2019/01/08
Mutualiak, laneko arriskuen prebentzioaren arloko beste dibulgazio jarduera bati ekin dio berarekin elkartutako enpresentzat. Kasu honetan, exoeskeletoek laneko munduan dituzten aplikazioak ezagutaraztea da xedea.
Hainbat exoeskeleto mota daude merkatuan, baina, hasteko, bizkarreko exoeskeleto pasiboa (kanpoko hornidurarik gabekoa) aukeratu dugu. Bizkarraren flexio eutsia edo errepikatua eskatzen duten ariketen ondorioz, zama manipulatuz edo manipulatu gabe, sortzen diren gerriko lesioen prebentziorako ekipo pertsonala da. Beste neurri prebentibo batzuk, hala nola neurri teknikoak aplikatzea, zamatzeko bitarteko laguntzaileak erabiltzea, prestakuntza, lanen antolaketa, eta abar ezinezkoak direnerako eta/edo eraginkorrak ez direnerako gomendatzen da.
Exoeskeletoa gailu eramangarria da, arnes baten tankerakoa, pertsona batek darama aldean eta energia gehigarria sortzen du lan fisikoetarako. Langilea aurrerantz makurtzen denean, sistemak bermea eskaintzen du, batez ere bularraren aldean, indarra haren zangoen goiko aldera desbideratuz eta gerriaren inguruko tentsio fisikoa gutxituz. Haren egitura zaluak aukera ematen dio erabiltzaileari ibiltzeko, esertzeko, eskailerak igotzeko eta gorputza askatasunez mugitzeko, eta, horrez gain, erabiltzaileak bere posturari buruz duen kontzientzia hobetzen du.
Dauzkan beste abantaila batzuk honako hauek dira: laneko denboraren eraginkortasuna handitzen du, inplementazio erraza du, mantenimendu minimoa, % 100 mekanikoa da (bateriarik gabekoa), eta gordetzeko zein garbitzeko erraza.
Bizkarreko exoeskeletoa hainbat sektore eta jardueratarako gomendatzen da, hala nola: automozioa, aeronautika, industria astuna, lan logistikoak edo biltegikoak, osasun arloa, laborantza…
Mutualiak, gaur egun, bi ekipo dauzka hala nahi duten enpresei maileguan eskaintzeko, horien erabilerari buruzko aholkularitza pertsonala emanez, haien lanpostuen ezaugarrietara egokituta, eta erraztasunak emanez gerriko lesioak murrizteko erabiltzen diren era honetako ekipoen erosketa posibleei buruzko erabaki-hartzeei buruz.