak sinkronizatzen ere ikasten da. Tenisean hasten diren neska-mutilen ikasketaren ardatza mugimenduak koordinatzea da. Hasieran, pilotarekin asmatzea da helburua, ez norabidearekin asmatzea. Teniseko lehenengo pausoak dira. Lehenengo klaseetan ondo pasatzeko jolasak antolatzen dira eta aurrerapauso nabarmenak ematen dira, txikienak konturatu ere egin gabe. Izan ere, pixkanaka, ariketetara eta bakoitzaren adinari dagozkion gaitasunetara egokitzen joaten dira. Hamabi urteetatik aurrera, gorpuzkeraren eta altueraren arabera, helduak bezala jokatzen hasten dira. Orduan, orkatilak, belaunak, aldaka, besoa, ukondoa, eskumuturra… lantzen dira. Era berean, tenisak osasuna eta gaitasun fisikoa hobetzen, lidergo-gaitasunak garatzen, autodiziplina izaten, agintea errespetatzen, lankidetzan aritzen, lehiakorra izaten eta arlo psikologikoan edo sozialean autokonfiantza izaten laguntzen du. Denon eskura dagoen kirol bete eta dibertigarria da.

Lotutako berriak