AUZITEGI GORENAREN EPAIA, LAN ARLOKO SALARENA, 2025EKO UZTAILAREN 15EKOA (doktrina bateratzeko 3387/2023 kasazio-errekurtsoa)

Auzitegi Gorenaren (Lan Arloko Sala) 2025eko uztailaren 15eko epaiak (3387/2023 kasazio-errekurtsoa) berretsi eta argitu egiten du, lan-kontratutik eratorritako akzioen preskripzioaren arloan, adiskidetze-idazkia eta, ondoren, atzera egiteagatik amaitzen den demanda bat aurkeztuta, eten egiten dela Langileen Estatutuaren 59. artikuluan xedatutako urtebeteko preskripzio-epea.
Auzigaia zen zehaztea ea, erreklamazio estrajudizial bat (adiskidetze-idazkia) eta, ondoren, atzera egiteagatik (edozein arrazoirengatik ulertzen da) amaitzen den demanda judizial bat aurkeztuta, preskripzioaren etendura-ondorioari eusten zaion uzia ebazpen judizialaren zain dagoen denbora osoan, edo, aitzitik, preskripzio-epea berriro hasten den lehen erreklamazio estrajudizialetik aurrera, ondorengo prozesu judiziala kontuan hartu gabe.
Auzitegi Gorenak ebazten du lan-akzioen preskripzioa eten egiten dela, bai adiskidetze-idazkia aurkezteagatik, bai demanda aurkezteagatik, eta entendura-ondorio horri eutsi egiten zaiola uzia ebazpen judizialaren zain dagoen denbora osoan, baita prozesua berariaz edo isilbidez atzera egiteagatik amaitzen bada ere, akzio-erreserbarekin edo gabe. Ondore horietarako, Auzitegi Gorenak xedatzen duenaren arabera, prozesuan atzera egiteak prozesuari jarraitzeari uko egitea besterik ez dakar, baina akzioa bere horretan uzten du, eta, beraz, akzioa bizirik mantentzen da eta berriro egikaritu daiteke.
Doktrina horren oinarria Kode Zibilaren 1973. artikuluan dago —horren arabera, preskripzioa erreklamazio judizial edo estrajudizial bidez eten daiteke—, bai eta lan-eremuan langilearen alde egiten den preskripzioaren interpretazioan ere. Auzitegi Gorenak azpimarratzen du preskripzioa modu murriztailean interpretatu behar dela, eta etendura onartu egin behar dela, interesdunak eskubidea gordetzeko borondatea duela erakusten duten egintzak egiten baditu.
Horrela, adiskidetze-idazkia eta, ondoren, demanda bat aurkezten direnean, eta demandatuak erreklamazioaren berri duenean, etendura-ondorioak bere horretan jarraituko du uzia ebazpen judizialaren zain dagoen denbora guztian, nahiz eta prozesua atzera egiteagatik amaitu. Preskripzio-epea atzera egiten denetik hasiko da zenbatzen berriro, eta beste erreklamazio batzuk egin ahal izango dira epe osoa igarotzen ez den bitartean.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
