
Alta adierazpena onartzen duen ebazpenaren data arte? Ebazpena jakinarazten den arte?
– Lehen une batean, jarraibide argirik ez izatearen ondorioz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren zuzendaritza probintzialetan irizpide ezberdinak jarraitzen ziren aplikatu beharreko epeei dagokienez. Hala, zuzendaritza batzuetan alta adierazten duen ebazpena igaro eta hamar egun arte kobratzen zen prestazio ekonomikoa, eta, beste batzuetan, bost egun arte. Bestelako epeak ezartzen zituzten zuzendaritza probintzialak ere bazeuden.
– Gerora, jakinarazpenetan sortutako atzerapenak eta berauek gauzatzeko izaten ziren zailtasunak tarteko, auzitegiek irtenbide hertsi baten alde egin zuten aipatu subsidioaren araudian oinarrituta. Irtenbide horretan oinarrituta, prestazio ekonomikoa ezintasun iraunkorra kalifikatzen zen unera arte kobratzen zen (1994eko ekainaren 20ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikulua, 3. zenbakia).
Eta kalifikazioaren unea zehazteko, uztailaren 21eko 1300/1995 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 3. zenbakiko 1. paragrafoan ezarritakoa hartzen zen kontuan: «Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren testu bategineko 3. zenbakian aurreikusitako xedeetarako, ezintasun iraunkorraren kalifikazioa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko zuzendari probintzialaren ebazpenaren datan joko da gauzatutzat».
Horrenbestez, data bat ezarrita zegoela ulertzen zen: alta adierazten zuen ebazpenaren data.
– Aldiz, irizpide hori jarraituta, onuradunen kalteko egoera bat ematen zen, ebazpenaren jakinarazpena jaso arte lanera itzultzen ez zirenez, ez baitzuten ez bajaren prestazio ekonomikoa ez egun horiei zegokion soldata jasotzen.
Egoera horri erantzunez eta abenduaren 4ko 40/2007 Legeak altak aurkaratzeko ezarritako lau eguneko epea kontuan izanik, Auzitegi Gorenak honakoa ezarri du (2012-01-18ko epaia, 715/2011 errekurtsoa eta 2014-12-02 epaia, 573/2014 errekurtsoa): aipatu lau egunetan alta aurkaratzeko aukera badago, prestazioa kobratzeko azken eguna ezin da ebazpenaren datakoa izan, baizik eta prestazioa ebazpena jakinarazten den egunera arte jaso behar da.
Horrenbestez, hori da jarraitu beharreko irizpidea dagokion ebazpenaren bitartez alta modu zuzenean adierazten den ohiko kasuetan.
– Hala eta guztiz ere, aldi baterako ezintasunaren (baja) prestazioa kobratzeko azken data gisa alta adierazten duen ebazpenekoa eta ez jakinarazpenekoa mantendu da honako kasu honetan: aldi baterako ezintasuna luzatuz ebazpen bat izan denean, eta, horrekin batera, bigarren ebazpen batek lan egitea galarazten duen ezintasunik ez dagoela adierazi eta alta medikoa ezarri duenean ezintasun iraunkorrik ez izateagatik.
Horrenbestez, behin langilearen egoera kalifikatzen duen ebazpena dagoenean, data horretan bertan ematen da aldi baterako ezintasuneko subsidioaren luzapenaren iraungitzea eta ez ebazpen horren jakinarazpen-egunean.
Arrazoia egoera horretan onuradunaren egoera kalifikatzeko xedez luzapen edo atzerapen bat eman izana da (1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren 2. zenbakia; egun, 2015eko urriaren 30eko Legearen 170.2 eta 174.2 artikuluak), behin kalifikazio hori ematen denean, aldi baterako ezintasun egoera hori desagertu egiten baita.
Egoera ezberdin bat da, egoeraren kalifikazioak berak zehazten duena, une horretan bertan iraungitzen baita bajaren prestazioa.
Azaldutako kasuan, uztailaren 21eko 1300/1995 Errege Dekretuaren 1. artikulua aplikatzen da, honako hau ezartzen duena: «Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eskumena da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 131 bis artikuluaren 3. zenbakiak aipatutako aldi baterako ezintasun egoeraren ondorio ekonomikoen luzapenaren iraungitzea ebaztea… baliaezintasun-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu edo ukatzen den ebazpena ematen den unean». Horrenbestez, aipatutako ebazpenaren data izango da aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoen luzapena indargabetuko den unea, eta, ondorioz, berau ordaintzeari utziko zaio.
Egoera horren aurrean, abenduaren 4ko 40/2007 Legeak ohiko alta kasuak aurkaratzeko aurreikusitako aukera dagoeneko existitzen ez denez, Administrazio-ebazpenak ematen diren unean bertan berehalakotasunez gauzatzeko printzipio orokorra da aplikagarria (2015eko urriaren 1eko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. eta 39.1 artikuluak); horrenbestez, ebazpena ematen den unean sartzen da indarrean eta ez jakinarazten denean.
Azkenik, Gizarte Segurantzaren Lege Orokor berriak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak arautzen duena, honakoa ezartzen du 174 artikuluko 4. zenbakian: «Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aldi baterako ezintasun egoera espresuki luzatzea erabakiko balu, eta luzapen hori indarrean den bitartean ezintasun iraunkorreko espediente bat abian jarriko balitz, aldi baterako ezintasun egoera izapide hori abian jartzen duen ebazpenaren datan indargabetuko da».
Era berean, 174. artikuluko 5. zenbakian, honako hau ezartzen da: «Ezintasun iraunkorreko proposamendun alta mediko kasuetan… langilea aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoen luzamendu-egoeran egongo da ezintasun iraunkorra kalifikatzen den arte». Jarraian, honakoa ere gaineratzen da: «Aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, ezintasun iraunkorreko prestazio ekonomikoaren ondorioek ezintasuna aitortzen duen erakunde kudeatzailearen ebazpenaren datarekin bat egingo dute, prestazioa langilea aldi baterako ezintasunaren ondorioen luzapenagatik jasotzen ari zena baino handiagoa denean salbu, kasu horretan ezintasun iraunkorraren indargabetzearen hurrengo egunera atzeratuko baitira».
Horrenbestez, egoera aurrerago kalifika dadin luzatu den kasuetan, aldi baterako ezintasuna eta dagokion subsidio ekonomikoa egoera kalifikatzen duen ebazpena ematen den unean geratuko dira bertan behera; hori horrela, prestazioa egoera kalifikatzen duen ebazpenaren data arte ordainduko da.
– Azaldutako bi jurisprudentzia-irizpideok dagozkion kasuetan aplikatuz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jarraibideak eman ditu irizpideok estatu-mailan bateratuz eta aurrerantzean aplikatu beharreko irizpideak direla zehaztuz.
Pedro Fraile. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
