
Neguan gidatzeak gure autoarekin arreta handiagoa jartzea eskatzen du. Elurra, izotza, haizea, ura, edo lainoa… baldintza klimatologiko txarrak bidelagun deserosoak dira, eta neguan segurtasunez gidatzeko hainbat neurri hartzera behartzen gaituzte.
- Autoa prest negurako:
Autoak beti egon behar du prest, baina bereziki neguari begira, baldintza klimatologikoak gogorragoak izan daitezkeenean. Zure autoa lantegi batera eraman dezakezu, puntu garrantzitsuak azter ditzaten, edo zuk behar den denbora har dezakezu dena bere lekuan dagoela egiaztatzeko, egoera desatseginak gerta ez daitezen edo zure segurtasuna arriskuan jar ez dezaten.
- Pneumatikoak: Haien presioa egiaztatu eta haien sakonera aztertu (legearen araberako gutxienekoa 1,6 mm-koa da; baina, batez ere baldintza txarretan, 3 mm-koa izatea komeni da).
- Motelgailuak: Haien egoera txarrak balaztatzeko tartea handiagotzen du.
- Frenoak: Komeni da 60.000 km egindakoan edo bi urtean behin aldatzea
- Bateria: egoera txarrean, ibilgailua abiarazteko arazoak izan ditzake, besteak beste.
- Argiak: Oso garrantzitsuak dira ikusteko eta ikusia izateko.
- Likidoak: Berrikusi eta/edo aldatu freno-likidoa, olioa, izotz-kontrako likidoa zein beira-garbigailuko likidoa.
- Gomak, beira-garbigailuaren funtzionamendua eta atzeko beira termikoa.
Kilometro asko egiten badugu mendi-errepideetatik edo eremu oso hotzetako ibilbideetatik, elurra eta izotza arraroa ez den horietatik, Europako herrialde askotan nahitaezkoak diren neguko pneumatikoak zinez komenigarriak dira, urteko aldi horretan ziurrago gidatzeko.
- Informa zaitez errepideen egoeraz, eta aurretiaz planifikatu:
Bidaia bat egitea pentsatu baduzu, informa zaitez aurretiaz bideen egoeraz; hainbat web-orri kontsultatu dezakezu, hala nola Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarena edo RACCena edo trafikoa.net. Eguraldiaren iragarpena oso txarra bada, agian hobe izango da bidaia bertan behera uztea edo beste noizbait egitea. Hala ere, elurrak harrapatzen bazaitu, gogoan izan babes zibilaren gomendioak:
- Egon auto barruan.
- Izan ibilgailuko motorra piztuta, eta berogailua jarrita, eta ireki, noizean behin, leihatilak airea berriztatzeko.
- Ez zaitez lo gelditu.
- Egiaztatu ihes-hodiaren irteera libre dagoela, kea bidaiari-lekuan sar ez dadin.
- Sintonizatu irratia, horrela eguraldiaren iragarpenen, errepideen egoeraren eta ematen ari diren argibide ofizialen berri izango baituzu.
Neguan, gure geografian, elurretako kateek beti egon behar dute maletategian. Porturik igo behar ez badugu ere, bidaia batean ekaitz batek ustekabean harrapa gaitzake, eta blokeatuta utz gaitzake elurretako katerik ez badugu. Garrantzitsua da jartzen jakitea.
- Neguan ikusteak eta ikusia izateak duen garrantzia:
Urteko aldi honen arazo handienetako bat ikuspena da. Neguan argi-ordu gutxiago dago, eta horri euria, lainoa, izotza, lurruna eta antzeko fenomenoak gehitu behar zaizkio. Horregatik, honako aholkuak kontuan har ditzazun komeni da:
- Autoa abiarazi aurretik, kendu zure autoak sabaian, beiretan… izan ditzakeen elur-, izotz- edo lokatz-arrastoak. Gainera, garbitu, aldian-aldian, auto-garbiketako tunel batean.
- Garbitu faroak, zikinkeriak ez baitu argia igarotzen uzten. Eta ez ahaztu atzeko argiez edo eltxoez eta beste intsektuez.
- Aldatu faroetako lanparak. Bat bakarrik erretzen bada ere, aldatu biak. Kontuan izan modu simetrikoan lan egiten dutela.
- Desizoztu haizetakoa autoa abiarazi aurretik. Beharrezkoa bada, piztu atzeko beira termikoa.
- Saihestu hezetasuna: autoan ura sartzen bada, beirak azkar lurruntzen dira.
- Gogoan izan euriteekin edo elurteekin nahitaezkoa dela lainotako argiak erabiltzea.
- Eta azkenik, arraroa gerta badaiteke ere, ez ahaztu zure eguzkitako betaurrekoak. Neguan ere eguzkiak dirdira egin dezake -hotza egiten badu ere-, eta beherago egotean, udan baino gehiago itsutzen gaitu, eta ikuspena okertzen du.
- Gidatzeko aholkuak neguko baldintzetan:
Euria, haizea, lainoa, izotza, elurra. Askotarikoak dira neguan gidatzean aurki ditzakegun baldintzak. Nolanahi ere, baldintza zailak dira, eta gure aldetik arreta berezia eskatzen dute, gure gidatzeko modua errepidearen egoerari egokituz.
Bidaia luzeetan, geldialdi-kopurua handitzea komeni da, eta luzatzeak egiteko eta hidratatzeko baliatzea. Neguan gidatzeak tentsio handiagoa eragiten du, eta beraz, neke handiagoa; horrek gidariaren gaitasuna murrizten du.
Errepidea oso labainkorra bada, leuntasunez jardun bolantean, azeleragailuan eta frenoa erabiltzean. Errepidearen itsaspena txikitzen bada, abiadura moteldu behar da, eta martxa luzeagoetan gidatu, trakzionatzean galtzen den itsaspena txikiagoa baita. Errepidean elurra pilatzen denean, jarraitu beste ibilgailuek utzitako arrastoei itsaspen handiagoa ziurtatzeko. Autoak, elurraren gainean abiarazten denean, irrist egin ez dezan, funtsezkoa da poliki-poliki azeleratzea. Gurpilek irrist egiten badute, aldagailuan abiadura handiago bat aukeratu behar da, gurpiletan aplikatutako indarra txikitzeko.
Errepideak dirdira egiten badu, izotza egon daiteke! Toki laiotzetan arreta handia izan behar da -errepide-aldeetako tarte arboladunak-, horrelakoetan hezetasunak irauten baitu, baita izotzak ere. Eguneko lehen orduetan eta gauez, aukera handiagoa dago gure errepidean itsaspen txikiko tarteak aurkitzeko. Izotz-plaka batetik igarotzean, jaso leunki oina azeleragailutik, ez balaztatu, eta zuzendu bolantea autoko atzealdea doan alderantz. Ibilgailuak ABS badu, sistemak kontrolaren galera txikiagoa izan dadin jardungo du. Aurreko ardatzaren kontrola galtzen duzunean, itsaspena berreskuratzeko, moteldu abiadura oina azeleragailutik jasoz. Beharrezkoa bada, zapaldu frenoa arinki, gurpilak blokeatu gabe.
Elurte gogor baten ondorioz, geldirik geratuz gero, elurra kentzeko makinei bidea libre uzten saiatu behar da. Ez utzi ibilgailua, ziurtasunez aterpe baten berri ez badugu. Komeni da beti nahikoa erregai izatea, larrialdietan, berogailua piztuta izateko.
Azkenik, kontziente izan zure mugez, eta beste gidari batzuenez.
Neguko gidatzeari buruzko informazio gehiago:
