exosasun
Itzuli

ExOsasun proiektua

Exoeskeletoen ikerketa eta garapena, lan-ingurunean nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko

2022ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Asteak, urriaren 24tik 28ra bitartean egingo denak, “Lan osasungarriak, erlaxa ditzagun kargak” izeneko kanpaina europarra du ardatz, eta helburu nagusia nahasmendu muskuloeskeletikoei aurrea hartzea da. 

Osalanen datuen arabera, nahasmendu muskuloeskeletikoak dira laneko gaixotasunik ohikoenak; langileen % 60k uste du nahasmendu muskuloeskeletikoak direla beren arazo larrienak, eta min fisikoak dira nahasmendu horien ondorio nagusiak. Ondorio nagusiak min fisikoak izan daitezke, gaixotasun kronikoak, laneko bajak eta abar eragin ditzaketenak. Ondorio ekonomiko eta laboralak ere baditu, diagnostikoak eta tratamenduak eragiten duten gastua laneko istripuek eta lanbide-gaixotasunek eragindako gastuaren % 40 baita EBko herrialde batzuetan, eta inpaktu ekonomikoa BPGren % 2 ingurukoa da. 

“Laneko gaixotasun ohikoenak dira nahasmendu muskuloeskeletikoak; langileen % 60k uste du gihar eta hezurretako nahasmenduak direla beren arazo larrienak.” 

Prebentzioa da nahasmendu muskuloeskeletikoei aurre egiteko oinarria. Helburu horrekin sortu zen “ExOsasun Proiektua”. Proiektuaren helburua laneko ingurunean halako nahasmenduak murriztea da, exoeskeleto adimendun eta pertsonalizagarriak ikertuz eta garatuz, horrela, gehiegizko esfortzuek EAEn eragin handiena duten sektoreetan, hala nola sektore industrialean eta soziosanitarioan, sortzen duten inpaktua murriztu ahal izateko. 2020. urtean abian jarritako proiektua,  Eusko Jaurlaritzak (HAZITEK laguntza-programaren bidez) eta Europako Batzordeak (EGEF) finantzatzen dute. 

 

“ExOsasun Proiektua laneko ingurunean nahasmendu muskuloeskeletikoak murriztera bideratuta dago, exoeskeleto adimendunen eta pertsonalizagarrien ikerketaren eta garapenaren bidez.” 

 

EXOARMS

EXOARMS

Hauek dira proiektuan parte hartzen duten enpresak: GESTAMP GLA, Gogoa Mobility Robots, Ibermática, Ludus VR, STT Ingeniería y Sistemas, ZERMIK, i3B eta Tecnalia. Partzuergoaren buru IMQ Zorrotzaurre Klinika (Grupo IMQ) da, eta Osalan, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionala, Mutualia eta PESI (Industria Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoa) erakundeen kanpo-aholkularitza jasotzen du. 

Gogoa Mobility Robots enpresa arduratzen da exoeskeletoen diseinuaz eta fabrikazioaz. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) spin-off enpresa da Gogoa; Abadiñon (Bizkaia) dago, eta aplikazio klinikoetarako, industrialetarako eta kirol-esparrurako exoeskeletoak diseinatzen eta garatzen ditu, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Beheko gorputz-adarrak birgaitzeko exoeskeleto baten CE ziurtagiria lortu duen Europako lehen enpresa da. 

Juantxu Martín zuzendari teknikoak ExOsasun proiektua nola abiarazi zen eta proiektu horretan duen inplikazioa azaldu digu. 

 

Nola diseinatu eta fabrikatu dira nahasmendu muskuloeskeletikoei aurrea hartzeko exoeskeletoak? 

 

Lehenik, proiektuaren azken bi erabiltzaileen ohiko mugimenduak aztertu ziren: GESTAMP GLA enpresan (automobilgintzaren sektorea) laser bidezko ebaketa-makinen zamalanekin lotutakoak, eta IMQ Zorrotzaurre eta Virgen Blanca klinikak enpresan pazienteak lekualdatzeko lanekin lotutakoak. Bi eragiketa horiek oso ohikoak dira bi sektore horietan. 

