2018/10/08
2018ko urriaren 3tik 5era, Donostian Ekografia Muskuloeskeletikoaren X. Nazioarteko Ikastaroa egin dute. Mutualiak eta Espainiako Ekografia Elkarteak antolatu Ikastaroan, hainbat alorretako 110 mediku baino gehiago egon dira, guztiak ere lokomozio aparatuaren ekografian interesa dutenak.
Ikastaroan, ekografia muskuloeskeletikoak lokomozio aparatuan diagnostikorako eta laguntza terapeutikorako ematen dituen aukerak eguneratzen aritu dira, batez ere, tendoiei, lotailuei, nerbioei, hodiei, muskuluei eta ehun adiposoari dagokienez. Gainera, prestakuntza teoriko eta praktikorako gelak egon dira prestakuntza praktikoari heltzeko, besteak beste, teknika inbaditzaileen alorrean eta anatomiako hainbat gunetan, infiltrazioak edo ziztadak egiteko ekografiaren bidez kontrolatu eta gidatzearen alorrean.
Ikastaroaren zuzendari eta Mutualiaren Pakea klinikako traumatologia eta ortopedia zerbitzuaren burua den Javier de la Fuente doktorearen arabera, «etengabeko aurrerapen teknikoek, batik bat ekografia gailu berriek duten erresoluzioak eta irudiak denbora errealean sortzeko ematen duten aukerak, beharra sortzen dute lokomozio aparatuko ekografiaren teknikak eta argibideak etengabe errebisatzeko». «Zer ezin du ikusi ekografiak?» kontzeptu zaharra aldatzen ari da, eta «nola ikus dezaket ekografikoki?» ari da bihurtzen.
Ikastaroko irakasleak hainbat espezialitatetako medikuak izan dira, ekografia muskuloeskeletikoan esperientzia eta ezagutza handia dutenak, eta beren ikerketarik eguneratuenak eta etengabe gaiaren inguruan egiten dituzten berrikusketak aurkeztu dituzte. 20 irakasle baino gehiagoko zerrendan egon dira lokomozio aparatuko ekografietan esperientziarik handiena duten Espainiako espezialistak. Aurten, gainera, Carlo Martinolik hartu du parte; hain zuzen ere, alor honetan munduko aditurik garrantzitsuenetako bat da, eta gaiari buruzko bere azken lanak aurkeztu ditu.