
Edozein adinetan egiteko kirol konpletoa
Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hileroko atal honetan, oraingoan, tenisean aritzeak dituen abantailak eta onurak azpimarratuko ditugu. Gure inguruan bada bizitasun handiko Euskal Federazio bat, federatuei zerbitzuak ematen eta modalitate erakargarri hori sustatzen saiatzen dena. Haren xedeak lehiaketako tenisa eta denentzako tenisa dira, eta organismo horretatik, federazio-baimenaren bitartez, era guztietako erraztasunak ematen ahalegintzen dira. Federazioak goi-mailako txapelketak sustatzen ditu, hala nola Bakiokoa, Jolasetakoa (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta Donostiako Tenis Elkarte Errealarena. Baita Peña Vitorianarena ere, zeina aurten, seguruenik, emakumezkoen 60.000ko bat izango baita.
Erraketaren joko ederra oso kirol-diziplina konpletoa da, maila profesionalean ahalegin, sakrifizio eta jarraitasun handiak eskatzen dituena, baina zaleen mailan ere goza daitekeena, oso une atseginak bizitzeko. Izan ere, edozein adinetan jardun daiteke tenisean, partekatzeko eta besteekin egoteko balio duten partidak jokatuta. Kirol honetan behar bezala aritzeko, teknika egokia behar da, trebetasun ugari baitaude kolpe-mota guztiei lotuta. Erraketa batekin eta tenis-pilota batekin egiten denez, oso koordinazio zehatza eduki behar da. Gainera, oso kirol ospetsua da; lehiaketa handiek jarraitzaile asko dituzte telebistaren bidez, eta adin-tarte guztietako eta sexu bietako pertsonek egin dezakete.
Tenisa potentzia eta abiadura handiko jokoa izan daiteke, pilota eramatera joateko toki txikian bizitasun handiko mugimenduak egitekoa, eta horrek aukera ematen du erresistentzia handitzeko, giharren potentzia areagotzeko eta kolpeak jo edo eramateko jarrera egokiak aurkitzeko. Adituek diote osteoporosia eragozten duen kirola dela, hezurrak indartzen baititu. Gainera, hein handi batean, gorputz osoaren koordinazioa lantzen du. Hori funtsezkoa da eskuak eta begiak ondo erabiltzeko, gorputzaren gainerako atalekin koordinatuta, kolpe horiek era egokian, arintasunez eta oreka hobetuz jo ahal izateko.
Kirol honek, era berean, garrantzia du oreka psikofisikorako, erresistentzia handitu, sistema kardiobaskularra hobetu eta zenbait gaixotasun prebenitzen baititu: loditasuna,
hipertentsioa eta bihotzekoak, adibidez. Gainera, estresa desagerrarazteko eta arintzeko sendagai egokia da, eta kirol horretan diharduenari sasoi fisiko eta mental hobea ematen dio. Tenisak bihotza eta burmuina bizkortzen ditu, tanto bakoitzean analisia egin eta erabaki behar baita; zirkulazioa optimizatzen du, eta gorputzaren hazkundea eta mugimen-sistema pizten ditu. Halaber, gutxitu egiten ditu kolesterola eta triglizeridoak, osasun-arazoen iturri izan daitezkeenak.
Laburbilduz, horregatik guztiagatik, tenisean aritzeak lagundu egiten du oreka, koordinazioa eta balantze dinamikoa hobetzen, abiatzearen, gelditzearen eta noranzkoa aldatzearen bitartez. Mugikortasuna, arintasuna, malgutasuna, indarra, egoera fisikoa eta abiadura ere hobetzen ditu, azken hori esprint laburrei esker, eta kaloriak erretzen laguntzen du. Eta mentalki, tenisean kontzentrazioa lantzen da, baita jokaldiak ebazteko jokabideak ere, aurkariaren kolpe bakoitzaren arabera. Norberarenganako konfiantza sustatzen du, immunitate-sistema eta ongizatea hobetzen ditu, eta nutrizio-ohiturak sortzen laguntzen du, ariketa bakoitzaren aurretik eta ondoren ongi elikatu beharra dago eta. Eta are gehiago, lehiatzen eta hutsegiteak gutxitzen ikasteko lagungarria da, baita oztopoei eta presioari aurre egiten ikasteko ere; diziplina eta aurkarien aurreko joko-estrategiak handitzen ditu, irabazten eta galtzen irakasten du, eta eragina du gure trebetasun sozialetan