
Abantaila ugariko modalitatea
Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko atal honetan, oraingoan, osotasun beteko kirol bat egiteak eragiten dituen askotariko onurak azpimarratuko ditugu: triatloia da kirol hori. Euskal Herrian kirol honetako hainbat klub daude, eta Euskadiko Federazioan horien berri jaso dezakezue. Egia da espezialitate gogor samarra dela, ahalegin berezia eskatzen duela, baina, erraz suma daitekeenez, gorputz osoa trebatzen duen kirola da, triatloia egitean gihar talde guztiak sendotzen baitira. Zehatzago adierazteko, igeriketak gorputzaren goialdea trebatzen du; txirrindularitzak eta korrikak, aldiz, beheragoko gorputz-indarra garatzen laguntzen dute. Era horretan, giharrak garatu, indarra handitu eta gorputz osoa bizkortzen da. Gainera, pisua galtzen da, jakina, lehen aipatu ditugun igeriketa, txirrindularitza eta korrika modalitateak konbinatuta, entrenamendu osoa eta elkarlotua eskaintzen baitu –eta asegarria–. Horri esker, sasoi ederra eskuratzen da, eta gorputzeko atal guztietan koipe kopuru handiak erretzen dira.
Energia handiagoa ere eskaintzen digu, jarduera areagotu egiten delako, eta, dieta aldatzeak, adibidez, produktibitate hobea izaten laguntzen duelako. Nahiz eta antolatutako entrenamendu-saio batzuk gainditzea zaila eta aski neketsua izan, oro har energia mailak asko igotzen dira. Txirrindularitza, korrika eta igeriketa praktikatzeak arteria-presioa murrizten laguntzen du, obesitatea eta diabetesa prebenitzen laguntzen du, bai eta gaixotasun kardiobaskularrak, beste gaixotasun larri batzuk, eta depresioa bera ere. Hau da, triatloiak ondo sentiarazten gaitu. Foro batzuetan irakur dezakegunez, triatletek dauzkate bihotz handienak, eta horien bihotz-maiztasuna batez bestekoa baino %17 txikiagoa da; horrek osasun hobea eskaintzen du, gehiago eta hobeto bizi ahal izateko. Izan ere, ezaugarri horiek dituen edonor askoz gazteago sentitzen da.
Pisua galtzea nabaritzeaz gain, gorputzak aukera berriak ematen ditu, adinaren arabera. Beti dago egoera zailak azpikoz gora iraultzeko modu bat, gero eta leunagoak diren entrenamendu programekin, hutsetik hasita, gorputz ahaltsua duen merituko triatleta bihurtu arte. Izan ere, triatloiko proba edo entrenamendu bateko alderdi bakoitzak osasunerako onura jakin batzuk eskaintzen ditu, eta horrek gorputza moldatzen laguntzen du. Igeriketak gorputzaren goialdea hobeto definitzen du, eta malgutasuna hobetzen du; korrikak, berriz, gihar luze eta meheak garatzen ditu, eta txirrindularitzak gure gorputzaren behealdea bizkortzen du, aldi berean sendotu egiten duen bitartean.
Triatloia egiteko entrenamenduak hobeto jaten ahalegintzen lagunduko du, oreka egokiko dieta zainduz eta helburu guztiak lortzeko energia ematen duten produktuekin gorputza elikatuz. Osasuna hobetzen hasten denean, beste kontu garrantzitsu bat da erronkak jarrita lortu dezakegunaz eta egin dezakegun ahaleginaz dugun ikuspuntua hobetzen hasten dela.
Horrela, nabaritzen hasten da konfiantza maila handiagoa eta besteek ere norbera hautemateko moduan ageri den aldea. Triatloi bat bukatzeak sinesgaitza den zerbait eskaintzen du, eta, beraz, indar eta sinesmen handiagoa ematen du norberarengan. Praktikatzen duten pertsonak seguruago sentitzen dira, eta lehen ezagutzen ez zituzten alderdiak aurkitzen dituzte. Kirol bakarra egiten denean, esate baterako, korrika, gorputz-atal berberak zigortzen dira, eta horrek ohiko lesio arruntak eragiten ditu. Triatloia praktikatuz, esfortzua hiru kiroletan egiten da, bakoitza gorputzaren atal ezberdinetan zentratuta. Horri esker, eremu zehatz batean ez da etengabeko kargarik eta estresik jasaten. Beraz, triatloia bezalako egokitzapen fisikoko metodo orekatuago batekin, lesio gehiegi gabe denbora gehiagoz goza daiteke: min gutxiago eta gorputz indartsuagoa sentitzera eraman gaitzake. Triatloia praktikatzeak zure bizitza eta zeure burua ikusteko modua alda ditzake.
Izan ere, triatloia praktikatzen hasten zarenean konturatzen zara, lana, ahalegina, ilusioa eta konpromisoa izanda, edozer egin daitekeela. Halaber, taldean egiten baldin bada, asebetetzea eta sentsazioak askoz hobeak dira. Triatloi baterako entrenatzeak kontzentrazioa doitzen du eta produktibitatea hobetzen du. Eta hiru modalitateetako aldaketetara egokitzen gara, horrekin estresa murrizten dugulako eta egoera berriei beldurra galtzen diegulako; hori gure eguneroko bizitzara eraman daiteke. Egunero entrenatzeko ilusioari tinko eusten diogu, eta motibazioa da hori. Halaber, triatloiak gure autoestimua handitzen du. Edozer egin dezakegula uste dugu. Triatleta, berez, pertsona zoriontsua da.