ekfb
Itzuli

Urpeko jarduerak

ekfb

Urpekaritza seguruaz gozatzeko gomendioak

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko kide diren federazioek urpeko jardueren modalitatea ere biltzen dute. Hala, ohi bezala, lerro hauen bidez gomendio batzuk proposatuko ditugu jarduera horiek egiteko, eta aholku batzuk emango ditugu gero eta arrakasta handiagoa duen eta gero eta zabalduago dagoen uretako kirol hau garatzeko. Urpekaritzak onura asko dakartza: erlaxatzen laguntzen du, konfiantza areagotzen du, estresa kontrolatzen laguntzen du, trebetasun fisikoak hobetzeko aukera ematen du, eta birika ahalmena handitzen du. Komenigarria da, betiere, hastapeneko ikastaro bat egitea, proba teorikoak eta praktikoak barne, baita mediku azterketa egitea ere. Uretan murgildu aurretik, prestatu jarduera honetan ohikoen diren mugimenduak egiteko, aldez aurretik luzatze ariketa batzuk eginez.

Nolanahi ere, modalitate honetan, funtsezkoa da, prestakuntza fisikoa ez ezik, buruz ongi prestatuta egotea. Izan ere, urpekaritzaz segundo oro gozatzeko, garrantzi handikoa da ez larritzea eta pazientzia handia izatea. Ez ahantzi murgilaldian gorabeheraren bat gertatuz gero, kalterako izan daitezkeela beldurra, nerbioak eta segurtasunik eza. Ez dugu ahaztu behar, halaber, giza gorputza ez dagoela ohituta ur sakonetako presioa eta urpe sakonetako alterazioak jasaten. Horrenbestez, ezin hobeki kontrolatu behar dugu arnasketa, eta behar bezala ezagutu nola funtzionatzen duen urpekaritza ekipoak; kontuan hartu behar dira, orobat, modalitate berezi eta aberasgarri hau zuhurtziaz eta ahalik eta hobekien gozatzeko ematen dizkiguten gomendioak.

Urpeko jardueren praktika legez dago araututa; hori dela-eta, mediku azterketa egitea eskatzen zaie urpekaritza kirol jarduera gisa nahiz aisiako jarduera gisa egiten dutenei. Urpekaritzan erabateko segurtasunaz aritzeko, ikaskuntza ikastaro homologatu bat egin beharra dago, zeinetan sartzen baita mediku azterketa. Ezinbestekoa da ikastaro hori egitea urpekaritzan jarduteko; izan ere, gorputza ez dago itsas hondoko presiora ohituta, eta gorabeherak eragin ditzake horrek. Hain zuzen ere, uretan, urpekaritza ekipoaren pisuagatik eta uraren dentsitatea dela-eta, ahalegin handiagoa egin beharra daukagu mugitzeko, are gehiago ezustekoren bati aurre egin behar izana egokituz gero. Hala, urpekaritzan hasi aurretik, behin eta berriro aipatzen ari garen trebakuntza fisiko hori landu beharra dago gorputza prestatzeko. Horrela, arrisku gutxiago izango dugu giharren nekearen ondorioz karranpak izateko, eta sendotu egingo ditugu gerrialdea, zangoak eta ipurmasailak. Orobat dira gomendagarriak bizkarreko giharrak, abdomenekoak eta besoak sendotzeko ariketak. Kontuan hartzeko aholkua da, halaber, urpekaritza konpainia onean egitea, eta asko urrundu gabe.

Urpean kideekin ongi komunikatzen jakitea funtsezkoa da arazorik ez dagoela berresteko. Urpekaritzan hasiberrientzat, aproposagoak dira ur lasai eta epelak, olatu handirik eta korronterik gabeak, sakonera gutxiko urak eta ikusmen onekoak. Eta gogoan izan neoprenozko jantzia soinean daramagun arren ura gorputzeko tenperaturarekin alderatuta hotzegia bada, hipotermia jasateko arriskua dagoela. Ongi aztertu behar dugu itsasoaren egoera beti; gogoan izan aldatu egiten dela eremuaren eta urte sasoiaren arabera. Murgilaldian ikuskizun zoragarriak ikusten dira, baina aipatu berri ditugun alderdiak kontuan hartu behar dira, urpekaritza segurua izango bada.

Esan beharrik ez dago ekipo osoa eta egoera onean dagoena erabili behar dela, lerro hauetatik aldarrikatu nahi dugun urpekaritza segurua egiteko. Murgildu aurretik, dena zuzen dagoela egiaztatu behar da. Komeni da aldez aurretik ongi aztertzea neoprenozko jantzia, urpekaritza betaurrekoak, hegatsak, erreguladorea, gerrikoa eta urpekaritza botilak, erlojua, linterna… Urpekaritzan seguru aritzeko, zorrotz errespetatu behar dira sakoneraren arabera eta murgilaldiaren iraupenaren arabera finkatutako azaleratze denborak. Burbuilak ur azalerara zer abiaduratan igotzen diren begiratuz antzeman daiteke modu seguruan igotzen ari garen edo ez. Azken batean, ez dezagun ahaztu urpekaritza jarduera benetan erakargarria dela, baina sasoian egotea eta prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskatzen dituela. Gozatu urpekaritzak eragiten dituen sentsazioez!

Lotutako berriak