balanza
Itzuli

Kaleratze bidegabea: ezin da amaitu behin-behineko betearazpenean

BIDEGABEKO KALERATZEA DEKLARATZEN DUEN PROZEDURA JUDIZIAL BATEAN, EZIN DA LAN-HARREMANA AZKENDUTZAT JO BEHIN-BEHINEKO BETEARAZPEN-FASEAN  

Bidegabeko kaleratzea deklaratzen duen epai irmo bat betearazten denean, lan-harremana azkendu ahal izango da langilea berriz hartzea ezinezkoa bada.  

Dena den, hori ezinezkoa da behin-behineko betearazpen baten aurrean egonez gero. Bidegabeko kaleratzea deklaratzen duen epai baten behin-behineko betearazpeneko gertakariaren esparruan, nahiz eta langilea berriz hartzeko benetako ezintasuna edo zailtasun objektiboak egon, epaiak betearazteko modalitatea behin-behinekoa denez, betoa jartzen zaio errebokatze-kasuan itzulezinak izan daitezkeen neurriak hartzeari. Kasu honetan, ordainsariari eutsi behar zaio, Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzeko Legearen 297.1 eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta langileak ez du izango enpresak langilea berriz hartzeko izan ditzakeen zailtasunen edo ezintasunaren ardura. 

Horri dagokionez, bidezkoa da Auzitegi Gorenaren (Lan Arloko Sala) ekainaren 26ko 648/2025 Epaia aipatzea. Entitate publiko batek bideak garbitzeko zerbitzu bat hartu zuen bere gain. Horren ondorioz, enplegatzaileak baja eman zion langile bati (bide garbitzeko zerbitzua ematen zuen ordura arte) eta entitate publikoak ez zuen subrogatu.  

Hala bada, langileak kaleratzeagatiko demanda jarri zuen. Epaiak kaleratzea bidegabekotzat deklaratu zuen, eta, horrez gain, enpresa enplegu-emailea langilea berriz hartzera eta izapide-aldiko soldatak ordaintzera kondenatu zuen. 

Behin-behineko betearazpenean, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak lan-harremana azkendutzat deklaratu zuen, eta enplegatzailea kalte-ordaina eta soldatak ordaintzera kondenatu zuen, irizten baitzion ezinezkoa zela langilea berriz hartzea, langilearen bizilekutik 135 km-ra zegoen zentro batera itzultzeko aukera baino ez zuelako eskaintzen enpresak. Langileak kasazio-errekurtsoa jarri, eta bertan alegatu zuen behin-behineko betearazpenean ezin dela lan-harremana azkendu, baizik eta ordainsaria mantendu behar dela zerbitzuak emateko betebeharrik gabe. 

Auzitegi Gorenak onartu egin du errekurtsoa, baliogabetu egin ditu Justizia Auzitegi Nagusiaren autoak, eta adierazi du, behin-behineko betearazpenean, ezin dela lan-harremana azkendu, fase horren behin-behineko izaerarekin bateraezina den neurri itzulezina ekarriko lukeelako. Salak azpimarratu du azkentzea behin betiko betearazpenean baino ez dela posible, eta, behin-behinekoan, enpresak ordainsaria eman behar diola langileari, nahiz eta zerbitzurik eman ez, baldin eta berriz hartzea ezinezkoa bada arrazoizko baldintzetan.  

Beraz, Justizia Auzitegi Nagusiaren epaitik Auzitegi Gorenaren epai irmora, langileak ordainsaria jasotzeko duen eskubidea aitortzen da, kosturik ezarri gabe. 

Cristina Cearra Guezuraga 


Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua      

Lotutako berriak