
«Ángel Jareño elkarrizketatu dugu, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Uvesco Taldeko zuzendariorde orokorra. Elikagai-banaketako sektorean aritzen den enpresa horren jatorriaren eta ibilbidearen berri eman digu.»
Merkatua etengabe ari da garatzen, eta ez du bereizketarik egiten enpresa-mota batzuen eta besteen artean, haien jatorriari eta kapital-egiturari dagokienez. Gure egokitzapenerako iparrorratz eta iturri ona izan da gure bezeroen beharrak antzemateko eta horiei erantzuteko gure bokazioa eta egunero haiekin harremanetan dauden gure langileei entzuteko bokazioa bateratzea.
Enpresaren jatorria. Familia-enpresa, nor izan zen sortzailea.
♦ Noiz eta nola sortu zen?
Uvesco Taldea 1993. urtean sortu zen elikagaien banaketaren sektorean tradizio luzea duten bi enpresa elkartu izanaren ondorioz: Unialco, Irunen (Gipuzkoa) kokatua eta Ves, Corrales de Buelnan (Kantabria) egoitza zuena. Biek lan-filosofia bera zuten: kalitatea zerbitzuan eta produktuan, beste probintzietara zabaltzeko grinarekin batera. Horrek beren ahaleginak batzera eta, bereziki hazkunde organikoaren bidez, garatzera eraman zituen, tokiko beste banaketa-kate batzuk ere barneratuta.
♦ Non zaudete eta zein plantilla duzue.
Gaur egun, Uvesco Taldea elikagaien banaketan liderra da penintsulako iparraldean. 200 supermerkatu ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko, Kantabriako, Nafarroako eta Errioxako herri/hirietako auzoetan, eta 3.950 profesionalek ematen dute zerbitzua, bi ikur komertzialekin (BM eta Super Amara).
Aldi berean, zabaltzeko gure politikaren baitan, Madrilgo Erkidegoan garatzeari ekin diogu. Han, 2017ko bukaeran, 20 supermerkatu inguru eta 350 profesional izatea espero dugu.
Sustatzen dituzuen balioetako bat da pertsonen balioa eta hurbiltasuna.
♦ Nola helarazten da eta nola egiten da ikusgai?
– Bezeroak: Zerbitzu bikain bat ematen saiatzen gara, arreta zuzenarekin. Gure bezeroak dendako profesionalengandik hurbil senti daitezen nahi dugu, beren erosketarekin lotutako edozein zalantza edo behar azaltzeko erabateko konfiantza izan dezaten. Gure supermerkatuetako profesionalak bezeroarentzako arretan berariazko prestakuntza duten pertsonak dira, gure bezeroari zerbitzu berezi, atsegin eta egoki bat emateko. Era berean, eskaintzen ditugun produktuen ezaugarriei buruzko ezagutza tekniko handia dute.
– Hornitzaileak: Gure lehentasunetako bat da tokiko eta hurbileko hornitzaileekin lan egitea, eta gure ahaleginen zati handi bat horretara bideratzen dugu. Tokiko 400 hornitzaile baino gehiagorekin lan egiten dugu, haragi-, fruta- eta barazki-ekoizleekin, baita Kantabriako gure lonjekin ere. Funtsezkoa da gure hornitzaileekin harreman zuzen eta hurbil hori izatea gure bezeroek beren eskura izan ditzaten kalitateko produktuak, beren produktuak dendan egunero banatzeak bermatzen duen freskotasunarekin. Aldi berean, tokiko hornitzaileekin lan egiteak berekin dakar gauden lurraldeen aberastasuna, eta ekonomia jasangarri eta arduratsua gure ingurumenarekin.
Langileak: zertan datza zuen garapen profesionalaren, lidergoaren, komunikazioaren eta barne-entzuketaren plana.
Normalena da, elkar ezagutzeko hasierako epea igarotakoan, Uvesco Taldean sartzen diren pertsonek beren ibilbide profesionala gurekin egitea. Horrek esan nahi du gaitasun eta trebetasun berrietan prestatu behar ditugula denboran zehar; lehenik gure lehiakortasunari eusteko, baina, hori bezain garrantzitsu, beren enplegagarritasuna etengabe aldatuz joan dadin.
Horretarako, gaur egun, Uvesco Taldeko pertsonentzako gure sistemak bi helburu handiri erantzun nahi die: Alde batetik, profesional onenak izatea, eta hala, gure sektorean erosleari esperientzia onena eskaintzen dion enpresatzat hartuak izatea. Beste alde batetik, taldearen ikuspegi bateratua izatea, langile guztientzat batuko gaituen, talde gisa identifikatuko gaituen mezu orokor bat izan dezagun. Horretarako, komunikatzeko bideak ditugu gure langileekin. Horien artean daude barne-entzunari dagozkion bideak. Guztion artean elkarri eragiteko aukera ematen digute, kezkak eta beharrak ezagutzeko aukera, hala nola profesionaletako bakoitzaren funtzioen hobekuntza kolektiborako proposamenak ezagutzeko aukera.
Eta bi helburu handi horiek gure programa guzietatik sortzen dira: talentu-, aitorpen- eta garapen-planak, harrobiko planak, profesional berriak sartzekoak, prestakuntza-pilulak, online prestakuntza, barruko aginte-taldeak… Une honetan funtsezkoa da aitorpenaren arloa. Arlo horretan, lanbide-ziurtagiriaren programak abian jartzen ari gara. Ziurtagiri horrek gure profesionalen esperientzia eta ezagutza aitortzen du. Hala, duela gutxi hitzarmen bat sinatu dugu Eusko Jaurlaritzarekin. Horri esker, gure profesionalen esperientzia ziurtatu ahal izango dugu, eta horrekin, merkataritzaren esparruko prestakuntza profesionaleko bulego-titulu bat lortzea erraztuko diegu, gure sektorean aitzindari bihurtuz.
