2019/09/19
Planteatzen den auzia langileari kontribuzioko langabezia-prestaziorik badagokion edo ez argitzean datza, borondatezko eszedentzia-aldia amaitu ondoren enpresan berriro sartzea eskatzen badu eta enpresak onartzen ez badu, esanez betetzeko posturik ez dagoela.
Langileak helegitea aurkeztu zuen erabakiaren aurka, judizialki bidegabeko kaleratzea adostu zela argudiatuz, eta zegokion kalte-ordainerako eskubidea zuela.
Planteatzen zaigun galderari erantzuteko, lehenik eta behin, egoera horretan langabezia-prestazioa badagokion aztertu behar dugu, eta horretarako eskakizun guztiak betetzen dituen; prestazio horretarako eskubidea izateko eskakizunetako bat da, hain zuzen, Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.
Jurisprudentzia-irizpidearen barnean, borondatezko eszedentzia-egoeran, eta norberaren intereserako enpresatik bereizte gisa ulertuta egoera hori, jotzen zen lanean berriro onartzeko aukera itxaropen hutsa zela; irizpide hori gaindituta, eta kontuan hartuta egoera horretan, egiaz, ez dela lanpostua galtzen, enpresak lan-harremana amaitutzat ematen duenean kaleratzearen ondorioak finkatzeko orduan, egin daitekeen bakarra da lana utzi zuen unean zegoen egoerara itzularaztea eszedentziadun langilea, edota dagokion kalte-ordaina ordaintzea.
Auzitegi Gorenaren 2019-03-14ko epaiak, 2785/2017 Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoan (DBKE) emandakoak, gogora dakar Auzitegi Gorenaren Salako osoko bilkuraren epaia, 2011-11-19koa, DBKEn emana, hauxe baitio: eszedentziadun langilea berriro hartzeko betebeharra betetzen ez duenean enpresak, ondorioa da berriro hartu ez den eszedentziadun langilearen egoera eta bidegabeki kaleratutako langilearena parekoak direla; eta, beraz, egoera horietan, langileak langabezia-prestaziorako eskubidea izango du.
Orduan, kontua da zehaztu beharra dagoela betetzen ote diren prestazioa jasotzeko eskakizun guztiak, eta, besteak beste, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenean, 266. artikuluan biltzen dira eskakizun horiek; horrez gain, kontuan hartu behar da lege-testu horretan bertan, 281. artikuluan, zer esaten den prestazioetarako eskubidearen automatikotasunaz, eta erantzuna, nahitaez, 2019-03-14an Auzitegi Gorenaren epaian adierazitakoa izango da.
Enpresak eszedentziadun langilea berriro hartzeko betebeharra bete ez duenez eta langile horren egoera bidegabeki kaleratutako langilearen parekoa denez, enpresak Gizarte Segurantzan alta emanda eduki behar zuen langilea, berriro hartzeko betebeharra zuen egunetik kaleratzearen ondorioei zegokien datara arte, eta, horren ondorioz, langileak eskubidea du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda egoteko, eta eskubidea du, halaber, Zerbitzu Publikoak prestazioa ordain diezaion, enpresaren kontra abiaraz ditzakeen egintzak gorabehera.
Raquel Martínez Mutualiako aholkulari juridikoa