Itzuli

Uda honetan, ez ezazu segurtasuna etxean ahaztu

Zortzi aholku eta bideo bat udako oporretan segurtasunez gidatzeko.

Udako oporrak ate joka ditugu eta asko gara autoa garraiobide gisa hautatuko dugunok.  Udan zehar, gainera, joan-etorri ugari ematen dira errepideetan, eta, horrenbestez, gure ibilgailuaren segurtasuna arreta bereziz zaintzea behar-beharrezkoa da. Errepasa itzazu hurrengo aholkuak eta kontuan har itzazu errepidez edozein joan-etorri egin aurretik. Gogoratu oporrak etxetik irteten zaren unean bertan hasten direla. Ezerk ez diezazula bideaz gozatzea galarazi!

  1. Lehenik eta behin, autoa aztertu. Autoaren azterketa sakona egitea joan-etorri luzeren bat egin behar baduzu da bereziki garrantzitsua. Azterketan kontuan izan beharreko puntuetako batzuk honakoak dira:

a)      Pneumatikoak dira errepidera itsasteko gure puntu bakarra: Sakonerako legezko muga 1,6 milimetrokoa bada ere, gutxienez 3 milimetrokoa gomendatzen dugu, pneumatikoek behar bezala erantzun dezaten. Egoera onean ez dauden edo presio desegokia duten pneumatikoek frenatze distantzia areagotu eta ibilgailuaren egonkortasuna murrizten dute, gidatzearen arriskua nabarmen areagotuz.

b)       Olioa funtsezkoa da motorraren funtzionamendurako: Olioa maila egokietan ez badago edo egoera onean ez badago, motorrak ez du behar bezala funtzionatuko. Olioa maila egokietan izatea edo olio behar denean aldatzea funtsezkoa da motorrak luzaro iraun dezan. Horrela egin ezean, nahi ez dugun ustekabekoren bat izan dezakegu.

c)       Ez ibili freno gabe… beharko dituzu eta: Frenatzerakoan autoan behar bezala erantzuten ez duela edo diskoek zarata desatsegina egiten dutela konturatu al zara? Hori freno diskoak eta pastillak erabilpenarekin gutxika-gutxika hondatzen joaten direlako gertatzen da. Arazoa eraginkortasun galera horretaz konturatzen ez garenean ematen da; izan ere, egun batean frenoak beharko ditugu eta ez dute behar bezala erantzungo. Gogoratu, era berean, denboraz frenatzeko ezinbestekoa dela freno-likidoa maila egokian izatea.

d)      Argiak garrantzitsuak dira, ikus zaitzatela: Zure ibilgailuko argiek behar bezala argitzen ez badute, ez zaituzte ikusiko, eta, berriz, argiak ondo doitu gabe badaude, gainontzeko gidariak itsutu ditzakezu. Horregatik, tailerrean argi-doigailu batekin zure autoko argiak behar bezala dauden egiaztatzea gomendagarria da. Era berean, egiazta ezazu ez duzula funtzionatzen ez duen argirik.

e)      Beira-garbigailuak ura, hautsa, intsektuak… kendu behar ditu: Beira-garbigailuaren gomak aldatzea ahaztea oso ohikoa da. Ez dira betiko, eta euria egiten duenean ura behar bezala kentzen ez badute edo beira zikin uzten baldin badute, aldatu egin behar diren seinale izan ohi da. Are ohikoagoa da beira-garbigailuko likido maila oso baxu egotea; era berean, hobe ura bakarrik baino likido garbigarriren bat erabiltzea. Ezin dugu behar bezala ikusi gabe gidatu.

f)       Autoak zuzen ibili behar du: Bolantea askatzen baduzu, autoak zuzen-zuzen jarraitu behar du, alde batera desbideratu gabe. Autoa desbideratu egiten bada, ondo lerrokatu gabe dago, hau da, desorekatuta. Bazterren baten aurka jotako kolperen bat edota higadura izan daiteke arrazoia. Tailerrean egiten diren ohiko azterketek paraleloaren egoeraren egiaztapena barne hartzen dute.

g)      Bidaiatu segurtasun eta erosotasunez: Esekidura-sistema edo motelgailuak nekez hondatzen dira, baina, egiten dutenean, bideko zulo bakoitza eragozpen bihurtzen da eta arriskua asko handitzen da. Horregatik, esekidura-sistema aztertuta segurtasuna eta erosotasuna irabaziko ditugu.

h)      Beharrezko elementu osagarriak dituzula egiaztatu: Ibilgailuan eraman beharreko elementu osagarri guztiak dituzula eta egoera onean daudela egiaztatu: ordezko gurpila (presioa eta egoera onena dagoela egiaztatu gainontzeko lau gurpilekin egin bezala), txaleko islatzailea, katua, giltza eta larrialdietako triangeluak.

