Itzuli

Tubos Reunidos

Aiarako haranean dagoen Tubos Reunidos SA enpresak «Lan-arriskuen prebentzioan ikerkuntza, garapen teknologikoa eta berrikuntza» saria irabazi du, Mutualiak antolatutako VII. edizioan.

Aitorpen garrantzitsu hori baliatuz, prebentzio-arloko arduraduna ez ezik, lanaren babesle nagusia ere baden Aitor Ibarrarekin jarri gara harremanetan, saria jaso duen proiektua hobeto ezagutzeko: «Siderurgia-industrian istripu-tasen maila murrizteko azterlan estatistikoa eta eredu matematikoa».

 

«Benetako diferentziazio-faktorea laneko arriskuen prebentzioa aginte-katean integratzea eta onartzea da, erdi-mailako agintarietatik zuzendari nagusira arte»

Aitor Ibarra

  • Saria jaso duen proiektuaz hitz egin aurretik, azalduko al zeniguke zer-nola antolatu duzuen prebentzioa Tubos Reunidos Industrial SLUn?

 

Enpresan prebentzio-zerbitzua daukagu, lau espezialitateak bilduz. Lan-arriskuen prebentzioko hiru teknikari, bost erizain eta mediku bat dira zerbitzu hori osatzen dutenak. D

Zuzendari guztiak (zuzendari nagusia barne), departamentuetako arduradunak, ingeniariak, eta abar goi-mailako teknikariak dira lan-arriskuen prebentzioan, edo unibertsitate-masterra dute; guztira, 50 pertsona baino gehiago dira.

Erdi-mailako agintariei dagokienez (arduradunak, koordinatzaileak…), prebentzio-baliabide dira denak. Eta langileen % 80 baino gehiago lan-arriskuen prebentzioan oinarrizko teknikari dira (50 ordu).

 

  • Prebentzioaren kudeaketari dagokionez, zeintzuk dira, zure ustez, zuen prebentzio-jardueran nabarmentzen diren puntu nagusi edo berezitasunak?

 

Benetako diferentziazio-faktorea laneko arriskuen prebentzioa aginte-katean integratzea eta onartzea da, erdi-mailako agintarietatik zuzendari nagusira arte.

 

  • Proiektuari dagokionez, zein da proiektuaren oinarri zehatza?

 

Enpresa guztietan, enpresaren jarduera edozein dela ere, urteko prebentzio-planean ezartzen den helburua ZERO istripu izatea da; hau da, lan-arriskuen prebentzioan bikaintasuna lortzeko bide bat aurkitzea, eta lan-baldintzen hobekuntza eta jokaera segurua enpresaren prebentzio-kulturaren zati aktiboa izatea.

Errealitatean, enpresa bakoitzak, bere prebentzio-plana ezartzean, hainbat alderdi hartzen ditu kontuan: prebentzio-zerbitzuaren edo/eta zuzendaritza-taldearen esperientzia, sindikatuen edo prebentzio-ordezkarien presioa, dagoeneko beste enpresa-erakundeetan ezarritakoa, eta abar. Baina zorroztasun teknikorik gabe egiten du hori, eta, beraz, ezin dute bermatu proposatutako neurriek emaitza ona izango dutenik.

 

Ikerkuntzaren helburua laneko istripuak murrizten laguntzea da, eragin handiena duten aldagaiak aurkituz eta identifikatuz; ondoren, alderdi horiek indartu egin behar dira prebentzio-planean, zuzendaritzaren berrikusketan eta/edo enpresaren politikan, xedatuta dagoenari jarraikiz.

 

Lan honetan, siderurgia-sektorean laneko istripuak aurreikusteko eredu matematiko bat kalkulatzen da, aldagai anitzeko atzerapen ez-linealaren analisian oinarrituta, xede hauekin:

  • Istripuetan aldagai bakoitzak zenbateko eragina duen kalkulatzea.
  • Lan-arriskuen prebentzioan inbertsioa optimizatzea.
  • Kalkulatutako aldagaien gaineko jarduketa sustatzea, enpresan laneko istripuen kopurua murriztearren.

Azterlan estatistikoak sailkatu egiten ditu istripuak; horretarako, joerak eta desbideratzeak aztertzen ditu, hipotesiak formulatzen, eta kontrolerako neurri orokorrak ezartzen, gero sektoreko beste enpresa batzuen datuekin alderatu ahal izateko. Horrez gain, enpresa bertako eta bere datu historikoetako istripu-tasen eboluzioa ere aztertzen du.

  • Zer-nolako hobekuntzak ekarri dizkizue proiektu horrek?

Zaila da ehuneko bat emanez objektiboki zehaztea zenbateko hobekuntza ekarri duen proiektu horrek enpresako laneko arriskuen prebentzioan. Nolanahi ere, nabamenki hobetu dira TRI enpresaren segurtasun- eta osasun-baldintzak, emaitzak eta, jakina, istripu-tasa.

  • Beste enpresa mota batzuetan aplikatzeko modukoa al da?

 

Bai, noski. Istripuen analisia eginez, istripuak zergatik gertatu diren aztertuz, eta istripuak gertatzen lagundu duten laneko faktoreak zehaztuz, neurriak har daitezke, istripuak berriz gerta ez daitezen. Neurriek epe ezberdinetara izango dituzte ondorioak; batzuek, berehala.

Ikuspuntu orokorretik, arriskuen kudeaketak oso oinarri teoriko garrantzitsua du. Hala ere, laneko arriskuetan ez da, oraingoz, guztiz aplikatu. Gaur egun, formalizaziorako joera da nagusi; erakunde asko daude (aholkulariak edo eskudunak), eta arauak ere, barra-barra daude (batez ere, gure legegintza-sisteman sartzen diren Europako arauak). Dena den, ezbehar asko gertatzen dira, eta horrek pentsarazten digu formalizazio hori ez dela eraginkorra, edo ez dela betetzen.

Laneko ezbeharren fenomenoak gero eta interes sozial handiagoa pizten du, kostu handia eragiten duelako, bai gizaki garen aldetik, bai arlo ekonomikoan. Ezbehar-kopuruen eboluzioan desberdintasun nabarmenak daude lan-arriskuen prebentzioari buruzko 31/1995 Legea indarrean sartu aurreko eta ondorengo aldien artean.

 

  • Zuen esperientzia ikusirik, zer aholku emango zeniekete halako programak abiarazi nahi dituzten enpresei?

 

Neurtzen ez dena ez da existitzen. Arazo bat konpondu ahal izateko, kuantifikatu egin behar dugu, eta, neurria hartu diogunean, objektiboki aurre egin beharko diogu.

Arrazoi ugari daude laneko arriskuen prebentzioan esku hartzen duten faktoreen eredu matematiko bat diseinatu eta egiteko. Arrazoi nagusia da zuzendaritza nagusia konbentzitzea, prebentzioan aurrez inbertitzearen errentagarritasuna frogatuz; errentagarritasun hori ikuspuntu ekonomiko eta sozialean islatzen da.

Istripu bat gertatzen denean, ikusi behar da NOLA gertatu den, ZERGATIK eta NON. Baina bada istripuari estatistikoki aurreratzeko modurik, NOR, NOIZ eta horrelako galderei erantzunez. Horretarako, istripuak minimizatzeko, zaintza indartu behar da.

Lotutako berriak