OAEI akronimoarekin, osasun-asistentziarekin erlazionatutako infekzioei esaten zaie, hau da, pazienteak osasun-zentro batean jasotako arretaren ondorioz har ditzakeenei.

Infekzio horiek osasun publikoko arazo larriak dira Espainian, Europan eta mundu osoan. Ospitaleko egonaldiak luzatzen dituzte, epe luzera desgaitasuna eragiten dute, mikroorganismoen antimikrobianoekiko erresistentzia handitzen dute, kostu gehigarriak sortzen dituzte eta saihestu daitezkeen heriotzak eragiten dituzte.
European Center for Disease Prevention and Control (ECDC) erakundearen datuen arabera, urtero 4 milioi paziente inguruk harrapatzen dute OAEI bat EBean, eta paziente horietatik 37,000 inguru hil egiten dira.
Espainian, EPINE ikerketaren arabera, ospitale batean dauden gaixoen ia % 8k gutxienez OAEI bat dute, eta horietatik % 30-40 prebenitu egin daitezke. Adibidez, kateterrari lotutako bigarren mailako bakteriemia harrapatzeak ospitaleko egonaldia 6 egunez luzatzea, 30.000 €-ko kostua eta % 10 inguruko heriotza-tasa dakar.
Kontuan izan behar dugu OAEIen transmisio biderik nabarmenena eta ohikoena zeharkako kontaktua dela, material klinikoaren edo gainazal kutsatuen, garbitu gabeko eskuen edo kendu ez diren eskularru kutsatuen bidez. Horregatik eskuen higienearen garrantzia gogorarazi behar dugu, neurri horrek murrizten baitu gehien OAEI bat harrapatzeko arriskua, eta, gainera, aplikatzeko erraza eta ekonomikoa da, bai kostuari bai denborari dagokionez.
Eskuen higiene egokiari esker, profesional hobeak gara.
