Itzuli

LANGILEEN ESKUBIDEEN KONTRAKO DELITUAK ETA PERTSONA JURIDIKOEN ERANTZUKIZUNA.

Auzitegi Gorenaren Zigor Arloko Salak, 2017ko otsailaren 23an, epaia eman zuen (1916/2016 zenbakidun kasazio-errekurtsoa). Bertan langileen eskubideen kontra pertsona juridiko batek egindako delituari buruzko epaia eman zuen (BIGARREN zuzenbideko oinarria).

Zehazki, Zigor Kodearen 318. artikulua aztertu zuen. Horren arabera: «Titulu honetako artikuluetan ezarritako egitateak pertsona juridikoei eratxikitzen zaizkienean, adierazitako zigorra administratzaileei edo zerbitzuaz arduratzen direnei ezarriko zaie, egitate horien ondorioz erantzule izan badira, bai eta egitate horiek jakinda, eta konponbidea bila dezaketelarik, neurririk hartu ez dutenei ere. Kasu horietan, autoritate judizialak, gainera, Kode honen 129. artikuluan aurreikusitako neurriren bat edo batzuk dekretatu ahal izango ditu»

Azterketaren helburua zen erabakitzea ea 318. artikulu hori (eta beraz, Zigor Kodeko XV. Tituluan dauden mota penal guztiak –langileen eskubideen kontrako delituak–) pertsona juridiko batek eginak izan ote daitezkeen, Zigor Kodearen 31.bis artikuluaren arabera (pertsona juridikoen erantzukizun penalaren araudi berria 5/2010 eta 1/2015 Lege Organikoetan)

Auzitegiak gogora ekarri zuen 318. artikulu horrek 11/2003 Lege Organikotik indarrean dagoen testua dakarrela, 5/2010 Lege Organikoaren bidez, beste mota penal batzuetarako, pertsona juridikoen erantzukizun penala ezarri aurrekoa.

Aipatutako epaiak baieztatzen zuen, Zigor Kodearen 31.bis eta ter artikuluen arabera, langileen eskubideen kontrako delitua ezin duela, berez, pertsona juridiko batek egin, ez baitu Zigor Kodeak berariaz jasotzen.

Hala ere, aipatutako 129. artikuluak Epaileari edo Auzitegiari aukera ematen dio kasu horietan, modu arrazoituan, enpresei, erakundeei, taldeei, entitateei edo elkarteei (barruan edo horien laguntzaz edo horien bidez egindako delituen kasuan), -auziaren instrukzioa egin bitarteko kautelazko neurri gisa ere-, honako neurri hauek ezartzea (Zigor Kodearen 33.7. artikuluko c)-tik g)-rako letretan aurreikusiak):

–          haien jarduerak 5 urtera bitartean etetea,

–          lokalak eta dendak 5 urtera bitartean ixtea,

–          etorkizunean, 15 urtera arte, jarduerak egitea debekatzea, baldin eta horiek egitean delitua egin, hari lagundu edo hura estali bada,

–          sektore publikoarekin kontratatzeko diru-laguntzak eta laguntza publikoak lortzeko eta onura eta pizgarri fiskalak edo Gizarte Segurantzaren onura eta pizgarriak izateko gaitasunik gabe uztea, 15 urtera bitartean,

–          edo judizialki ikuskatzea, langileen edo hartzekodunen eskubideak babesteko, 5 urtera arte.

Beraz, nahiz eta Zigor Kodearen XV. Tituluko –311. artikulutik 318. artikulura– langileen eskubideen kontrako delituak ezin duen, berez, pertsona juridikoaren erantzukizun penalerako aukera eman, zigorra pertsonalki delitua egindako administratzaileei esleitzeko aukera jasotzen du, eta gainera, hari jada deskribatutako Zigor Kodearen 129. artikuluko neurri batzuk ezartzea aurreikusten du.

  Jose Angel Moral. Mutualiako aholkularitza juridikoko abokatua

Lotutako berriak