 

Exoeskeleto adimentsu eta pertsonalizagarriei buruz ari gara. Zer irizpidek definitzen dute exoeskeleto baten pertsonalizazioa? 

Baztertu egin zen exoeskeleto aktiboak edo pasiboak erabiltzea, kasu batean (GESTAMP GLA) laneko espazio fisikoaren mugengatik, eta bestean (IMQ Klinikak) ikusmen-inpaktuagatik; izan ere, ingurune kliniko batean ez da oso egokia (exoeskeleto komertzialek, aktiboek zein pasiboek, egoera jakin batzuetan inbaditzailea izan daitekeen egitura mekanikoa dute). Irtenbide egoki bat lortzeko, GOGOAk “soft” motako exoeskeletoen bi eredu berri diseinatu eta garatu ditu, prototipo-mailan. 

 

Nolako ereduak garatu dituzue ExOsasun proiekturako? 

“Soft” exoeskeletoak arinak dira, ehunez eta elastomeroz soilik osatuta daude, eta, beraz, maila inbaditzailerik txikiena dute: Exoarm ereduak (GESTAMP GLA enpresan erabiltzeko) gerrialderako eta besoetarako euskarria du, eta Exosport ereduak (IMQ Klinikan erabiltzeko), gerrialderako eta hanketarako euskarria. 

“«Soft» exoeskeletoak arinak dira, ehunez eta elastomeroz soilik osatuta daude, eta, beraz, maila inbaditzailerik txikiena dute.”  

EXOSOFT

EXOSOFT

 

Nola bermatzen dira exoeskeletoen eraginkortasun klinikoa eta segurtasuna? 

Bi ereduak funtzionalki baliozkotu dira laborategian, eta funtzionamendu-baldintza errealetan baliozkotzen hasi dira, TRL6 heldutasun-maila lortzeko, maila teknologikoen balidazio-eskalaren arabera. TRL6 mailak esan nahi du produktua ingurune errealean eta funtzionamendu-baldintza errealetan baliozkotu dela, eta, beraz, industrializatzeko prest dagoela. 

Zein fasetan dago gaur egun ExOsasun proiektua? 

Proiektua aurtengo abenduaren 31n amaituko da. Laborategian baliozkotu ondoren, proiektuaren azken hilabete hauetan, probak lan-baldintza errealetan egingo dira azken bi erabiltzaileen kasuan (GESTAMP GLA eta IMQ Kliniketan), eta, behar izanez gero, azken doikuntzak egingo dira. 

 

IBERMÁTICA erakundeak ere hartzen du parte proiektuan. Horren helburu nagusia Big Datan eta Adimen Artifizialean oinarritutako tresna bat sortzea izan da, edozein lanposturen ergonomia automatikoki modelizatzeko gai izan dadin. Tresna horren helburu nagusia da lanpostu horietan lesio muskuloeskeletikoak izateko arriskua murriztea, langile eta lanpostu bakoitzaren azterketa xehatuak egin beharrik gabe: horretarako, Ibermáticak langilearen beraren informazioa jasotzen du denbora errealean, hala nola datu zinematikoak, giharrak aktibatzeko ereduak, etab. Informazio hori exoeskeletoaren bidez zein exoeskeletorik gabe jasotzen da. Lanpostuak hala eskatzen badu, langilearen inguruneari buruzko informazioa ere jaso daiteke, adibidez, lurrarekiko erreakzio-indarra. Informazio horrekin guztiarekin eta ergonomiako aditu baten ezagutza esplizituaren bidez, bai eta sistemak automatikoki ondorioztatutako ezagutzaren bidez ere, Ibermáticak epe laburrean, ertainean eta baita luzean ere lesio bat eragin dezaketen karga-egoerak zehaztu nahi ditu. 