– Teknologiaren aldeko apustua.
Geografikoki banatutako 200 zentro baino gehiago ditugu, eta gure prozesuetan teknologia digitala sartzea beharrezkoa da, gure erronkei bermearekin ekiteko. Hala, gaur egun, hiru proiektuk hartzen dute gure denboraren zati handi bat:
– Online plataforma.
BM online denda anbizio handiagoko proiektu baten parte da, gure denda guztiak digitalizatzea helburu duen proiektu baten parte. BM onlinek urtebete egin du, eta emaitza ona izan du. Orain, beste urrats bat eman behar dugu, eta gure denda guztietan wifia eta contact less ordainketa jarriko dugu eta salmenta-gunean online erosketa jasotzeko prestatuko dugu. Proiektu horietako batzuk errealitate dira jadanik, eta aurten erabateko digitalizazioa izatea espero dugu.
– Aplikazioa:
BM Supermerkatuetako aplikazioa digitalizazio-prozesu horretan geure buruari jarri diogun helburuetako bat da, eta laster ikusiko dugu. Horrekin, bezeroei BMn mugikorraren bidez erosteko abantaila eskainiko diegu, eta hala, erraz, eroso eta azkar jaso ahal izango dituzte baleak, deskontuak eta sustapenak mugikorrean.
– Analitika aurreratua:
Argi izanda gure bezeroen datuak beraiei dagozkiela, algoritmoen eta adimen artifizialaren bidez haiek gurekin duten harremana hobea izan dadin lagundu dezakegu, laguntza eta aukera asko sartuz eta pertsonalizazioa lortuz eskaintza, aukera eta bezeroaren arretan.
♦ Nola lortzen du familia-enpresa batek urte hauetan guztietan egokituz joatea eta lehiakor izaten lortzea.
Familia-enpresaren kontzeptua ezin hobeki eta ezinbestez bateragarria da gaitasun altukoarekin eta zuzendaritza profesionala dutenekin.
Merkatua etengabe ari da garatzen, eta ez du bereizketarik egiten enpresa-mota batzuen eta besteen artean, haien jatorriari eta kapital-egiturari dagokienez. Gure egokitzapenerako iparrorratz eta iturri ona izan da gure bezeroen beharrak antzemateko eta horiei erantzuteko gure bokazioa eta egunero haiekin harremanetan dauden gure langileei entzuteko bokazioa bateratzea.
Horri esker, gure kalitatearen, zerbitzuaren eta tokiko produktuen balioei tinko eutsi ahal izan diegu, sektorean beste aukera batzuek etorkizunean jarraitzeko bidea ziruditen unean.
Etorkizuneko proiektuak.
Gure apustua kalitateko produktuak eskaintzen jarraitzea da eta beste lurralde batzuetara iristea, gure ikurraren jatorria ahaztu gabe: produktu freskoa, bikaintasuna bezeroarentzako arretan kalitateko lanaren bidez, eta kalitateko aukera. Urte honetan hamar establezimendu berri irekitzea aurreikusita dugu, horietako lehena Gasteizen irekia, urtarrilean, baita aurretik gure lurraldeetan zabaltzeari buruz esandakoa ere.
Bereziki zorrotzak dira supermerkatuak osasun-sistemaren hedapen gisa hartzeko eskakizun berriei erantzuteko egiten ari garen egokitzapenak. Izan ere, supermerkatuak osasunean eragile hartzeko joera dago, ez bakarrik elikadura osasungarri baten kontzeptuaren bidez, baizik eta urrats bat aurrera egin, eta medikuntzaren munduarekin elkarlanean arituz, gure bezeroei berariazko elikagaiak eta/edo horien konbinazioak aginduz.
Enpresa solidarioa, babeslea eta kolaboratzailea hainbat gai solidariorekin.
Uvesco Taldearen jardueraren zati handi bat gure inguruko erakunde eta talde sozialekin elkarlanean aritzeari zuzenduta dago. Horrela, presentzia aktiboa dugu gizartean, eta herritarren ohiko bizitzarekin oso lotuta dauden jarduerak sustatzen ditugu.
Arlo solidarioan, hitzarmen bat dugu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kantabriako elikagai-bankuekin, eta elkarlanean ari gara Cáritasekin eta Odol Emaileekin. Lankidetza horiek kolektibo baztertuen bizitza hobetzea helburu duten produktuak modu desinteresatuan eta doan ematea dute ardatz. Elikagai-bankuarekin, lehen emaileak gara Gipuzkoan, eta batez beste, 60 produktu-palet ematen ditugu hilean.
Gainera, duela 5 urte baino gehiago, plastikozko tapoiak biltzen ditugu, Aimarri (Sopelako haur gaztea) laguntzeko; guztioi esker 50 tona plastiko bildu dugu.
Arlo sozialean, BM Supermerkatuak Irungo Real Unión Cluben, Hondarribia Arraun Elkartearen, Santutxuko BM Bilbaoren eta Castroko La Marineraren babesle da. Horrez gain, eskubaloiko, errugbiko, hockeyko, txirrindularitzako, teniseko, piraguismoko eta abarreko beste kirol-talde eta -jardunaldi batzuekin elkarlanean ari da, baita herri-lasterketa eta -maratoietan ere.
