-
2018/01/30

Sartu gara 2018an eta, harekin batera, «Lantoki osasungarriak» kanpainak substantzia arriskutsuen esposizioaren arriskuen berri emango digu.
Kanpainaren xedea da substantzia arriskutsuen inguruko sentsibilizazioa handitzea eta prebentzioaren kultura zabaltzea Europako lantokietan.
Hona hemen gaiaren garrantzia eta ondorioak nabarmentzeko datu batzuk:
- Lan Baldintzen Europako Inkestaren arabera, galdetegia erantzun zuten Europar Batasuneko langileen % 18 produktu edo substantzia kimikoen esposiziopean egon ziren 2015ean, gutxienez bere lanaldiaren laurdenean.
- Enpresa handiek 1.000 produktu kimiko baino gehiago erabiltzen dituzte maiz (pinturak, tintak, itsasgarriak eta garbitzeko produktuak, besteak beste).
- ESENER-2 galdetegian (arrisku berri eta zabaltzen ari direnen Europako enpresentzako inkesta) jasotako informazioaren arabera, sektore hauetan da bereziki altua substantzia horien prebalentzia: Nekazaritza, basogintza eta arrantza, % 62; Fabrikazioa, % 52; eta eraikuntza, hondakinen kudeaketa eta uraren eta elektrizitatearen hornikuntza, % 51.
- Europar Batasuneko lanbide-gaixotasunen proportzio oso handi bat substantzia arriskuen esposizioaren ondoriozkoak dira.
- Estimazioen arabera, lanean kartzinogenoen esposiziopean egotearen zuzeneko kostuak 2,4 milioi eurokoak dira urteko Europan.
- 2017an, 129.000 substantzia inguru sailkatu ziren sailkapenaren, etiketatzearen eta ontziaren arabera (CLP araudia). 2017ko maiatzera arte, 10.000 substantzia baino gehiago erregistratu ziren REACHen (substantzia kimikoak erregistratu, ebaluatu, baimendu eta murrizteko araudia) Europako Esparru Ekonomikoan. Horien % 40ren kasuan, 100 tona baino gehiago ekoitzi edo inportatu ziren. Gainera, kontuan izan behar da ez direla REACHen barruan sartzen lan-operazioetan sortzen diren substantzia arriskutsuak, hala nola hautsa edo errekuntzaren ondoriozko gaiak.
Substantzia arriskutsuak uste duzuna baino ohikoagoak dira.
Enpresek hartu beharreko neurriak:
«Enplegatzaileak aurrena erabaki beharko du substantzia kimiko arriskutsuak lantokian presente dauden ala ez. Baiezko kasuan, substantzia kimiko horien ondorioz langileen segurtasun eta osasunari eragiten dion edozein arrisku ebaluatuko du». Gai Kimikoei buruzko Zuzentarauaren 4. artikulua
Legeriak, halaber, prebentzio-neurrien hierarkia espezifiko bat ezartzen du, enplegatzaileek nahitaez bete behar dutena. Hierarkia horri STOP izena ematen zaio (Substitution, Technological measures, Organisational measures, Personal protection)
Alegia:
1. Ordeztea.
2. Neurri teknologikoak.
3. Antolaketa-neurriak.
4. Babes pertsonala.
Norbera babesteko ekipamenduak ez dira lehen aukera, beraz.
EU-OSHAk udaberrian abiaraziko du 2018-2019ko kanpaina. Espero dugu alderdi interesatu eta elkartu guztiek aurreko kanpainari, «Lan osasungarriak adin guztietan» izenekoari, emandako babes gogotsua erakustea ere oraingo honetan.
Izan ezazu 2018-2019ko «Lan osasungarriak» kanpainaren xehetasun guztien berri.