Proiektu honen esparruan, LUDUS etxeak bere ekarpena egin du lan sorta guztietan, eta, batez ere, lanpostuen off-line erreprodukziorako azpiegitura teknologikoa sortzearekin eta errealitate areagotuko prototipo teknologiko bat sortzearekin lotutako zereginean, erabilera-kasuetan gidatu ahal izateko. Alde batetik, errealitate birtualeko sistema eta teknologia horretan oinarritutako ebaluazio- eta iragarpen-sistemaren osagaiak garatzeaz arduratu da. Bestetik, proiektuaren erabilera-kasuetan errealitate areagotuko aplikazioak garatzeko sistema bat sortu du, errealitate birtualeko sistemarako landutako biki digitaletik abiatuta eta erabilera-kasuetara bideratuta. Proiektu honen bidez, LUDUS etxeak hainbat lorpen egin ditu, eta errealitate birtualeko ingurune murgiltzaileetatik errealitate areagotuko aplikazioak arin garatzeko zerbitzu berri bat eskaintzeko gaitasuna du. 

 

TECNALIAren parte-hartzea, batez ere, Gogoak garatutako bi exoeskeletoak baliozkotzean oinarritu da, bai laborategiko baldintzetan, bai hurrengo asteetan eta ingurune errealean eta langile kopuru handiagoarekin egindakoetan ere. Lan horren ondorioz, exoeskeletoen ebaluazio aurreratua egiteko protokolo eta metodologia batzuk eskuratuko ditu, ikertutakoa etorkizuneko exoeskeletoen garapenetan aplikatu ahal izateko. 

Helburu hori lortzeko, Tecnaliak Ibermáticarekin lankidetzan jardun du, datuen analitika aurreratuko sistema bat garatzeko. Sistema horretan, EMG, EEG eta mugimendua jasotzeko sentsoreekin egindako laborategiko proba guztietatik jaso dira datuak, mugimendu-patroiak eta muskulu-aktibazioak detektatzeko, gure erabilera-kasuetan identifikatutako zereginetan exoeskeletoa erabiliz. Zermik etxearekin izandako lankidetzan, datuak modu masiboan biltzeko sistemak prestatu dira, eta Ludus etxearekin, berriz, agertoki birtualak eraikitzeko sistema bat garatu da, lanpostu industrialak azkartasunez egiaztatzeko. Azkenik, STTrekin ere lankidetzan aritu da, mugimendua atzitzeko eta jarrera aurreikusteko markatzailerik gabeko sistema bat garatzeko eta lanpostuen ebaluazio azkarra egiteko, instalazio gehigarrien beharrik gabe. 

 

ExOsasun proiektuak ondoko erakunde hauek osatutako aholkularitza-talde bat du: OSALAN, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionala, MUTUALIA eta PESI (Industria Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoa); erakunde horiek laneko arriskuen prebentzioaren azterketan eta aplikazioan esperientzia egiaztatua dute, eta proiektuko kide aktiboak dira. Honako ildo hauetan laguntzen dute:  

 

  • Partzuergoak garatzea erabakitzen duen proiektuaren ikerketa- eta garapen-estrategia berrikustea eta horri buruzko aholkularitza ematea, erakunde horiek laneko arriskuen prebentzioaren arloan gaur egun dituzten estrategietara egokitu dadin. 
  • Entregatzeko gaiak berrikustea eta zuzentzea, aurreko puntuaren ondorioz partzuergoak haien parte-hartzea garrantzitsutzat jotzen duenean. 
  • Proiektuaren parte-hartzea eta hedapena. 

 

Lotutako berriak

Mutualiaren titulartasuneko webgune honek soilik helburu teknikoa duten norberaren cookieak erabiltzen ditu, eta ez du erabiltzaileen izaera pertsonaleko daturik jasotzen ez lagatzen, horien baimenik izan ezean.

Nolanahi ere, hirugarrenen webguneetarako estekak daude, eta horiek ez dute zerikusirik mutualitate honen pribatutasun-politikekin; webgune horietara sartzean erabaki ahal izango duzu horiek onartu edo ez.

ONARTU

Gure COOKIEEN POLITIKA kontsultatu dezakezu, hemen klik eginez