
«Mutualitateen Legea» delakoa 2015eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, eta bere helburuetako bat zen norberaren konturako langileek jarduera uztearen prestazioa eskuratzeko baldintzak malgutzea; izan ere, kolektibo horretako elkarteek kexak egiten zituzten behin eta berriro, zailtasun handiak zeudelako prestazioa eskuratzeko, eta ordura arte aitortutako prestazioen ehunekoa oso baxua zelako.
Legeak sartutako aldaketen ondorioak nabarmenak dira, aitortutako eskaeren ehunekoa % 30 baino gehiago igo baita: 2014an, aitortutako eskaerak % 33 ziren, eta, 2015ean, % 43. Eta 2016ko lehen hiruhilekoa aztertzen badugu, ikusiko dugu onartutako eskaeren ehunekoa % 47ra arte hazi dela mutualitateen sektorean, eta % 57ra arte Mutualiaren kasuan.

Lehen adierazi dugun bezala, arautegi berriaren bidez, erraztu egin da norberaren konturako langileen kolektiboak prestazioak eskuratzea. Ondorengo aldaketak nabarmenduko ditugu, ordutik aurkeztu diren eskaeren gehiengoari aplikatzekoak baitira:
Lehen, urte osoko galera ekonomikoak epe berean lortutako diru-sarreren % 30 baino handiagoak izan behar ziren, jarduna hasitako lehen urtea kenduta. Orain, aldiz, nahikoa da diru-sarreren % 10 baino handiagoak izatea.
Ekonomikoki mendekoak diren langile autonomoek (EMLA) jarduera uztearen prestazioa eska dezakete aitorpen hori izan ez arren; betiere, haien jardunak kolektibo horretarako ezarritako baldintzak betetzen baditu: egiaztatzea gutxienez diru-sarreren % 75 bezero bakar baten mende daudela, ez duela besteren konturako langilerik, ez duela jarduera azpikontratatzen, produkzio-azpiegitura propioa duela, etab.
Gogora dezagun langile autonomoek jarduera uzteagatiko babesak bi prestazio mota biltzen dituela:
- Prestazio ekonomikoa, jarduera erabat eta ez-borondatez aldi baterako –kasu zehatz batzuetan– edo behin betiko uzteari dagokiona.
- Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntengatik kotizazioa ordaintzea, prestazio ekonomikoa jasotzen den bitartean.
Bi kasuetan, jarduera uzten den hilabetearen hurrengoko lehen egunetik egingo da ordainketa, eta horren iraupena Gizarte Segurantzari estaldura horrengatik kotizatutako hilabete-kopuruaren araberakoa izango da. Horrez gain, 60 urte baino gehiagoko eskatzaileei hobari gehigarria emango zaie; hala, kotizazio-epea berdina izanda ere, iraupen luzeagoa izango du haien prestazioak.
Mutualiaren kasuan, jarduera uztearekin lotuta aitortutako espedienteen batez besteko iraupena ia 11 hilabetekoa da gaur egun, gehiengoa 12 hilabete izanik.


Zenbat gehiago kotizatu behar da jarduera uzteagatiko prestaziorako eskubidea izateko? Ondorengo taulan, hainbat adibide ageri dira: kotizazio-oinarria, langile autonomoak jarduera uztea estaltzea aukeratzekotan izango lukeen kuota gehigarria, eta prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzekotan eskuratu ahal izango lituzkeen prestazio ekonomikoak. Gainera, kontuan izan behar da estaldura hori aukeratzen bada, Gizarte Segurantzari ordaintzen zaizkion kontingentzia arruntengatiko kuotak % 0,5 murrizten direla.
| KOTIZAZIO-OINARRIA |
JARDUERA UZTEAREN KUOTA |
SEME-ALABAK ARDURAPEAN EZ DITUZTENENTZAKO PRESTAZIOA |
SEME-ALABA 1 ARDURAPEAN DUTENENTZAKO PRESTAZIOA |
KONTINGENTZIA ARRUNTENGATIKO KOTIZAZIOA |
| 893,10 € | 19,65 € | 625,17 € | 664,75 € | 266,14 € |
| 1.067,40 € | 23,48 € | 747,18 € | 747,18 € | 318,09 € |
| 1.964,70 € | 43,22 € | 1.087,21 € | 1.242,52 € | 585,48 € |
| 3.642,00 € | 80,12 € | 1.087,21 € | 1.242,52 € | 1.085,32 € |
