2018/07/18
Gaur egun, errealitate bihurtzen hasia da administrazio-lana telelanaren bidez aurrera eramatea. Lan-modalitate hori Langileen Estatutuko 13. artikuluan aurreikusten den urrutiko lanaren parekotzat jo daiteke, baina desberdintzen dituen elementu batekin: informazioaren teknologien erabilera (IKTak).
Urrutiko lana deritzo langileak lana nagusiki bere etxean edo berak askatasunez aukeratutako toki batean egiteari, enpresaren lantokian bertan egin ordez. Hau da, ezaugarri nagusia da lana langilearen etxean egiten dela, edo berak askatasunez aukeratutako tokian. Telelanaren kasuan,lana enplegatzailearen lokaletatik kanpo egin behar da ohikotasunez, eta informazioaren teknologiak erabili behar dira. Telelana, beraz, urrutiko lanaren azpimotatzat har liteke, bien arteko desberdintasuna ezartzen duen elementua informazioaren teknologiak erabiltzeko beharra dela.
Desberdintasun hori islatzen da Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren 2002ko otsailaren 8ko epai batean, hau esatean: “ez da telelana nahasi behar etxetiko lanarekin; izan ere, gaur aztergai dugun honetan, enpresak langilearen lana kontrolatzen jarraitzen du, horretarako berariaz prestatuta dagoen software baten bidez, software accountings deritzenen bidez, hain zuzen, halakoek eginiko eragiketen kopurua eta eragiketa bakoitzean erabilitako denbora erregistratzea ahalbidetzen dutela, eragiketa horien hasiera-ordua eta bukaera-ordua, etenak, hutsegiteak eta abar ere jasota.Aitzitik, etxetiko lanean, agindutako zeregina egiteko baino ez da eskatzen, eta zeregin horren nolabaiteko kalitatea”.
Horretatik guztitik ondorioztatzen da telelana osatzen duten elementuak hauek direla:
Goian aipaturiko elementuek eskatzen dute lana –IKTen bidez– ohikotasunez eta nagusiki enpresaren instalazioetatik kanpo egin dadila, eta hortik ondorioztatzen da telelanetik kanpo geratzen direla horrela une jakin batzuetan edo noiz behinka gauzatzen diren jarduerak, edo ordu-kopuru txiki bat eskaintzen zaizkionak. Horrenbestez, ohikotasunaren eta nagusitasunaren elementu kronologikoak aldi berean gertatzen badira baina ez da telelana izango.
Ohikotasunak eskatzen du denbora luzea izan dadila, inola ez hondar-denbora edo noizean behingoa. Nagusitasun-elementuari dagokionez, bi alderdi izango ditu: lanaldia gehienbat enpresaren instalazioetatik kanpo egitea, eta lana nagusiki IKTak erabiliz egitea. Bi elementuek aldi berean gertatu behar dute. Ez da telelana langileak nagusiki enpresaren instalazioetatik kanpo egin, baina aldi berean IKTak era intentsiboan erabiltzen ez dituenean lan hori betetzean; hori ez litzateke telelana, urrutiko lan hutsa baizik.
Laburbilduz, oro har, onartzen da telelantzat jotzen dela lanaldiaren % 50 baino gehiago enpresaren instalazioetatik kanpo egitea eta nagusiki IKTen bidez gauzatzea.
Bulegoko lana telelan mistoa deritzon modalitatearen bidez egitea, hau da, lana bai etxean eta bai bulegoan bertan egiten denean, etxekoa nagusi dela, funtsezko aldaketa bat da kotizazioaren ondorioetarako, zehazki, “bulegoko pertsonala” deitutakoarentzat LI/LGrengatik aplikatu behar den prima ezartzerakoan.
2014ko urtarrilaren 1az geroztik, laneko kontingentziengatik kotizatzeko primen tarifak FJSNari loturik daude, 2007rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 42/2006 Legeko laugarren xedapen gehigarrian xedatuta dagoena dela medio (indarrean den idazketan, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 22/2013 Legeko 19. azken xedapenaren arabera eta 2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 48/2015 Legeko 18. azken xedapenaren arabera).
