2017/06/29
Zalantzak sortu dira Bigarren B Mailako futbol-klubetako jokalari eta teknikoen enkoadratzearen inguruan egindako ikuskaritza jardunaren ondorioz, kirol-klubetako jokalari eta langileek izan behar duten kotizazio eta enkoadratzeari buruzko auzia sorraraziz.
Horri dagokionez, kirol-jarduera bat egiten dutenak egiten ez dutenetatik bereizi beharko dira lehenengo; izan ere, kirolaren praktikan jarduten direnak dira kirolari profesionalaren kondizioa duten bakarrak (ekainaren 26ko 1006/1985 Dekretuaren 1. eta 2. artikuluak).
Ondorioz, kirolaren praktikan jarduten ez direnek, hala nola mantentze-lanetako langileek, administrazioko langileek, materialaren arduradunek (Laneko Auzitegi Nagusiko 1983-11-16 epaia eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko 291/2994 erreguzko errekurtsoa), masajistek (Euskadiko JANeko 2004-11-20 epai soziala, 1636/2004 erreguzko errekurtsoa; Nafarroako JANeko 2004-10-20 erreguzko errekurtsoa 291/2004), fisioterapeutek (Andaluzia-Granadako JANeko 2010-12-22 epaia, 2643/2010 erreguzko errekurtsoa), medikuntzako langileek (Auzitegi Goreneko 1990-03-19 epaia), garbitzaileek (LANeko 1983-04-30 epaia), zelaiko zaindariek (LANeko 1986-01-09 epaia), beren zerbitzuak emateagatik kontratua izan ahal izango dute eta izan beharko dute, baina besteren kontura lanean ari diren langilegisa, gizarte-segurantzako erregimen orokorraren baitan.
Oinarri generiko hori gorabehera, aparteko aipua merezi dute entrenatzaileek eta teknikoek, lehiaketako egintzetan kirol-jardueraren zuzeneko garapenean parte hartzen dutelako era berean, nahiz eta ez diren zuzenean zelaian bertan aritzen.
Hala, Auzitegi Gorenak, prestatzaile fisikoei dagokienean, eta 1985-05-14ko epaian ezartzen denaren arabera, tekniko eta entrenatzaileei kirolari profesionalei aplikatzen zaien indarreko araudia aplika dakieke, egun indargabetua dagoen Kultura Fisikoari eta Kirolari buruzko Legearen (martxoaren 13ko 13/1980) 8. artikuluan ezarritakoaren arabera. Lege horrek tratamendu beraren baitan biltzen zituen kirolari profesionalak, teknikoak eta entrenatzaileak, beren gizarte-segurantzako enkoadratzeari zegokionez.
Ildo berberean ematen du epaia aipaturiko Auzitegi Gorenak beste epai batzuetan ere, hala nola 1997-12-05eko epaian (1997\9306 JB) (administrazioarekiko auzien 5142/1992 apelazio-errekurtsoa) edo 1994-03-02ko epaian (1994\1720 JB) (administrazioarekiko auzien 127/1990 apelazio-errekurtsoa), adibide batzuk aipatzearren.
Irizpide berari erantzuten dio Asturiaseko Auzitegi Gorenak, bere 2001-05-11ko epaian, eta baita Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak ere, 2005-07-11ko epaian, ezarriz entrenatzaileak (waterpolokoak, boleibolekoak, jauzilari profesionalenak eta behe-mailako kategorietako 7 eta 8 urteetako haurrenak), kirol-teknikariak, koordinatzaile teknikoak, bigarren entrenatzaileak eta ikuskatzaileak kirolari profesionalak direla , honakoa ulertuz: «arauen interpretazioa honakoen arabera burutu beharko da: aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitatearekin bat etorrita, nabaria izanik kirol-teknikari bati edo entrenatzaile bati dagokion jarduna, taldea osatzen duten jokalari guztiei dagokiena bezala, klubaren “kirol-proiektua” izendatutakoari estuki lotua dagoela, behar-beharrezko lana delarik helburuak bete ahal izateko, ez baita pentsatzekoa kirol-talde batek egoki funtziona dezakeela berau gidatzeko inor egon gabe, teknikoei egokitzen zaielarik ardura hori, zelaian bertan garatzen duten kirol-prestazioaren arduradun eta zuzendari diren heinean».
– Bigarrenik, kirolari profesionalen eta kirolari amateurren artean bereizi beharko da, lehenengoak gizarte-segurantzako erregimen orokorrean agertu beharko dutelako klubeko langile gisa, bigarrenen kasuan ez delarik halakorik eskatzen.
