calendario it
Itzuli

EZINTASUN IRAUNKORRA BERRIKUSTEA, HURA AITORTZEN DUEN ADMINISTRAZIO-EBAZPENEAN EZARRITAKO EPEA BAINO LEHEN.

SALBUESPEN-KASUAK

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ezintasun iraunkorra aitortzeko ebazpen bat ematen duenean, zenbait aukera agertzen dira. Horietako lehenbizikoa da ebazpena behin betikoa ez izatea, eta, beraz, etorkizunean berrikusi ahal izatea, ebazpenean bertan ezarritakoaren arabera. Sensu contrario, gerta daiteke ezintasun iraunkorrari loturiko patologiak behin betikotzat jotzea, haien tasuna kontuan harturik, eta, ondorioz, ezintasun mailari mugarik gabe eustea.  

Artikulu honetan, lehenengo aukerari erreparatuko diogu; hau da, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak langile bati ezintasuna aitortzea, baina berrikusteko aukerarekin, epe jakin batekin hobera edo okerrera egin izanagatik. Epe hori aldatu egin daiteke, balorazio medikoaren txostenean ezarritako mugen arabera.  

Kasu honetan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren (GSLTB) 200.2 artikulua hartu behar da aintzakotzat. Haren arabera, edozein mailatako ezintasun iraunkorragatiko prestazioa ontzat ematen duen edo aldez aurretik aitortutako gradu bat berresten duen hasierako edo berrikusteko ebazpen orok berariaz ezarri beharko du zein epetatik aurrera eskatu ahal izango den prestazioa berrikusteko —okerrera edo hobera egin izanagatik—, betiere onuradunak ez badu bete erretirorako adin arrunta. 

Aipatutako manuak xedatzen duenez, epe hori loteslea da berrikuspena sustatzeko legitimazioa duten subjektu guztientzat, eta horren barruan sartzen dira bai erakunde kudeatzailea (GSIN), bai onuraduna bera, eta barnean sartzen dira, berebat, Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten mutuak edo enpresa arduradunak ere, kasuak hala eskatzen badu. 

Jurisprudentzia-doktrinak sendotu egin du lege-manu horren interpretazio hertsia; hala, adierazi du epe hori zehazteak galarazi egiten duela ezintasun iraunkorraren maila mugaeguna baino lehen berrikustea, eta, ildo horretan, ezinezkoa dela egun hori baino lehen ezgaitutako pertsonaren egoera baloratzea. 

Hori horrela, Auzitegi Gorenaren 2024ko otsailaren 6ko epaiak bateratu egin du horri buruzko doktrina, eta ondorioztatu du administrazio-ebazpenean ezarritako epea denbora-muga xedaezina dela, Administrazioa eta partikularrak lotzen dituena, eta, hortaz, bermatu egiten da onuradunaren segurtasun juridikoa. 

Hala ere, arauak berak bi salbuespen jasotzen ditu arau orokor horri loturik. Alde batetik, salbuespen horiek balizko diagnostiko-akats bati lotuak izatea; horren aurrean, noiznahi eska daiteke berrikuspena. Eta, bestetik, langileak lan-jarduerari ekiten dionean —dela bere kontura, dela besteren kontura—, eta horrek ere ahalbidetzen du aurretiazko berrikuspena, adierazitako epea igaro ez bada ere.  

Ondorioz, salbuespen-kasu horietatik kanpo, zuzenbidearen aurkakotzat jo beharko da ezintasun iraunkorraren maila aldez aurretik berrikusteko edozein ahalegin, urratu egiten baitu administrazio-ebazpenean ezarritako epearen izaera loteslea. 

GSINek ezintasun iraunkorreko ebazpenetan ezarritako berrikuspen-epea funtsezko elementua da administrazio-egintzan, eta eraginkortasun loteslea du eragile juridiko guztientzat. Horrek galarazi egiten du aldez aurreko berrikuspena, legez aurreikusitako salbuespenezko kasuetan izan ezik, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak finkatutako interpretazioari jarraikiz. 


David Erauskin Pérez


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua 

Lotutako berriak