Arauketa horretan, enpresari esleituriko FJSNaren araberako aplikazio orokorreko tarifa batzuk ezartzen dira, I. koadroan adierazten diren tarifak, hain zuzen. Era berean, arauan xedatzen da, salbuespen gisa, II. koadroan jasotako tarifa murriztuak aplika daitezen, kotizazioaren xede diren subjektuek baldintza jakin batzuk betetzen badituzte, jarduera bulegoan soilik betetzea, besteak beste (a).
Dena dela, lana bulegoetan egite hutsak ez du eragiten II. koadroa aplikatzea, baizik eta, aldi berean, aurrerago azalduko dugunez, beste elementu batzuk ere kontuan izan behar dira.
Aipaturiko xedapenak ezartzen du, arau orokor gisa (lehen arauan), enpresaburuek Gizarte Segurantzari kotizatuko diotela –zein erregimenetan kokatzen diren kontuan izan gabe– dagokien ekonomia-jardueraren, lanbidearen edo egoeraren arabera, laneko istripuen eta gaixotasunen kotizaziorako tarifak aplikatuz, abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuko 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera (Gizarte Segurantzako beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko erregelamendu orokorra).
Bestalde, bigarren arauan agintzen da zein eratan aplikatuko den lehen atala, eta honako hau ezartzen da, lehen atalean xedaturikoaren arabera aplikagarria den kotizazio-tasa zehazteko: “I. koadroan jasotakoa hartuko da erreferentziatzat, enpresak gauzatzen duen ekonomia-jarduera nagusiari koadro horretan esleituriko tasa identifikatzeko“, ekonomia-jardueren sailkapen nazionalari jarraituz.
Hirugarren arauan xedatzen da, hain zuzen, zein kasutan den aplikagarria II. koadroko tarifa murriztua. Arau hori 2016. urteaz geroztik aldatu zen, 2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 48/2015 Legeko 18. azken xedapenean jasotako idazketa berriaren bidez:
«Hirugarrena.Aurreko arauan adierazitakoa gorabehera, besteren konturako langileak duen lanbidea edo egoera II. koadroan adierazitakoren bat baldin bada, aipatutako koadroan lanbide edo egoera horretarako xedatutako kotizazio-tasa izango da aplikatzekoa; betiere, tasa hori enpresaren jardueraren arabera dagokionarekin bat ez badator.
II. koadroko «a» letran aipatzen diren lanbideei aplikatu beharreko kotizazio-tasa zehaztu ahal izateko, «bulegoko lanak bakarrik egiten dituzten langile» gisa hartuko dira besteren konturako langileak, enpresaren jarduera ekonomikoari dagozkion arriskuen eraginpean egon gabe, bulegoko lanak bakarrik betetzen dituztenean, baita horiek enpresaren jarduerarekin bat datozenean ere, eta, betiere, lan horiek enpresaren bulegoetarako xedaturiko lekuetan bakarrik betetzen badira.”
Telelan mistoa deritzon modalitatean –hau da, lana bai etxean eta bai bulegoan bertan egitekoa denean eta etxekoa nagusi denean– bulegoko lanak soilik betetzen dituzten telelangileek ez dute beren lana egingo enpresaren bulegoetarako xedaturiko lekuetan bakarrik, eta, hortaz, ezingo zaie aplikagarria izan pertsonal-mota horrentzat II. koadroan jasotako tarifa murriztua; hala, laneko kontingentziengatik I. koadroko tasa arrunten arabera kotizatu beharko dute, dagokien FJSN nagusiaren arabera.
Horrenbestez, II. koadroko tarifa murriztua aplikatzen ari den kasuetan, kotizazio-tasak I. koadroko tarifa orokorrera egokitu beharko lirateke, ondorioak telelanaren hasieratik izanda.
IÑAKI ESNAL
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Uztaila 2018