  1. Dokumentazio guztia prest. Bidaia hasi aurretik egiaztatu bai zure bai ibilgailuaren dokumentazio guztia hartu duzula.
  2. Planifikatu ibilbidea. Har ditzakezun ibilbide guztiak aztertu egokiena aukeratzeko. Jada bidea ezagutzen baduzu ere, ibilbidea planifikatu aurreikusitako trafikoa edo balizko herri-lanak kontsultatuz.
  3. Atseden hartzea beharrezkoa da. Bi ordutik behin gutxi gorabehera atseden hartzea beharrezkoa da. Har ezazu denbora atseden hartzeko, hankak luzatzeko, pixka bat ibiltzeko, ikusmena pausatzeko, postura aldatzeko… Kontuan izan nekeak erreakzio denbora luzatzen duela eta gidatzeko koordinazioa bera ere zailtzen duela. Umeekin bidaiatzen baduzu, atsedenaldiak baliatu jarduera fisikoren bat egin dezaten.
  4. Ibilgailu barneko eta kanpoko tenperatura. Udan kontu berezia izan behar dugu bero handieneko orduekin, beroak eragina baitu bai gure gidatzeko ahalmenean bai ibilgailuan bertan ere.  Bidean tenperatura altuak izango ditugula aurreikusten badugu, kontuan izango dugu bidaia noiz egin erabakitzeko; hobeto litzateke goizean goiz edo arratsean bidaiatzea. Auto barruko tenperatura 19 eta 24 gradu artekoa izan dadin ahaleginduko gara.
  5. Pazientzia izan eta beharrezko segurtasun distantziak zainduz gidatu: Behin errepidean, ez ezazu iritsiera ordurik jarri, zure burua presionatzeko besterik ez baitu balio. Bidaiaren iraupena errepidearen eta trafikoaren baldintzen araberakoa izango da. Maiztasunez atseden hartu eta lasai ibili, oporretan zaude eta!
  6.  Ekipajearena kontuan izan beharreko auzia da: Etxe guztia zurekin eramaten duten horietakoa bazara, ziur izan guztia maletategian ondo-ondo jartzen duzula, bai bidaiariak eroso izan daitezen bai zuk behar bezala ikusi ahal izateko. Kontuan izan istripu bat izaten baduzu solte dauden objektu, maleta edo gauzak oso arriskutsuak izan daitezkeela.
  7. Haurrekin bidaiatzen baduzu, haurrak lotzeko sistema egoki bat erabili: Aukeratutako sistemak lotu beharreko haurraren altuera eta pisua kontuan izan behar ditu, eta haurra fabrikatzaileak emandako jarraibideen arabera lotu behar da beti. Haurrek pazientzia gutxi izan ohi dute eta hori kutsagarria izan daiteke, gidatzeko batere egokia ez dena.  Garrantzitsua da haurrek lo egiteko eta jateko dituzten ohiturak kontuan izatea bidaia planifikatzerakoan.

Nola jartzen zara bolantearen aurrean? Funtsezkoa da bolantearen aurrean nola jartzen garen, eta, aldiz, oso denbora gutxi eskaintzen diogu hori erabakitzeari, irteteko gogoz izaten baikara beti. Zer posturatan gidatzen dugun funtsezkoa da segurtasunerako.   Ikusi hurrengo bideoan askok egiten ditugun akatsik ohikoenak zeintzuk diren eta egiazta ezazu zure gidatzeko postura egokia den edo ez.

BOLANTEAREN AURREN GIDARIAN IZAN BEHARREKO POSIZIO EGOKIA

Jarri ibilgailua martxan, merezitako oporrez gozatzea besterik ez baitzaizu geratzen jada!

Lotutako berriak