Apirilaren 25etik, Mutualiaren Estranetak funtzio berria izango du.
Modulu berri horri esker erabiltzaileek, alde batetik, Enpresetako Ezbehar-indizea egiaztatu, eta Gehienezko Balioetatik behera dauden egiaztatu ahalko dute, Lan eta Immigrazio Ministerioaren Aginduak ezartzen duen eran, eta, bestetik, baldintza hori eta martxoaren 31ko 404/2010 Errege Dekretuak jasotzen dituen gainerakoak betetzen badira, Bonusak eskatu ahalko dituzte.
Bonus sistemaren bitartez kontingentzia profesionalengatiko kotizazioak murrizten zaizkie laneko istripuak gutxitu eta prebenitzearen alde modu berezian lan egin duten enpresei.
Sistema horren helburua da istripu-kopurua modu eraginkorrean gutxitzea ahalbidetu duten enpresei pizgarri bat eskaintzea. Halaber, laneko arriskuak prebenitzeko inbertsio zehatzak egin, eta lan-istripuak nahiz gaixotasun profesionalak prebenitzeko jarduera eraginkorrak gauzatu dituztenei aplikatuko zaie pizgarri hori.
Edozein enpresak eskatu ahalko du Bonusa, baldin eta kontingentzia profesionalengatik Gizarte Segurantzan kotizatzen badute, jarraian adierazitako baldintzak betetzen badituzte, eta eskabidea epe barruan eta dagokion forma errespetatuz aurkezten badute. Hurrengo hauek izan daitezke:
- 5.000 eurotik gora kotizatzen duten enpresak: dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik, guztira, 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresak.
- Enpresa txiki onuradunak: Dagokion epealdian (lau ekitaldi gehienez) kontingentzia profesionalengatik 250 eta 5.000 euro artean kotizatu duten enpresak.
Pizgarria eskuratu nahi duten enpresek ondorengo baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:
- Dagokion epealdian arriskuak gutxitzera bideraturiko instalazio, prozesu edota ekipoetan inbertsioak egin izana. Inbertsio horiek behar bezala dokumentatuta eta kuantitatiboki zehaztuta egon beharko dira.
- Dagokion epealdian ezbehar orokorren eta muturreko ezbeharren indizeak ez gainditzea.
- Gizarte Segurantzan kotizatzearen inguruko betebeharrak egunean edukitzea. Egoera hori bere horretan mantendu beharko da eskaera egiteko epealdi guztian zehar.
- Dagokion epealdian administrazio-bidean irmoa den ebazpen bidez zehapenik jaso ez izana. Zehapen horiek laneko arriskuen prebentzio arloan edota Gizarte Segurantzaren alorrean arau-hauste larri bi baino gehiago edota arau-hauste oso larri bat egitearen ondoriozkoak lirateke.
- Prebentzio-jarduerei dagokienez enpresa bakoitzak egiten duen adierazpen-ereduan jasota dauden laneko arriskuak prebenitzeari buruzko oinarrizko baldintzak betetzea.
Dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresek, aurreko guztiaz gain, beheko ekintzetatik gutxienez bi egiaztatu beharko dituzte:
- Lantaldean prebentziorako baliabide propioak txertatzea (prebentzio-arduradunak izendatzea edo prebentzio-zerbitzu propioa sortzea).
- Prebentzio-sistemaren kanpo-auditoriak egitea, horretara behartuta egon ez arren.
- Enpresan mugikortasun-planak egotea, enpresatik kanpo egin beharreko eginkizunetan lan-istripuak prebenitzeko eta “in itinere” istripuak prebenitzeko.
- Dagokion epealdian gaixotasun profesionalen bat edukitzeko arriskua duen enpresako nahiz lan-zentroko langileen portzentajea gutxitu dela egiaztatzea.
- Kalitate-ziurtagiria edukitzea edota ENACek akreditaturiko erakunderen batek enpresan laneko arriskuen prebentzio-sistemek funtzionatzen dutela egiaztatzea.
Dagokion epealdian kontingentzia profesionalengatik, guztira, 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresen kasuan, epealdi jakin horretan kontingentzia profesionalengatik ordaindu diren kuoten zenbatekoaren %5 artekoa izan ahalko da pizgarria; eta %10 artekoa, baldin eta aztertu diren epealdiak jarraikakoak badira, eta justu aurreko epealdian pizgarria jaso bada. Pizgarriak ezingo du gainditu inbertsioak gauzatzeko bideratu den, eta egiaztatuta dagoen zenbatekoa.
Dagokion epealdian (lau ekitaldi gehienez) kontingentzia profesionalengatik 250 eta 5.000 euro artean kotizatu duten enpresa txikien kasuan, pizgarria 250 artekoa izan ahalko da lehendabiziko epealdian, eta 500 eurokoa, berriz, bigarren epealdian nahiz hurrengoetan, justu aurreko epealdian pizgarria jaso denean, betiere.
Pizgarria jaso nahi duten enpresek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute mutuan (edo kontingentzia profesionalen babesaz arduratzen den erakundean), urtero-urtero, apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitartean.
Informazio gehiago behar izanez gero, jar zaitez harremanetan Mutualiako zure Kudeatzailearekin.
Araba: 945 00 90 92
Bizkaia: 944 25 25 56
Gipuzkoa: 943 44 05 45
Madrid: 91 567 03 71