Argitaratu da PJC/297/2026 Agindua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez garatzen diren Gizarte Segurantzako kotizazioari, langabeziari, jarduera uzteagatiko prestazioari, Soldatak Bermatzeko Funtsari eta lanbide-heziketari buruzko legezko arauak, 2026 ekitaldirako. Hori horrela, buletina eta egin ditugun koadroak bidaltzen dizkizuegu, eta espero dugu erabilgarriak izatea.
Berritasun gisa, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 19.bis artikuluan aipatutako ordainsariei dagokienez eta Gizarte Segurantzaren Beste Eskubide Batzuen Kotizazioari eta Likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorraren 72.bis artikuluan ezarritakoaren arabera, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko solidaritate-kotizazio gehigarria honako kotizazio-tasa hauek aplikatuz ezarriko da:
a) Ehuneko 1,15 5.101,21 euro eta 5.611,32 euro arteko ordainsari-zatiari; ehuneko 0,96 enpresaren kargura izango da, eta ehuneko 0,19 langilearen kargura.
b) Ehuneko 1,25 5.611,33 euro eta 7.651,80 euro arteko ordainsari-zatiari; ehuneko 1,04 enpresaren kargura izango da, eta ehuneko 0,21 langilearen kargura.
c) Ehuneko 1,46 7.651,80 eurotik gorako ordainsari-zatiari; ehuneko 1,22 enpresaren kargura izango da, eta ehuneko 0,24 langilearen kargura.
Eguneko kotizazio-modalitatea duten langileen kasuan, kotizazio gehigarri hori ordaindu beharko da ordainsarien zenbatekoa eguneko gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoa bider kotizatu beharreko alta-egunen kopuruaren emaitza baino handiagoa denean.
Hileko kotizazio-modalitatea duten langileen kasuan, kotizazio gehigarri hori ordaindu beharko da ordainsarien zenbatekoa hileko gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoa baino handiagoa denean, kotizatu beharreko alta-egunen kopuruaren proportzioan.
