conducir en otoño
Itzuli

LANERA ITZULTZEA: LANERAKO BIDEA ERE LANEKO ARRISKUA DENEAN

 

Irailean oporrak amaitzen dira eta errutinara itzultzen gara. Milaka langilek bide berbera hartzen dute goizero-goizero, haien lanpostuetara heltzeko, maiz presaka, «opor osteko sindromea» oraindik ere sumatzen dutela eta zenbait astez normaltasunez erabili ez diren ibilgailuekin. Gauzak horrela, lanera desplazatzen den edozein pertsonarentzako gakoa den kontzeptu bat gogoraraztea komeni da: in itinere istripuak. 

Zer dira in itinere istripuak? 

In itinere istriputzat hartzen da langileak lantokira joatean edo handik itzultzean izaten duena, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira: ohiko ibilbidean gertatzea, lanekoak ez diren arrazoi pertsonalengatik eten esanguratsurik edo desbideratzerik ez gertatzea, eta erabilitako garraiobidea arrazoizkoa eta ez-arriskutsua izatea. Legeak lan-istripuarekin parekatzen du, eta ondorio berak ditu prestazioei dagokienez, nahiz eta gertakaria enpresaren instalazioetatik kanpo eta lan-ordutegitik kanpo gertatu. 

Figura hori misioko istripuetatik bereizten da, hau da, langilea bere lan-jarduera ohiko lantokitik kanpo garatzeko lekualdatzen denean gertatzen den istripu-motatik (bezero bat bisitatzea, beste egoitza batera joatea, lan-bidaia bat). Biak hartzen dira lan-istriputzat legezko ondorioetarako, baina egoera desberdinei erantzuten diete: bata lanera joateko eta itzultzeko bidea da; bestea, lanaldiaren beraren parte den joan-etorria. 

Zergatik da iraila hilabete arriskutsua? 

Uda ostean jarduerara itzultzeak lan-ibilbideetako istripu-tasa handitzen duten hainbat faktorerekin bat egiten du. Aldi berean itzultzen dira langileak lanera eta hasten da ikasturtea eta, egoera horretan, trafikoa modu orokorrean areagotzen da, oporretan egindako bidaien nekea metatzen da, atseden-asteen ostean zenbaitetan gidatzeko ohitura galduta izaten da eta lehen egunetan erritmoa azkartzeko joera egoten da, berandu ez iristeko. Horiek dira, besteak beste, udako oporren bueltan urtez urte gertatzen diren egoerak. Horri gehitu behar zaio ibilgailu askok ohi baino kilometro askoz gehiago egin dituztela udan, eta ez direla beti behar bezala ikuskatzen eguneroko erabilerari berrekin aurretik. 

Arriskua murrizteko gomendio eta estrategiak 

  • Ibilbidea denboraz planifikatzea Behar adina denboraz irteteak presaka ibiltzea ekiditen du eta hori da, hain zuzen ere, segurtasunez gidatzearen etsai nagusia. 
  • Errutinara itzuli aurretik, ibilgailua ikuskatzea. Pneumatikoek, balaztek, likido-mailek eta argiek egoera onean egon behar dute oporraldiaren ondoren. 
  • Beharrezkoak ez diren desbideratzeak saihestea. Gogoan izan ibilbidean justifikaziorik gabeko etenaldiak egiteak in itinere istriputzat hartzea galaraz dezakeela, legezko ondorioetarako. 
  • Atsedena zaintzea. Oporretatik itzuli ondorengo nekeak berarekin ekartzen ditu erreakzio-denbora murriztea eta arreta galtzeko arrisku handiagoa. 
  • Alternatiba seguruak sustatzea. Garraio publikoak, auto partekatuak edo mugikortasun aktiboak (bizikleta, patinetea araudiarekin) arriskua gutxitu dezakete kasu bakoitzaren arabera. 
  • Saihestu gailu elektronikoak erabiltzea gidatzen duzun bitartean. Mugikorrean “ez molestatu” modua aktibatzeak edo eskuraezin uzteak asko murrizten du distrazio-arriskua, eta hori da, hain zuzen, zirkulazio-istripuen lehen kausa. 
  • Sarrera-orduak mailakatzea, posible denetan. Enpresek oporretatik itzultzeko ordutegi malguak ezar ditzakete, zirkulazio handiko uneak saihesteko eta ordurako iristeko presioa murrizteko. 
  • Gidatzeko modua eguraldira moldatzea. Irailean lehen euriak izaten dira, asfaltoan koipea eta hautsa metatzea eragiten duen uda lehorraren ondoren. Ondorioz, labaintzeko arrisku handiagoa egoten da, eta, halaber, balaztatze-distantziak nabarmen egiten du gora. 
  • Enpresak langileak prestatzea eta informazio egokia eskaintzea. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko hitzaldietan errepideko segurtasuna ere jasotzea eta in itinere istripuen kasuan jarraitu beharreko prozedura gogoraraztea. 
  • Ibilbide eta garraiobide alternatiboak erabiltzeko aukera baloratzea. Distantziaren, segurtasunaren eta errepidearen egoeraren araberako aukerak konparatzea (autoa, garraio publikoa, bizikleta) lagungarria izan daiteke ohiko ibilbidean segurtasuna hobetzeko. 
  • Medikazioaren eraginpean ez da gidatu behar, gidatzearen gainean sor litezkeen arriskuen inguruko informazioa jaso gabe aldez aurretik. Tratamendu-prospektuak aztertzea, oso ohikoak iruditzen bazaizkigu ere, batzuek gidatzean erreakzio-gaitasunari eragiten baitiote. 

Joan-etorriko ibilbidea lanaldiaren zati bat da prebentzio-ondorio guztietarako, eta hori zaintzea gidari eta enpresa guztien erantzukizuna da, modu eraginkorrean parte hartu behar baitute, adibidez, bide-segurtasunaren kultura sortuz eta laneko arriskuak prebenitzeko planetan integratuz.  

Iraila garai berezia da eta, horregatik, une ona da langileen artean mezuok indartzeko. 

 

Lotutako berriak