Kontsideratzen da ekitaldi bat jasangarria dela hura diseinatu eta antolatzeko ingurumen-neurriak barne dituzten jarraibide batzuk kontuan hartu direnean, horren helburua izanik nagusiki ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriak albait gehien gutxitzea. Horretarako, IHOBEk Erronka Garbia metodologia du. Mutualiak integratua du prozedura hori bere ekitaldien antolamenduan eta garapenean. Hartara, ingurumenaren gaineko inpaktua gutxitu nahi da, eta, aldi berean, erakundeak eta bertaratzen diren pertsonak kontzientziatu nahi dira jendetza handiak biltzen dituzten ekitaldiak antolatzearen ondorio kaltegarriak arintzeko beharraz.
Onura nagusiak
- Energia-efizientzia handiagoa
- Ur-kontsumo txikiagoa
- Lehengaien berrerabilera
- Hondakin gutxiago
- Ingurumen-aztarna murriztea
Nola aplikatzen da?
IHOBEk ezartzen duen bezala, ekitaldi bat antolatzeko fase guztiak hartu behar dira kontuan:
- Diseinua eta plangintza. Lehendabiziko puntu honetan, ingurumena aintzat hartzeko, ekitaldiaren oinarriak definitu behar dira, kontuan hartuz zein diren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak eta lortu beharreko ingurumen-helburuak zein -jomugak. Horretarako, ekitaldiaren kokapenaren eta motaren arabera, hura garatzeko beharrezko baliabideak kudeatuko dira. Beharrizan materialak eta kostu ekonomikoa identifikatuko dira.
- Ekitaldi baten antolamendua. Diseinatu eta planifikatutakoan, hurrengo fasea da finantzaketa, kontratazioak eta erosketen plangintza zehaztea, eta ekitaldiaren komunikazio-kanpaina.
- Ekitaldia bera eta jarraipena. Fase honetan, plangintzatik gauzatzera pasatuko gara, alegia, ekitaldia ekoiztera eta azken komunikazioa egitera. Adibidez, diseinu- eta plangintza-fasean zehaztu bada hondakinak gaika bilduko direla, ekitaldiaren egunean hori ikusaraziko da, eta bilketarako ezarri diren neurrien berri emango zaie bertaratu direnei, hala nola edukiontzi espezifikoak hondakin-mota bakoitzerako. Halaber, ekitaldiak irauten duen bitartean, zenbait neurri hartuko dira kuantifikatu beharreko datuak biltzeko, adierazle espezifiko eta neurgarriak ezarriz. Adibidez, baliabideak, materialak, erosketak, energia, ura, isuri, hondakin eta emisioen sorrera, etab. Hartara, ekitaldiaren eragina kalkulatu ahal izango da.
- Desmuntatzea eta itxiera. Ekitaldia bukatutakoan, ekitaldia ingurumenaren aldetik ebaluatuko da, bildu diren datuen bitartez. Horretarako, Ingurumen Inpaktuaren Kalkulagailu bat du IHOBEk, eta ingurumen-inpaktu orokorra kalkulatzen laguntzen duena. Hiru metodologiaren arabera eskaintzen ditu emaitzak:
- Karbono-aztarna
- Aztarna hidrikoa
- Ingurumen-aztarna
Datu guztien bidez, antolakuntzak jakin ahal izango du eraginkorki jokatu duen edo ez, eta ikusi zer hobekuntza egin daitezkeen beste ekitaldi bat antolatzeko orduan. Erronka Garbia metodologia etengabeko hobekuntzaren filosofian oinarritzen da. Hartara, ikasketen integrazioa sistematizatzen du, ekitaldien inpaktua etengabe murrizteko.
Mutualia eta ekitaldietan ingurumena aintzat hartzea
Mutualiak urteak daramatza bere jardunaldietan ingurumena aintzat hartzen, eta, 2017. urtetik aurrera, IHOBEren Erronka Garbia metodologia aplikatu du. Metodologia horrek gerta daitezkeen ingurumen-eragin kaltegarriak albait gehien gutxitzeko ingurumen-neurriak integratzen ditu.
Iturria: IHOBE