Ekainaren 26ko 1006/1985 Errege Dekretuaren 1. artikulua da bereizketa hori ezartzeko oinarrizko araua.
Arau horretan, aurrez ikusi bezala, kirolari profesionalaren kontzeptua definitzen da eta, era berean, profesionaltzat hartzen ez denaren definizioa ere ematen da, hau da, kirolari amateurrarena. Artikuluak ezartzen duenez:
«2. Kirolari profesionalak dira, izaera erregularrez ezarritako harreman bat betez, boluntarioki kirol-klub baten edo kirol-erakunderen baten antolakuntza eta zuzendaritzaren esparruaren kontura eta horren baitan kirolaren praktikan jarduten direnak, ordainsari baten truke.
Arau honen esparrutik kanpo gelditzen dira bere kirol-jardunetik eratorritako gastuen ordainketa baino jasotzen ez duten eta klubaren baitan kirolaren praktikan jarduten diren pertsonak».
Kirol-jardueraren esklusibotasunaren exijentzia jada alde batera utzi delarik (Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko 2010-03-18 epaia), figura bat (kirolari profesionala) beste figuratik (kirolari amateurra) bereizi ahal izateko oinarrizko datua ordainsariarena da; hortaz, kirolari profesionala izango da klubari edo kirol-elkarteari praktika horregatik egiten dion ekarpenagatik ordainsaria jasotzen duena, eta kirolari amateurra izango da kirol-jarduera horrek sortzen dizkion gastuengatik ordainketa bat baino ez duena jasotzen.
Hori horrela izango da, nahiz eta kirolariak edo klubak, edo biek, kontrakorik esan eta nahiz eta futboleko jardunaren baitan «Futboleko Liga Profesionala» deitutakoa 1. eta 2. A mailako lehiaketetara mugatua egon (uztailaren 16ko 1251/1000 Errege Dekretuaren 5. xedapen gehigarria), garrantzitsua eta erabakigarria delako errealitatean soldata-ordenako ordainsaria jasotzen den edo ez edo kirol-jardueraren ondorioz sortutako gastuen konpentsazioa den edo ez, gauzak direna direlako, eta ez horietaz esaten dena (Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko 2010-03-18 epaia, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiko 2007-05-16 epaia, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko 1999-05-25 epaia eta Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiko 2009-12-16 epaia).
Arazoa sortzen da jasotzen den zenbatekoa ordainsaria den edo jarduera-gastuengatik egiten den ordainketa den ezarri behar denean.
Determinazio hori egiteko, ordainketaren kontzeptura jo daiteke, jardueraren ordainketa-gastuei desplazamenduak (bidaiak), ostatu hartzea, jatekoa, ekipamendua eta lizentziakdagozkielarik. . .
Halaber, nahiz eta kontzeptu horiek zehazten ez diren, ordaindutako zenbatekoa jardueraren garapenean gertatutako gastuekin proportzioan badago, gastu horien ordain gisa hartu ahal izango da.
Auzitegiek, kasu batzuetan, zenbatekoak lanbide arteko gutxieneko soldataren kopurua gainditzen duen edo ez ezartzen dute irizpide gisa, honakoa adieraziz: kirolari profesionala izango da zenbateko hori gainditzen badu (Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko 2007-02-20 epaia, Extremadurako Justizia Auzitegi Nagusiko 2005-06-10 epaia eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko 2004-12-21 epaia).
Ikus dezakegunez, kasu bakoitzaren inguruabarrak aldakorrak izan daitezke, eta, hori dela eta, kasu zehatz bakoitzeko kasuistika eta baldintzak hartu beharko dira aintzat, kontzeptu bat edo beste dagokion zehazteko.
Ondorioz, kirolariari ordaintzen zaion zenbatekoa kirol-jarduerak eragiten dizkion gastuekin bat badator edo horiekin proportzioa gordetzen badu, kirolari amateur baten aurrean izango gara, A lizentziarekin, eta ez zaio gizarte-segurantzako erregimen orokorrean altarik tramitatu beharko; kontrara, zenbatekoak jardueraren gastu-ordainketaren kontzeptu hori gainditzen baldin badu, ordainsari gisa hartuko da eta kirolari profesional baten aurrean aurkituko gara, gizarte-segurantzako erregimen orokorrean alta eman beharko zaiolarik. Guzti hori emandako izena kontuan hartu gabe eta Futbol Ligan edo Bigarren B Mailan jolasten duen kontuan hartu gabe egingo da.
Pedro Fraile. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua