2018/10/30
Beteragarritasunik al dago ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsio baten eta Europako herrialde batean sorturiko erretiroaren artean? Auzitegi Gorenak berriki emandako epaia hurbiltzen dizuegu.
Dauden pentsio-mota batzuen eta besteen arteko bateragarritasuna zalantza asko sortzen dituen gaia da, horren inguruan dagoen kasuistika eskerga dela-eta; hartara, bereziki interesgarria da, osoko bilkuran, Auzitegi Gorenak 2018ko ekainaren 29an emandako epai bat (698/2018), bateragarritasunik dagoen ala ez erabakitzekoa, ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsio baten eta Europako herrialde batean –Frantzian, kasu honetan– sorturiko erretiro-pentsio baten artean.
Lehenik eta behin, finkatu behar da ezbaia datzala ezintasun iraunkor osoko pentsio batetik ezintasun iraunkor oso eta kalifikatu batera igarotzeak dakarren gehikuntzan, haien esanahi, jatorri eta proiektatutako ondorioei dagokienez nahiz halakoak Europako beste herrialde batean sorturiko erretiro-pentsio batekin bateragarriak izateari dagokionez.
Prestazio iraunkorraren gehikuntzak dakarren osagarria Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 196.2 artikuluan dago jasota; haren bidez, adinarengatik, prestakuntza orokor edo espezializaturik ez izateagatik eta bizilekuarekin lotutako inguruabar sozial eta lanekoengatik, aurreko ohiko jardueraz bestelako batean enplegua lortzeko zailtasuna konpentsatu nahi da, hain zuzen. Horren inguruan dagoen doktrinak argi uzten du ezintasun iraunkor osoagatik prestazio ekonomikoa gehitzeak ez duela eragiten ezintasun-maila berri bat, aurretiaz zegoenaren bestelakoa, eta, hala, ezartzen du pentsioa zenbatekoan baino ez dela aldatzen, eta ez izaeran eta funtsean. Errealitatea da osagarri honen xedea dela bereziki ahultasun-egoera batean dauden pertsonen kolektibo bat babestea, alegia, 55 urtetik 65 urtera bitarteko langileena, ezintasun iraunkor osoko egoeran deklaratu, eta lehen zuten lanbidea ez den beste batean enplegua aurkitzea zail dutenean.
Aipatutako epaian egiten den analisiak erakunde kudeatzailearen uziari erantzuten dio, bateraezintasunagatik bidegabe deklaratu nahi baitzuen jasotzen ari zen ezintasun orokor osoko pentsio bati 55 urte betetzeak dakarkion gehikuntza, xedaturik baitago une horretan % 20ko gehikuntza aplikatzea, eskatzen diren gainerako baldintzekin batera, indarrik gabe utzita administrazioak erabilitako argudioa, hau da, % 20aren helburua desagertu egiten dela pentsioaren onuradunak erretiro-pentsio gisako konpentsazio ekonomiko bat jasotzen duenean, adinagatik lan-mundutik kanpo dagoelako.
Dioenez, osagarriaren helburua da ekoizpen-jarduera bat gauza lezakeen pertsonaren diru-sarrerak osatzea, jarduera hori gauza dezan, baina, nekez gerta daitekeenean; horrexegatik, etenda geratzen da onuradunak ekoizpen-jarduera bat aurrera eramaten ari den bitartean, eta, horren ondorioetarako, erretiro-pentsioa laneko irabaziak ordezteko diru-sarrera bat da, lan-jarduera gauzatzeagatik sorturiko langabezia-prestazio bat jasotzen duenaren parekotzat har daitekeena, eta, beraz, ez dira bateragarriak.
Bateragarritasunaren aldeko argudiaketa 883/2004 Erregelamendutik (EB) dator, (53.3.a) art.), non izaera bereko pentsioen arteko bateragarritasuna arautzen den, besteak beste, aipatutakoak; han ezartzen da EBko beste estatu batean eskuraturiko prestazioak kontuan hartu daitezkeela soilik legedi nazionalak xedatzen duenean atzerrian eskuraturiko prestazioak edo diru-sarrerak kontuan har daitezen, eta hori ez da jasotzen Espainiako arauetan.
Goi Auzitegiak aditzera ematen du irizpide-aldaketa bat dagoela, berariaz utzirik 2004-01-26ko bere epaian ezarritako doktrina bateratua lekualdatzeko irizpidea, Espainiako Gizarte Segurantzaren sistemaren beraren barruan erretiro-pentsioarekin batera osagarria ordaintzea bateraezina izateari dagokionez, kasuan Europako beste herrialde batek ordaindutako pentsio bat sartzen denean, ez baita gauza bera sistema berak bi prestazio ordaintzea (lehengo doktrina) eta gizarte-segurantzako bi sistemak ordaintzea, sistema bakoitzaren barruan eginiko kotizazioei soilik erantzuten diotenean (egungo doktrina) prestazio horiek ordaintzerakoan.
Irizpide-aldaketa horretan erabakigarriak izan diren gaien artean dago EBJAren 2018ko martxoaren 15eko Epaiaren ondoriozko doktrina, zeinek aditzera ematen duen bateragarritasunari buruzko arau nazional hertsiegien aplikazioa (murriztea, kentzea edo etetea) zorrotz eraentzeko xedapen batzuk ezartzeko beharra, langile migratzailea babesteko.
Epai hartan aztertu zen kasua gaur aipatzen dugunaren berdin-berdina da, eta, beraz, zuzen aplikatzekoa. Kasu hartan, langile bat Espainiako ezintasun iraunkor osoko pentsio baten titularra zen, eta pentsio hori kalkulatzeko Espainiako gizarte-segurantzako erregimenean eginiko kotizazioak baino ez ziren kontuan hartu; gainera, pentsioa jasotzeko eskubidea aitortu zion ebazpena betearazi zenean 55 urte baino gehiago zituenez, osagarri bat ezarri zitzaion, pentsioaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako arautzeko oinarriaren % 20koa. Adinera iritsi zenean, Suitzako gizarte-segurantzaren erretiro-pentsio bat lortu zuen, Suitzako gizarte-segurantzan eginiko kotizazioak kontuan hartuz eman zitzaiona. Erakunde kudeatzaileak osagarria kendu zuen, erretiro-pentsio batekin bateraezina zela iritzita.
Luxenburgoko Auzitegiak ondorioztatu zuen ezin dela ukatu, ezintasun iraunkor oso eta kalifikatu batean, osagarriaren bateragarritasuna beste Estatu batek ordaindutako erretiro-pentsioarekin, osagarria etetea xedatzen duen arau nazional bati helduz, hori murrizte-klausula bat litzatekeelako, Europako Erregelamenduan ezartzen den zentzuan.
Horrenbestez, izaera bereko pentsioak dira, baina bateragarriak, Espainiako legedian ez baitago berariazko araurik kontrakoa ezartzen duenik, azken hori 883/2004 Erregelamenduak (EB) ezarritako baldintza bat izanik.
María Urizar
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua