ekfb
Itzuli

Txirrindularitza

Ongizate mental eta fisikoa

ekfb

Gero eta bizikleta gehiago ikusten da Euskal Herriko errepideetan. Neguaren amaiera hurbil dugu, eta zikloturista askok gustura sentitu nahi dute beren buruarekin, pedalei eraginez. Horietako askok lehenago ere aprobetxatu dute, adibidez, otsaileko aste batzuetan, udaberria aurreratu egin baitzen, egun zoragarri batzuk ekarrita, txirrindularitzaren zaleei opari bat eginez bezala. Neguko atsedenaldiaren (edo jarduera motelagoaren) ondoren, gogoa izaten dugu bizikleta berriz hartzeko. Alde batetik, Euskal Txirrindularitza Federazioak lehiaketa ugari antolatzen ditu, denboraldi luzean barrena, txirrindularitza geure-geurea den kirol horietako bat dela erakusteko. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, aditzera emango ditugu gure lurrean hain sakon sustraituta dagoen eta hainbeste arrakasta eman digun kirol hau egiteak dakartzan abantaila fisiko eta mentalak.

Ikerketa batzuen arabera, bizikletaz ibiltzea ona da muskulu-masa eta indarra gordetzeko urteen joan-etorrian. Gainera, gorputzeko gantz-, kolesterol- eta testosterona-mailak egonkor kontserbatzen ditu, adineko pertsonei dagokienez. Beste ikerketa batzuek diotenez, bizikletarekin ibilbideak eginez gozatzeak ondorio onuragarri ugari ditu gure organismoan. Hala, pedalei eraginez gero, %45 jaisten da bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua, eta minbizia izateko aukerak ere gutxitzen dira. Txirrindularitza aire zabalean egiten da, eta hori lagungarria da gogoa argitzeko eta estres beldurgarritik babesteko; gainera, aukera ematen du modu aski lasai eta erlaxatuan meditatzeko, pasierekin eta ariketarekin gozatuz bide batez, hala bakarka, nola txirrindularitzako jardunaldi bakoitzean osatzen diren talde ugarietako batean. Izan ere, egunean zehar era askotako jarduerak egin behar ditugu, osasun mental eta fisikoa bermatu ahal izateko.

Txirrindularitzan, hainbat muskulu lantzen dira, esaterako, hankak, abdomena eta bizkarra. Eta bada beste onura handi bat ere: gure ingurunean ibilbide zoragarriak egiteko dugun batez besteko abiaduraren arabera, 175 eta 420 kaloria bitartean erreko ditugu. Asteko zenbait egunetan txirrindularitzan aritzea lagungarria da gorputz osasuntsua izateko, kontsumitutako kaloriak erre, eta metabolismoa hobetzen baitu. Izan ere, txirrindularitzan jardutean hainbat muskulu-taldek hartzen dute horren onura, batez ere, hankek. Bizikletak aukera ematen digu hanketako muskuluak eta koadrizepsak osorik lantzeko. Era berean, txirrindularitza ona da arnasketa- eta zirkulazio-sistemetarako. Pedalei etengabe eragiten gabiltzanez, erritmo kardiakoak gora egiten du, eta, horrela, etenik gabe ponpatzen da odola. Era horretan, bihotza osasuntsu ibiltzen da, eta bihotzekoak izateko arriskua gutxitzen da. Hargatik, erritmo kardiakoa igotzean, arnasketak horretara egokitzera jotzen du. Birikak ere indartu egiten dira, erritmo kardiakoak eskatzen duen arnasketa ordezkatu behar dutelako.

Berdin dio bizitzako zein arotan dagoen pertsona. Adinak ez du garrantzirik bizikletaz ibiltzeko eta bizi-kalitatea hobetuz etekina ateratzeko. Ibilbidea planifikatu ondoren, bizikletaz ibiltzera ateratzea lagungarria da eguna hobea izan dadin. Kirolez betetako egun ederra emango dugu, errepideak eta tokiak ezagutzen. Horrek ongizate mental handia sortzen du, jarduera fisiko hau egitean endorfinak askatzen baitira, zoriontasuna eta erlaxazioa sentiarazten digun osagai kimiko hori. Pedalei eragitean, hoberantz egiten du gure ahalmen motorrak, erreflexuak doitzen ditugu, bai eta koordinatzeko ahalmena ere. Eta pedalei eragitean, erne egon behar dugu beti inguruan dugunarekin, adi egoteko aukera ematen digun ikuspegi periferikoa garatuz. Egun gutxi barru, Aste Santua iristean, lagun askok xeheki begiratuko dituzte ibilbideak bizikletari heldu aurretik, bide eta herri berriak ezagutuko dituzte, eta beraien gorputza zainduko dute, haien gogoa asebetetzen duen kirola eginez. Lerro hauetaz baliatuta, gomendioa egiten dizuegu, ahal den neurrian, ekipamendurik onena izateko. Bizikleta gainean igarotako egun bakoitzak hobekuntza ekarriko dio gure gorputzari, bai eta gozamen izugarria ere. Hori dela-eta, gure kirolik gogokoenetakoa da.

Lotutako berriak